URTEKO 17. IGANDEA C (2019-07-28)

SARRERA

Senideok, bi irakurgaiak ─lehena eta ebanjelioa─ eskari-otoitzaz mintzo zaizkigu. Autore bat hau esateraino iritsi da: Biblian eskari-otoitza bakarrik ageri dela. Dudarik gabe, gehiegi esatea da hori; izan ere, adorazio- eta gurtza-otoitza ere ageri da, baita esker onaren otoitza ere. Halere, egia da, Biblian garrantzi handia ematen zaio eskari-otoitzari. Horren lekuko dira gaurko bi irakurgai hauek.
Eta gure artean eskari-otoitza egiten dugu gehiena. Baina arazoa ez da hori. Zer eta nola eskatzen dugun da arazoa. Galdera, beraz, honako hau da: zer eskatzen dugu eskari-otoitza egiten dugunean? Askotan, segur aski, ez dugu eskatzen bete dadila Jainkoaren nahia; ez dugu eskatzen egoera jakin batean gehiena komeni zaiguna. Askotan, aitzitik, behar dugula uste dugun hura eskatzen dugu. Jaunak esan digu arren eta arren eskatzeko; baina eskatzeko Espiritu Santua.

LEHEN IRAKURGAIA Hasiera liburutik (18,20-32)

Eder-ederra da entzungo dugun Hasiera liburuko pasarte hau. Hiri bateko jende guztiaren bizitzaz arduratzen da Abraham.
Bi alderdi azpimarratu beharko genituzke. Batetik, jendetza osoaz arduratzen da; baita hirian gaizkiletzat jotzen dituenez ere. Bestetik, Jaunarekin mintzo da, tratulari batek egingo lukeen bezala. Tratuan ariko balitz bezala ageri da Abraham. Jaunarekiko konfiantza osoa ageri da hor.
Honek guztiak gizakien arteko zuzenbideaz gogoeta egitera eraman beharko gintuzke geu ere: gure munduan, zenbat eta zenbat errugabe zigorturik, tratu txarra jasaten, baita hiltzen ere, susmo hutsarengatik askotan! Barkatu, Jauna, gure bekatua.

BIGARREN IRAKURGAIA Kolosarrei egindago gutunetik (2,12-14)

Paulok Kolosasko kristau-elkarteari egindako gonbita da. Esaten die, ez kasurik egiteko Kristorena ez den irakaspenari. Kristoren lehentasuna azpimarratu nahi du Paulok.
Gaurko pasarte honetan, berriz, bataioaz mintzo zaigu. Lehen kristauek bataio-pontea hilobia izango balitz bezala hartzen zuten: hartan Kristorekin hilobiratuak izango ginateke. Bataioaren bidez, Kristoren heriotzan eta piztueran parte hartu dugu. Parte hartze hori ez da bihar eguneko gauza; baizik eta gaur-gaurkoa da. Kristoren Gurutzean eta Piztueran, bekatua gainditua izan dela agertu zaigu; bekatuaren bidez Jainkoagandik aparte bizi baginen, urruntasun hura desegina gertatu da. Bizia ekarri digu Kristok. Zer, eta bizia, senideok!

EBANJELIOA San Lukasen arabera (11,1-13)

Gaurko ebanjelioaren ardatza otoitza da. Hiru osagai ditu: batetik, «Gure Aita» otoitza; bigarren, goizeko ordu txikietan adiskide batengana ogi eske doan adiskide desordukoa; hirugarren, Jesusek egiten digun erregua otoitz egiteko.
Lehenik, ikasleen eskaria Jesusi. Hau otoitzean ikusirik, inbidia sartu zaie, eta otoitz egiten irakasteko eskatu diote. «Gure Aita» horretan, punturik nagusiena «Aita» hitza da; judu bati ez zion emango buruak Jainkoari Aita esatea. Eta guri? Jakina, gainerako eskariak ez dira alde batera uztekoak. Esaterako, «etor bedi zure Erreinua» esatean, geure buruari agintzen ari gara: mundua hobetzeko ahalegina egiteko.
Bigarren zatian, otoitzean iraupentsu izatea azpimarratu du Jesusek. Aspertu gabe otoitz egitea.
Hirugarrenean, konfiantza osoa eskatzen digu. Jainkoak ezin egin dio ezentzunarena konfiantzaz eskatzen dionari. Dudarik gabe emango digu, ez edozer gauza, baina bai bere Espiritua. Eta Espirituarekin batean, behar duguna lortzeko indarra.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Egizu, Aita, izan gaitezela on-onak bata bestearekiko; egizu, izan dezagula gustuko gauza, batak besteari laguntzea, batak bestea zorionekoago egitea. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gogoan izan, Aita, gaixoak; batez ere, geure familiakoak eta geure parrokiakoak; geure bisitaren eta arretaren bidez, lagundu diezaiegula beren sufrimendua jasaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Eman, zeruko Aita, bakea gerran bizi diren herrialdeei. Egizu, gobernuak saia daitezela gatazkak konpontzen, hurbiltasuna adierazten duten hitzez eta keinuez. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Zeruko Aita, hemen bildu garenon alde. Egizu, utzi dezagula alde batera geure epelkeria, eta saia gaitezen Ebanjelioa aintzat hartzen. Eska diezaiogun Jaunari.