BIZITZAN KOKATZEKO ARRISKUA (Mateo 17-01-09)
Jesusen Antzaldatzea A 2017-08-06
Goiz edo berandu, bizitzan kokatzeko arriskua bizi ohi dugu, lasai bizitzeko bidea emango digun babesleku erosoa bilatuz, ezustekorik eta gehiegizko kezkarik gabe, beste edozein ametsi uko eginez.
Lanbidean arrakasta mailatxo bat eskuraturik, familia bideraturik eta etorkizuna, hein batean, segurtaturik dugula, erraz uzten diogu konformismo eroso bati bere sarean harrapa gaitzan, bizitza erarik gozoenean bizitzeko aukera emango digunari, alegia.
Girorik atseginena eta onargarriena bilatzeko unea izan ohi da. Giro zoriontsu batean erlaxaturik bizitzeko unea. Etxea babesleku bihozkoi bihurtzeko unea, irakurri eta musika ona entzuteko txoko bihurtzeko unea. Opor on batzuez gozatzeko unea. Asteburu atsegingarri batzuk segurtatzeko unea…
Baina, sarritan, orduantxe aurkitzen du pertsonak, beste inoiz baino erarik argiagoan, zoriontasuna ez datorrela bat ongizatearekin. Bizitzan zerbait falta izaten dugu, hutsik edo aserik gabe uzten gaituena. Diruz erosi ezin den zerbait da, bizitza eroso batek segurtatzen ez digun zerbait. Besterik gabe, poza falta izaten dugu, gainerakoen arazoekin eta premiekin dardarazten denaren poza, premia dutenekin solidario sentitzeko gai denaren poza, gizarteak tratu txarra ematen dio jendearekin hein batean bizitzeko gai denaren poza.
Baina bada, gainera, kokatzeko beste era bat ere, «kristau-ukituekin» faltsuki indartu nahi izaten dena. Pedroren betiko tentazioa da, fededunok beti gainean zelatan duguna: «mendi gainean kanpadendak eraikitzea». Hau da, erlijioan bilatzea geure barne ongizatea, elkar bizitza gizakoiago bat bilatzeko geure erantzukizun pertsonal eta taldekoiari uko eginez.
Eta, halere, argia da Jesusen mezua. Eskakizun erlijioso bat ez da benetan kristaua, baldin eta anai-arrebengandik isolatzen bagaitu, baldin eta bizitzan eroso kokatzen eta premiarik handiena dutenengandik urruntzen bagaitu.
Jesusi entzuten badiogu, geure konformismotik irtetera gonbidaturik sentituko gara, agian eroso kokaturik gauden biziera egoista etetera gonbidaturik, eta geure gizartean ezinduenak direnengandik datorkigun interpelazioari arretatsuago bizitzen hastera gonbidaturik.
Jose Antonio Pagola