Otoitza nola egin ikasten

Urteko 17. igandea C 2019-07-28

Joan den igandean, Jesusi aditzera animatu gintuen ebanjelioak, Mariak bezala. Gaur Jainkoari hitz egitera animatu nahi gaitu. Pertsonaia garrantzizko baten aurrean aise geratu gaitezke zer esan ez dakigula, hitzik gabe. Askoz gehiago Jainkoaren aurrean. Agian, horregatik, ikasleek ez dute otoitz egiten. Jakin-mina eragin die Jesus otoitzean ikusteak. Zer esaten du? Zergatik ez die irakasten Jainkoari hitz egiten? Hau izango da gaurko ebanjelioaren gaia. Lehen irakurgaiak otoitz-mota arras bitxia eskaini digu: erregua tratulari bezala eginez.

Lehen irakurgaia: Alferrikako tratua (Hasiera 18,20-32)

Pasarte honi «Alferrikako tratua» titulua eman diot; azken batean ezertako balio izan ez duelako. Sodoma eta Gomorra erremediorik gabe suntsitu dira, bertan ez delako aurkitu, ezta hamar lagun errugabe ere.

Izatez, pasadizo honen funtsezko mezua ez da erregu-otoitza, baizik eta historian gertatzen diren zoritxarrak Jainkoaren zuzentasunarekin eta ontasunarekin batzeko zailtasuna. Gai honek asko kezkarazi zituen Israelgo teologoak, batez ere VI. mendean Jerusalem suntsitzearen eta Babiloniako erbestearen esperientzia gogorraren ondoren.

Israelgoa bezalako erlijio monoteista batean, gaitzaren eta Jainkoaren zuzentasunaren problema partikularki zorrotz bilakatu ohi da. Ezin leporatu zaio errua inongo jainko gaiztori edo bigarren mailako jainko bati. Dena, bizia eta heriotza, bedeinkazioa eta madarikazioa, Jainkoaren esku dago zuzenean. Jerusalemen konkista eta erbesteratzea bezalako ezbehar handia gertatu denean, zertan da Jainkoaren zuzentasuna?

Hasiera liburuko pasarte honen idazlearentzat argi dago dena: errua ez da Jainkoarena; prest dago hura guztiei barkatzeko errugabe-kopuru txikieneko bat aurkitzen badu. Errua errugabeen absentzia hori erabatekoa izatean datza.

Irakurle modernoa ez dator bat burubide honekin. Baditu beste baliabide batzuk korapiloa askatzeko. Sarrikoena, gaia pentsatu ere ez pentsatzea. Pentsatzen badu, berriz, erabakitzen du Jainkoa ez dela inbasioen, suntsipenen eta erbesteratzeen erantzule. Gauza horiek gizakion egitate dira, oso ondo egiten dakigu horrelakorik. Planteamendu honekin onik uzten ditugu Jainkoaren ontasuna eta zuzentasuna. Antzinako teologo juduek era askoz misteriotsuago eta sakonagoan ikusten zuten Jainkoaren ekintza. Ez ziren haiek guk askotan uste izaten dugun bezain zoro.

Ebanjelioa: otoitz eredua eta behin eta berriz aritzearen garrantzia (Lk 11,1-13)

Ebanjelioak bi arazo oso desberdin harrotu ditu: batetik, kristauaren otoitz tipikoa, ikasleak bereizten dituena; bestetik, geure otoitzean errepikakor eta astun izatearen garrantzia, Jainkoa nazkatu eta ematera behar arte… Zer emango digu Jainkoak?

Gai ugariegia igande bakar baterako. Bereiz komentatuko ditut bi arazo horiek.

Otoitza nola egin ikasten (Lukas 11,1-4)

Ohar bat aldez aurretik: Lukasengan ez dira ageri Mateogan ikusten ditugun bi eskari: «egin bedi zure nahia zeruan bezala lurrean ere» eta «atera gaitzazu gaitzetik». Ez da itzuli behar «biharko ogia», baizik, mezakoan esaten den bezala, «egun honetako gure ogia»; grekoz bat bera baita formula Mateogan eta Lukasengan (to.n a;rton h´mw/n evpiou, sion). Eztabaida oso antzinakoa da epiousion delakoa eguneroko janaritzat hartu behar den ala eukaristiari egindako erreferentziatzat.

«Gure Aita» Jesusek Jainkoaz, munduaz eta bere ikasleez bizi eta sentitu izan zuen guztiaren sintesia da. Gai hauen inguruan jiratzen dira eskariak (zazpi izan Mateogan bezala edo bost izan Lukasengan bezala).

Jainkoa alde batera utzi duen edota ezjakinarena egiten dion edota iraindu ere egiten duen munduaren aurrez aurre, Jesusek ikaslearen lehen eskaritzat, ideal goren-gorenekotzat, Jainkoa aintzatu nahia eman du: «santu izan bedi zure Izena»; hitz argiagoz esanik: «aldarrikatu dezatela santu zarela Zu». Bere bokazioaren hasieran Isaiasek izan zuen jatorrizko esperientziara itzultzea da, serafini aldarrikatzen entzun dienean: «Santu, santu, santua, unibertsoaren Jauna, Jainkoa» (Isaias 6). Lehen eskaria ildo profetiko horren harira doa, Jainkoa ororen gainean ezarriz, beraren maiestatea goratuz eta beraren aintza izaki guztiek aldarrika dezaten desiratuz.

Mundu baten aurrean, sarritan gorrotoak, indarkeriak, krudelkeriak hartua den horren aurrean, sarritan bere zuzengabekeriez desengainatzen gaituen horren aurrean, Jesusek eskatzen du, berregin dadila Jainkoaren Erregetza, zuzentasunaren, maitasunaren eta bakearen Erreinua. Bere mezuaren gai giltzarria jaso du eskari honetan («hurbil da Jainkoaren Erregetza); hain zuzen, mezu horretan biltzen zituzten Jesusen garaikideek zorionik gorena eta beren esperantza guztiak.

Hirugarren interesgunetzat elkartea ageri da. Jesusen jarraitzaileen talde koskor horrek, eguna joan eguna etorri, ogia, barkazioa, Jainkoaren laguntza behar ditu, bere biziari irmo eusteko. Zentzu indibidualean ere egin genitzakeen eskariak dira, baina Jesusek elkarte-giroan egiteko asmatu ditu, eta, hain segur, horrela agertuko duten beren aberastasun osoa.

Talde koskor hori, Jesus inguratuz, paraje ez-jendetsu eta pobreak zeharkatzen imajinatzen dugunean, erraz ulertzen dugu Aitari egindako eskari hori, «emaguzu gaur egun honetako ogia», alegia.

Ikasleen hutsegiteak, Jesus ulertzeko nabari zaien ezgaitasuna, beren arteko inbidiak eta errezeloak gogoratzen ditugunean, zentzu betea hartzen diogo beste eskari honi: «barkatu zure zorrak, gure irainak».

Eta Mesiasen heriotzaren eta ukapenaren, agintari erlijiosoen aurkaritzaren eskandalu handia jasan behar izan zuen talde hori gogoan izanik, ongi ulertzen da «ez gaitzazu utzi tentaldian erortzen» eskaria.

«Gure Aita»k adierazten digu, kristau-otoitzak izan behar duela:
zabala, ezin garelako mugatu nor bere problemetara; lehen interes-gunea Jainkoaren garaipenak izan behar du;
sakona, gure arazoak aurkeztean ezin garelako gelditu azaleko eta unean uneko gauzetan: garrantzizkoa da ogia, baina barkazioa ere bai, kristau bezala biziko indarra ere bai, esklabotasun-mota guztietatik libre bizi ahal gaitezen;
bihozkoia, ingurumari fidakor eta seme-alaba artekoan, Jainkoari ari gara otoitz egiten-eta, «Aita»tzat hartuz;
elkarte-girokoa; «Gure Aita», emaguzu, barka iezaguzu, etab.;
barkazio-jarrerakoa.

Adiskide gogaikarriaren adibidea

Jesusen garaiko etxeetan haurrek ez zuten beren logelarik. Etxeko sarrera eta sukalde artean ez zen trantsiturik. Ez zuten argi elektrikorik, ez linternarik. Etxea eremu bakar bat da zerbitzu guztietarako: sukalde eta jangela egunez, logela gauez. Ilunpean mugitu nahi izateak arriskua zuen norbait zapaltzeko eta haren intziriak eta gaizki esanak entzun behar izateko.

«Adiskideak» Bibliako esaera zahar atsegin bat dakar gogora: «Auzokoa ozen eta ordu txikitan agurtzea, hura madarikatzea bezala da». Adiskidea ez dator agurtzera, eskatzera etorri da. Eta lortu du nahi zuena.

Pertsona honek bera bezalako pertsonentzat euskal hiztegiak dituen irain guztiak bota diezazkioten merezi luke. Jesusek, berriz, eredutzat eman digu bera. Gauza bertsua egingo du geroxeago Lukasek: eredutzat emakume alargun bat eskainiko digu: epaile makur bati behin eta berriz eskatu dio alargunak zuzenbidea egin diezaion.

Jainkoaren aitatasun-ontasuna eta ustekabeko erregalua

Egia esateko, ez legoke zertan errepikatu gauza bera hainbat aldiz; izan ere, Jainkoa, Aita denez, beti dago prest bere seme-alabei gauza onak emateko.

Hemen du tartekatzen Lukasek funtsezko xehetasun bat. Hain ezagunak diren hitz hauek: «Eskatu eta emango dizue [Jainkoak]; bilatu eta aurkituko duzue, jo atea eta irekiko dizue…», oker ulertuak izateko arriskua dute. Jainkoa eskatzen zaion edozer gauza emateko prest balego bezala: hasi lanpostu batetik eta osasuna emateraino, tartean azterketa gainditzea jarriz. Interpretazio honek fede-krisialdi larriak eragin izan ditu, eta otoitza ezertako ez dela on uste izatea.

Mateoren ebanjelioak hitz berak jaso ditu, eta honela bukatu du: «gauza onak emango dizkie eskatzen dizkiotenei». Oliboen Baratzeko Jesusen otoitzak agertzen du Jainkoak guk ez bezalako ideiak dituela, Jesusenak berarenak ez bezalakoak ere bai, on denaz eta gehien komeni zaigunaz.

Baina Mateoren ebanjelioko hitzak aski ilun iruditu zaizkio Lukasi, eta beste bertsio bat eman digu: «zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango die eskatzen diotenei». Lukasentzat, nola ebanjelioan, hala Eginak liburuan, Espiritu Santua da Elizaren bizitza mugiarazten duen motor handia. Zailtasunen artean, bizitzako unerik gogorrenetan ere, behin eta berrizko otoitzak lortuko du Jainkoagandik Espirituaren indarra, argia eta poza.

José Luis Sicre