URTEKO HAMAZAZPIGARREN IGANDEA C
Lehen irakurgaia

( Abrahamek kondenatua den hiriarentzat otoitz egiten)
Hasiera liburutik 18, 20-32

Abrahamen hiru bisitariak Zodomarat abian ziren.
20 Jaunak erran zuen:
“ Izigarria da Zodoma eta Gomorraren kontrako oihua,
eta zein handia hiri horien bekatua.
21 Jautsiko naiz eta ikusiko dut egia ala gezurra den:
gezurra bada, onartuko dut.
22 Bi gizonak joan ziren Zodomako alderat;
Abraham, berriz, Jaunaren aitzinean xutik gelditu zen.
23 Hurbildurik, erran zuen:
“ Zinez zuzena ere galdu behar ote duzu bekatariarekin batean?
24 Beharbada, badira berrogeita hamar gizon zuzen hirian?
Horiek ere galdu behar ote ditutzu?
Ez ote diozu barkatuko hiriari berrogeita hamar zuzenengatik?
25 Otoi, otoi, ez horrelakorik!
Zer? zuzena bekatariarekin hilarazi,
zuzena bekataria bezala erabili? zer izigarrikeria!
Lur guziaren jujeak ez ote du zuzenki jujatuko?”
26 Jaunak ihardetsi zion:
“ Zodomako hirian berrogeita hamar zuzen aurkitzen baditut,
hiri osoari barkatuko diot heiengatik.”
27 Abrahamek berriz:
“ Ausartzia da hauts eta errauts naizen hau nere Jaunari mintzatzea.
28 Beharbada , berrogeita hamar gizon zuzenetarik bost faltako dira.
Bost horiengatik hiri osoa suntsituko ote duzu?”
Jaunak orduan:
“ Ez dut suntsituko, hirian berrogeita bost aurkitzen baditut.”
29 Abraham berriz ere mintzatu zen:
“ Beharbada, ez da izanen berrogei baizik.”
Jaunak ihardetsi:
“ Berrogei horiengatik ez dut eginen.”
30 Abrahamek erran zuen:
“ Ez bedi hasarre nere Jauna, mintzo banaiz oraino:
beharbada hogeita hamar izanen dira.”
Jaunak ihardetsi:
“ Hogeita hamar aurkitzen baditut, ez dut eginen.”
31 Abrahamek orduan:
“ Zinez ausartzia da nere Jaunari mintzatzea!
Beharbada, ez da izanen hogei baizik .”
Jaunak ihardetsi:
“ Ez dut suntsituko hogei horiengatik.”
32 Abrahamek:
“ Ez bedi hasarre nere Jauna, beste behin mintzo banaiz!
Beharbada, ez da izanen hamar baizik.”
Eta Jaunak ihardetsi:
“ Ez dut hiria suntsituko, hamar horiengatik.”

Berrikuntza, hemen ere, lurraren arrasean ! Hemendik goiti gizon bat sartzen da Jainkoaren
asmoetan. Zoritxarrez, liturgiako irakurgaiak aintzineko bertsetak ez dauzkigu entzunarazten,
zointan ikusten dugun Jainkoa bera bakarrik mintzo, bere buruari diola : “Orai Abrahamekin
elkargo egin dudanaz geroz, nere adiskidea da, ez dizkiot nere asmoak gordeko.” Jainkoak elkargo
hori biziki serioski hartzen duela adiarazteko modu bat.
Horra zati hori : “Gizon haiek Zodomarat abiatu ziren. Abrahamek lagundu zituen apur
bat,agurtu aintzin. Hunela egiten zuen Jaunak bere baitan : “Eginen dudanaren berri eman gabe
utzi behar ote dut Abraham ?Ezen hau izanen da herri handi eta ahaltsu baten buru eta herri
guzientzat benedizione-iturri. Hau dut hautatu …” Eta hor hasten da deitzen ahal litekeen “
historiako traturik ederrena”. Abraham kuraiaz beterik, ararteko jartzen da bisitarien ondoan,
Zodoma eta Gomorrak zinez merezi zuten gaztigu batetik salbatzera entseatzeko : “ Jauna,
berrogeita hamar zuzen balira bakarrik hiri huntan ez zinezake suntsi halarik ere ? Bestenaz zer
erran lezakete zutaz ? Ez dautzut zuzentasuna nik erakatsiko ! Eta berrogeita bost baizik ez bazinitu
aurkitzen, berrogei baizik, hogeita hamar baizik, hogei baizik, hamar baizik ?…”
Zer ausartzia ! Bizkitartean, iduriz, Jainkoak onartzen du gizona solaskide izan dadin : Jauna ez
da kexatzen; aldiz, Abrahamek igurikatzen zuena erantzuten du.
Jainkoak oraino gehiago maite du gizona, bere anaien alde bitartekari jartzen bada. Jadanik
ikusia dugu bertze igande batez Moisez (Jal 32) : Sinai zolan, populuaren arneguaren ondotik
“urrezko ahatzea” egin zutelarik hura adoratzeko, Jainko faltsuak ez zituztela gehiago sekula
segituko zin egin orduko, Mois ararteko jarri zen Jainkoa otoizteko barka zezan ; eta bixtan dena,
Jainkoa barkatzera ernatu zen. Bere gain hartua zuen populuarendako ari zen Mois; Abraham
paganoen alde ari da, zuzen den bezala funtsean, “herri guziendako” benedizione-iturri denaz geroz.
Hor oraino, erakaspen ederra otoitzaz, Luken ebanjelioak Jesusen erakaspena otoitzaz kondatzen
daukun egunean. Gure Aitatik hasiz, otoitz guziz “anizkorra”, “Ene Aita” ez baitugu erraiten,
bainan “Gure Aita”. Gomit gira, argi eta garbi, gure otoitzaren zabaltzera gizadi guziaren heinera.
“Behar bada, ez da izanen hamar baizik ?” (Abrahamen azken entsegua izan zen) “Eta
Jaunak ihardetsi : Ez dut hiria suntsituko, hamar horiengatik.” Historiak ez du erraiten Abraham
zergatik ez den menturatu beherago jaustera. Jeremi goaitatu beharko da fededunak ohar diten
zuzen bat bera aski dela hiri oso baten salbatzeko : “ Zoazte Jerusalemeko karriketan barna, begira
ongi eta ikertu, bilatu hango plazetan ea aurkitzen duzuen bakar bat justizia dakienik, leialtasunez
jokatzen duenik ; hala balitz, barkatuko lioke Jaunak hiriari.” (Jr 5, 1) Eta zerbitzariaren laugarren
kantuak gizadi osoaren salbamendua jakinarazten du, batek berak onartu pairamenen bidez :
“Hainbat neke jasan ondoan, argia ikusiko du eta asea izanen. Ber ezagutzaren bidez, nire
zerbitzari zuzenak asko eginen ditu zuzen, haien hutsak bere gain hartu baitzituen.” (Is 53,11)
Girixtinoek badakigu “zuzen” horren izena, eman duen biziaz gizadi guzia salbatu duena.

Salmoa 137

Leloa: Jauna, nik oihu egitean, Beti dautazu esku eman.

Eskerrak zuri, eskerrak, Jauna, bihotz osoz,
Otoizka entzun nauzulakotz.
Aingeruak so, zaitut zu kantuz aipatuko,
Tenplo alderat belauniko.
Eskerrak zuri on baitzare, on eta zuzen:
Zuk hitza funski atxikitzen.
Nik zuri oihu egin orduko, zuk ni entzun:
Zer indar gaitzaz bete nauzun.
Zoin gora Jauna: maitatzen ditu apalduak,
Urrundik uzten hanpatuak.
Oren beltzetan nabilanean, zu nerekin:
Etsaiek deusik ezin egin.
Zure eskua luzatuz nauzu beti zaintzen:
Zu, behar deno, zain egonen.
Zuk duzu, Jauna, betiereko bihotz ona,
Sekulan ez utz hasi lana.

Erran daiteke salmo hunek Izraelen historia guzia kondatzen duela laburzki. Historia hori
salmo guzitan aurkitzen dugu : Jainkoaren eta Izraelen arteko elkargoa da. Jainkoak Izrael hautatu
du bere profetatzat. Izraeli agertu dion segeretua hau da : Jainkoa amodio dela. Hori behar du
Izraelek oihukatu mundu guziari. Hori bera dio salmo hunek ere. Bidenabar erran dezagun salmoan
aipu den « Ni » hori Izrael osoa dela.
– « Eskerrak zuri, eskerrak Jauna, bihotz osoz. » Deuteronomioko pasarte ezagun baten
oihartzuna dugu hau : « Zeure Jainko Jauna bihotz osoz…maitatuko duzu ». Eta zergatik eskerrak
eman ? « Otoizka entzun nauzulakotz », galdegiten nuena eman baitautazu.
– « Aingeruak so, zaitut zu kantuz aipatuko ». Fededuna oraidanik zeruko liturgian sartzen da.
Han kantatzen dute Jainkoaren zerbitzariek : “Saindu, saindu, saindu, diren guzien Jainko Jauna!”
– “Eskerrak zuri, on baitzare, on eta zuzen.” On eta zuzen, edo hobeki itzuliz « osoki leial eta
egizale » Jainkoa bera da, Jalgitza liburuak dionaz (Jal 34,6) : « Jainko bihozbera eta urrikalkorra
(naiz), berant-haserre, osoki leial eta agiazalea. »
– Salmoa hunela bururatzen da : « Sekulan ez utz hasi lana » gure huts eta bekatuengatik,
(ezen) zuk duzu, Jauna, betiereko bihotz ona.» Segurtamena badugu beraz Jainkoa ez dela etsituko
barkatzetik.

Bigarren irakurgaia

( Kristoren gurutzea, gure biziaren iturri )

Jondoni Paulok Koloziarreri 2, 12-14

Haurrideak,
12 bataioaren bidez, Kristorekin hobiratuak izan zirezte,
eta harekin piztu,
Kristo hilen artetik piztu zuen Jainkoaren indarrean
sinetsi baituzue.
13 Lehen hilak zinezten zuen bekatuengatik,
eta ebakitugabeak zineztelakotz.
Bainan Jainkoak bizia eman dautzue Kristorekin batean,
bekatu guziak barkaturik.
14 Manamenduengatik lehertzen gintuen
gure zorraren ageria suntsitu du:
ezeztatu du Kristoren gurutzean itzatuz.

Arduradun enganatzailearen parabola ezagutzen dugu (Lk 16,1-8) : bere nagusiak
kanporatzeaz mehatxatzen duen egunean, adiskideak egiteaz griñatzen da ; eta hortarako bere
nagusiarekin zorrak zituztenak biltzen ditu. Bakotxari erraiten dio : “ Horra zure ordain-agiria,
kopurua alda ezazu : Ehun zaku zor zinituen ? Idatzi laurogei”. Juduek, ardura, bekatuak, zorrak
deitzen zituzten : hala nola Gure Aitan, Matiuren erran moldea den “barkatu gure zorrak”. Lukek
aldiz erraiten du : “ barkatu gure bekatuak”. Eta Kristoren aroko juduen otoiz batek zion :”Zure
urrikalmendu handiaren bidez, akusatzen gaituzten dokumentu guziak ezaba itzazu.”
Gizonen bekatu guziak Kristoren gurutzean ezabatuak izan dira. Beraz, Paulok zor-agiriaren
irudia hartzen du berriz eta erraiten du : “ Dena gertatzen da Kristoren gurutzean itzatua izan balitz
bezala, begiak gurutzeari buruz altxatzen dituen edozein gizonek uler dezan Jainkoak gizakiari
barkatua diola. “Jainkoak bizia eman dautzue Kristorekin batean, bekatu guziak barkaturik.
Manamenduengatik lehertzen gintuen gure zorraren ageria suntsitu du : ezeztatu du Kristoren
gurutzean itzatuz.” Kristoren gorputz gurutzean itzatuak agertzen du Jainkoa nolakoa den : gure
hoben guziak ahanzten ditu, haren kontrako huts guziak. Haren barkamena begi guzien agerian da :
“Zilatu zutenari begiratuko diote” zion Zakarik. (Za 12,10 ; Jn 19,37).
Ez gaitezke doi bat harritzetik beira. Zati osoa iraganean idatzia da : Bataioaren bidez,
Kristorekin hobiratuak izan zirezte, eta harekin piztu… Jainkoak bizia eman dautzue Kristorekin
batean, bekatu guziak barkaturik. Manamenduengatik lehertzen gintuen gure zorraren ageria
suntsitu du : ezeztatu du Kristoren gurutzean itzatuz. Paulok erakusten du munduaren salbamendua
hemen dela jadanik : “jadanik hemen” hori, Koloziarreri gutunean da garbikienik ageri. Girixtinoa
bataioaren bidez salbatua da jadanik ; zeruko munduan parte hartzen du jadanik. (Kol 1,13-14)
Pauloren lehenagoko letretarik aldaketa horri ohartzen ahal gira : hala-nola Erromatarreri : “
Salbatuak gaude, bainan itxaropenean bakarrik.” (Erm 8,24) “Berarena bezalako heriotzean hari
lotuak izan bagira, hari lotuak izanen gira harena bezalako piztean ere.”(Erm 6,5). Erromatarreri
letrak, piztea geroan ezartzen zuelarik, Koloziarrenak eta Efesiarrenak iraganean ezartzen dituzte,
bai Kristorekin ehorztea, bai piztearen egiazkotasuna. Adibidez : “Gure bekatuengatik hilak
ginelarik, bizia eman dauku Kristorekin -onginahi hutsez salbatuak zirezte ! – eta Jesu Kristorekin
piztu gaitu eta harekin zeruetan jarrarazi.” (Ef 2, 5-6) Kristorekin hobiratuak izan zirezte, eta
harekin piztu…“Lehen hilak zinezten…Bainan Jainkoak bizia eman dautzue Kristorekin batean.”
Bataioa, bigarren sortze bat bezala dauka zinez.
Nola sartzen gira salbamenean ? Paulok ihardesten du : “Fedearen bidez”. Ardura aipatzen du
gai hori letra bat baino gehiagotan eta baieztapen hori bera aurkitzen dugu hemen . “Bataioaren
bidez, Krixtorekin hobiratuak izan zirezte, eta harekin piztu, Kristo hilen artetik piztu zuen
Jainkoaren indarrean sinetsi baituzue (hitzez-hitz “fedearen bidez”)”. Efesiarreri letrak molde oino
argiagokoan errepikatzen du : “ Dohain hutsez salbatuak zirezte fedearen bidez ; eta hau ez da
zuenganik heldu, Jainkoaren emaitza da ; ez da zuen egintzengatik heldu, nehor ez dadin harro izan
hortaz.” (Ef 2,8-9)
Bizia Kristorekin Aitaren aintzan ez da beraz bakarrik etorkizunari buruzko ikuspegi bat,
itxaropen bat, baina fededunen oraiko esperientzia ; Jainkozko biziaren esperientzia Kristo eta
Jainkoa bat direnaz geroz : egun guzietako bizia, Kristo piztuaren Jainkozko bizia bizitzea, biziz
aldatzea da. Oraidanik, badira gizon egitate batzu egoera horrekin ez direnak batere ontsa joaiten
ahal : gizona, bere griñek, sentsuek eta handinahiak esklabo bilakarazten dute. Paulok ez du
ezineginik galdatzen, sinesten duenarendako ez dela deus ezineginik oihukatzen du. Petrik gure
bataioari darizkion eskakizun berak adierazten zituen : Bataioak ez gaitu gorputzeko zikina garbituz
salbatzen, Jainkoaren aintzinean kontzientzia garbi gordetzeko elkargoa ezarriz baizik ; JesuKristoren
piztearen bidez salbatzen gaitu. (1P 3,21)

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Seme-alaba egiten gaituen Izpiritua lagun
Jainkoa deitzen dugu: Aita.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 11, 1-13

1 Behin, Jesus otoitzean ari zen leku batean.
Gelditu zenean, bere dizipuluetarik batek erran zion:
“ Jauna, irakasaguzu otoitz egiten,
Joanesek bere dizipulueri irakatsi zioten bezala.”
2 Jesusek erran zioten:
“ Otoitz egitean errazue:
Aita, saindu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua.
3 Emaguzu egun oroko behar dugun ogia.
4 Barka gure bekatuak,
guk ere gure zordun guzieri barkatzen diegunaz geroz.
Eta ez gu tentaldirat ereman.”
5 Gero erran zioten:
“ Eman dezagun, zuetarik batek adiskide bat baduela,
eta gauerditan datorkiola, erranez:
‘ Adiskidea, prestazkidatzu hiru ogi,
6 lagun bat etorri zait bidaiaz, eta deusik ez dut hari eskaintzeko.’
7 Eman dezagun besteak barnetik ihardesten diola:
‘ Utz nezazu bakean; orai, atea hetsia dut,
eta haurrak eta nihaur ohean gira.
Ez naiteke jeiki zuri emaiteko.’
8 Nik diozuet: adiskidea duelakotz ez bada ere,
nardagarria delakotz, jeiki eta emanen dio behar duen guzia.
9 Eta nik diozuet: galda eta emanen zaitzue,
bila eta aurkituko duzue;
jo atea, eta zabalduko zaitzue.
10 Eskatzen duenak ukaiten du, bilatzen duenak aurkitzen,
eta atea jotzen duenari zabaltzen zaio.
11 Ba ote da zuen artean aitarik, semeak arraina eskatu,
eta arrainaren orde sugea emanen dionik?
12 Edo arroltzea eskatu eta, harrulia emanen dionik?
13 Beraz, zuek, gaixtoak izanik ere,
zuen haurreri gauza onen emaiten baldin badakizue,
zenbatez gehiago Aita zerukoak ez diote
Izpiritu Saindua emanen eskatzen dioteneri!”

“Jauna, irakasaguzu otoitz egiten” galdatu zuen dizipulu batek : Jesusen erantzunak edozein
otoitz girixtinoren eredua emaiten du. Baina behar balinbada “eman Zesarrena Zesarri …” (Mt
22,21), Jesusek berak zion bezala, hain segur gomitatzen gaitu berak irakatsi otoitzeko judu erroen
aurkitzera. Ezen, egiazki, Jesusek ez ditu otoitz horren hitzak asmatu : juduen liturgiatik heldu dira
zuzen zuzena. Izigarri biblikoa den hiztegitik hasiz : “ Aita, Izen, Saindu, Erreinu, ogi, bekatuak,
tentaldiak…” Hitz horietarik bakoitzak, bere populuari Jainkoaren Agertzearen pizua ekartzen dio.
Juduen otoitz horiek, eta ekartzen duten izpirituko jarrera, Testament Zaharrean errotuak dira.
Gure Aitaren lehenbiziko bi galdeetarik (hiru, Matiuren ebanjelioan) has gaiten : zuzen den bezala,
Jainkoarengana itzultzen gaituzte lehenik eta “Zure izena”, “Zure Erreinua” erraiten irakasten
daukute. Gure gutizia hezten dute eta haren Erreinuaren hazkundean abiarazten. Zeren otoitzaren
eskola bat baita, edo, nahiago bada, otoitzaren ikasbide bat. (Ez dezagun dizipuluaren galdea ahantz
: “Jauna, irakatsaguzu otoitz egiten”) .
Gauzak beren neurrian atxikiz, ikasketa hau, hizkuntza arrotzen ikasbide batzuri konpara
daiteke : eguneroko indar ttipi baten egiterat gomitatzen gaituzte, errepikatze ttipi bat egun guziez
eta azkenean, hizkuntza horren erabiltzen badakigu. Jesusen egin moldea segitzen badugu, Gure
Aitari esker, Jainkoaren hizkuntzaren erabiltzen jakinen dugu. Lehenbiziko hitza : “Aita” da.
Testamendu zaharrean ohiko erran-molde bat zen jadanik. Adibidez, Jeremik : “Nere Aita deituko
nauzue nereganik ez zirezte nehoiz urrunduko” (Jr 3,19). Eta Izaik : “Zu zira gure Aita, gure
Askatzaile duzu izena betidanik.”(Is 63,16)
Lehenbiziko bi galdeak Izenaz eta Erreinuaz dira. “Saindu izan bedi zure Izena” : Biblian,
Izenak Presuna ordezkatzen du : Jainkoa Saindu dela erraitea, guzien “Haraindia” dela erraitea da.
Ez diogu beraz deus gehitzen ahal haren Presunaren mixterioari; : “Saindu izan bedi zure Izena”
galdeak erran nahi du: “Jainko bezala ezagutaraz zaite”. “Etor bedi zure Erreinua” : egun guziez
errepikatuz, galde hunek polliki-polliki Erresumako langile bilakaraziko gaitu ; ezen Jainkoaren
nahia, badakigu, -“xede gozoa” Paulok dion bezala- Gizadia haren amodioan biltzen da,
kreazionearen erregina izan dadin : “Bete lurra eta izan haren nagusi” (Has 1,27). Eta fededunak,
Jainkoa errege bezala ezagutua izanen den egunaren beha daude ezinegonez. “Mundu osoaren
errege izanen da Jauna”jakinarazten zuen Zakarik (Za 14,9). Gure Jainkoaren hizkuntzaren
ikasbide ttipiak, Jainkoaren izena, Jainkoa bera, ezagutua, adoratua, maitatua izan dadin desiratzen
duten jendeak bilakaraziko gaitu, denek Aitatzat onar dezaten; ebanjelio hedatzaile suharrak,
Jainkoaren Erreinuzale suharrak bilakatuko gira.
Bertze hiru galdeak (lau, Matiurenean) gure egun guzietako biziaz dira : “Emaguzu”, “Barka
zaguzu”, “Ez gaitzazula ereman” ; badakigu arras ongi hortan ari dela gelditu gabe, bainan opari
horien hartzeko moldean jartzen gira. “Emaguzu eguneroko behar dugun ogia” : basamortuan (Jal
l6), egun oroz erori manak populua hazten zuen egunean eguneko fidantzian ; galde horrek
gomitatzen gaitu biharamuneko egunaz ez kezkatzera (Mt 6,34) eta gure janaria, egun oroz,
Jainkoaren opari bat bezala hartzera.
“Barka gure bekatuak, guk ere gure zordun guzieri barkatzen diegunaz geroz” : Jainkoaren
barkamena ez du gure bizi moldeak baldintzatzen, anaikor barkamenak ez du Jainkoaren barkamena
erosten, baina guretzat aitzinetik ukana dugun Jainkoaren barkamenean sartzeko bide bakarra da :
bihotza hetsia daukanak Jainkoaren emaitzak ez ditzazke har.
“Ez gaitzazula tentaldirat ereman” itzulpen hori ez da onartua, ulertzera emaiten baitu
tentaldia Jainkoarenganik litekeela, hori ezina da. Jondoni Jakobek dioen bezala : “Nihork,
tentaldirik duenean, ez beza erran Jainkoak tentatzen duenik. Jainkoak ez du gaizkirako tentaziorik
eta ez du nehor gaizkirako tentatzen ere. Aitzitik, nor bera griña tzarrek tentatzen dute, horiek dute
liluratzen eta erakartzen.”(Jk 1,13) ; galde horrek erran nahi du “Ez gaitzazula utz debru
tentatzailearen tentaldira erortzera. Tentaldirik larriena Jainkoaren amodioaz dudatzea da.
Zenbat galde ! Gure bizi guziaren, munduko bizi guziaren egitekoa da : iduriz Jainkoaren
hizkuntzan mintzatzea, galdatzen jakitea da. Batzuetan gure baitan galdatzen dugu : egoki ote da,
galdezko otoitzen egiten pasatzea gure denbora ? Erantzuna hortan da : galdezko otoitza haizu baino
gehiago da, gomendatua da; horri pentsatzen badugu, apaltasun eta fidantzia ikaspide on bat da hori.
Gure ikasgo ttipiak segitzen du : erran behar da ez direla edozein galde : ogi, barkamen, tentaldieri
ihardokitze; ikasiko dugu desiratzen bakoitzak ogia ukan dezan (ogi gauzazkoa eta ere jendetasunak
behar dituen bertze ogi guziak); laster, gure aments bakarra barkatzea eta barkatuak izatea izanen da
; eta azkenean, tentaldietan (izanen dira, ezinbestekoa da) xutik egoiten ikasiko dugu : galdatzen
diogu barkoaren nagusi gelditzea. Ohartzeko da ere gure norberetiargo ttipitik aterako girela : galde
horiek guziak pluralean erranak dira, gutarik bakoitzak gizadi osoarendako erraiten ditu.
Ahantzi gabe Jesusen erakaspenak bigarren kapitulu bat baduela : adiskide nardagarriaren
parabolak gomitatzen gaitu otoitz egitetik ez sekula gelditzera; otoitzean ari girelarik,
Jainkoarengana itzultzen gira, hari hurbiltzen gira eta gure bihotza haren Izpirituari idekitzen da.
“Aita zerukoak, Izpiritu Saindua emaiten diote beti, eskatzen dioteneri”. Gure buruhausteak ez dira
makila sorgindu batez konpontzen. Oraidanik ez ditugu bakarrik jasaiten, harekin jasaiten ditugu.