Tratuan lehiatsu
Urteko 17. igandea C (2016-07-24)
Lukasen ebanjelioan gai berezi-berezia da otoitza; paganismotik datozen kristauentzat idazten baitu, otoitz egiteko ohiturarik ez dutenentzat. Mundu hori azaldu egin behar zaie, eta Lukasek erarik sinpleenean eta konbentzigarrienean egiten du:ereduak eskaintzen ditu.
Tratuan alferrik (Hasiera 18,20-32)
Lehen irakurgaiak otoitz-mota guztiz bitxia aurkezten du: erregua tratua bihurtuz. Mendebaldekook galdua dugu ohitura hau, semitarren munduan funtsezkoa dena. Hauek ez dute erosten hasierako prezioa onartuz. Hura jaisten saiatu behar izaten dute, tratuan, batek egokia dela iritzi arte. Nolanahi den, eroslea, konforme gelditu arren, galtzen ateratzen da beti. Horixe gertatu zaio Abrahami: bere tratuarekin ez du ezer lortu; Sodoma eta Gomorra guztiz galdu dira, bertakoen artean errurik gabeko hamar lagunik ere agertu ez delako.
Berez, pasadizo honen funtsezko mezua ez da erregu-otoitza. Beste hau da arazoa: nola bateratu munduan gertatzen diren zoritxarrak batetik eta Jainkoaren zuzentasuna eta ontasuna bestetik. Erlijio monoteista batean –halakoa da Israelgoa−, gaitzaren eta Jainkoaren zuzentasunaren arteko problema hori partikularki zorrotza gertatzen da. Ezin aurpegiratu zaio errukia inolako jainko gaizto bati edota bigarren mailako bati. Den-dena, bizia eta heriotza, bedeinkazioa eta madarikazioa, Jaunaren arazo dira, zuzen-zuzenean. Egundoko zoritxar bat, adibidez Jerusalemen konkista eta erbesteratzea, gertatzen denean, zertan da eta non dago Jainkoaren zuzentasuna?
Hasiera liburuko pasarte honen idazlearentzat garbi dago erantzuna: errua ez da Jainkoarena, guztiei barkatzeko prest dago hura jendeagan errugabe-kopuru txikieneko bat aurkitzen badu. Inolako errugaberik ez izatearena da errua.
Irakurle modernoa ez dator bat burubide honekin. Beste baliabide batzuk ditu honek problema saihesteko. Ohikoena, hartan ez pentsatzea. Gogora ekartzen badu, berriz, aurrez erabakitzen du Jainkoa ez dela inbasioen, suntsiketen eta deportazioen erantzulea. Hori guztia gizon-emakumeon lana da, eta oso ondo dakigu hori egiten. Planteamendu honekin Jainkoaren ontasuna eta zuzentasuna airoso ateratzen da. Antzinako teologo juduek era misteriotsuago eta sakonagoan ikusten dute Jainkoaren egintza. Ez ziren askotan pentsatu ohi dugu bezain ergel.
***
Ebanjelioak bi arazo oso desberdin dakarzkigu: kristauaren otoitz tipikoa, «Gure Aita», eta otoitzean temati eta astun izatea, Jainkoa asperrarazi eta eskatua eman diezagun arte… Zer emango digu Jainkoak? Gai ugariegia igande bakar baterako. Bi gaiak aparte hartuko ditut.
«Gure Aita»: otoitz egiten ikasi (Lukas 11,1-4)
Oharra itzulpen liturgikoaz
Lukasek eskaintzen digun «Gure Aita»ren bertsioan, Mateogandik ezagutzen ditugun bi eskari falta dira: «egin bedi zure nahia zeruan bezala lurrean ere», eta «atera gaitzazu gaitzetik».
Liturgiak, euskaraz, «egun honetako ogia» dakar; «eguneroko gure ogia» esan beharko luke; formula grekoz bat bera da Mateogan eta Lukasengan. Baina oso antzinako eztabaida da, Jesusen hitzak eguneroko janariaz ala eukaristiaz ari ote diren. Badirudi liturgiak interpretazio liturgikoa hartu duela. [Lerro hauen egilea espainoleko liturgiaz ari da; dioen hau, euskarazkoan behintzat ez dut ikusten oso garbi: itzultzailearen oharra].
Gure Aitaz iruzkin labur bat
«Gure Aita» sintesi bat da, Jesusek egina bizi eta Jainkoaz, munduaz eta bere ikasleez sentitu duenaren inguruan. Gai hauez ari dira eskariak (direla zazpi Mateogan bezala, direla bost Lukasen kasuan bezala).
Jainkoa albora uzten, ezentzuna egiten eta, are, iraintzen duen munduaren aurrez aurre, Jesusek, lehen eskaritzat, ikaslearen goreneko idealtzat, Jainkoa aintzatua izan dadin gogoa aurkeztu du: «santu izan bedi zure izena»; argixeago esateko: «aldarrikatua izan bedi Zu santua zarela». Isaiasek bere bokaziokoan izan duen jatorrizko esperientzia hartara itzultzea da hau, serafinei aldarrikatzen entzuten dien hartan: «Santu, santu, santua, Jauna, munduaren Jainkoa» (Is 6). Ildo profetiko horretan kokatzen gaitu lehen eskariak, Jainkoa gauza guztien gainean jarriz, haren handitasuna goratuz eta haren aintza aldarrikatu izan dadin desiratuz.
Sarritan gorrotoa, indarkeria eta krudelkeria nagusi diren munduaren aurrean, bere zuzengabekeriekin sarritan xarma guztia galarazten digun munduaren aurrean, Jesusek eskatzen du, ezar dadila Jainkoaren Erregetza, zuzentasunaren, maitasunaren eta bakearen Erreinua. Eskari honetan bere mezuaren gai giltzarria jarri du («hurbil da Jainkoaren Erregetza»); hain juxtu, horretan biltzen zuten Jesusen hainbat eta hainbat garaikidek zorionik gorena eta beren esperantza guztia.
Hirugarren interesgune bezala, elkartea ageri da. Jesusen jarraitzaileen talde koxkor hori, eguna joan eguna etorri ogia, barkazioa, Jainkoaren laguntza behar duena, hartutako bideari irmo eutsi ahal izateko. Nork bere buruari aplikatzen ahal dizkion eskariak dira; Jesusek, ordea, elkartearen eskari bezala formulatu ditu, eta horrela agertzen dute beren aberastasun betea.
Batek talde txiki hori Jesusen inguruan bildurik irudikatzen duenean, jende gutxiko zonalde pobreetan barna dabilela, aise ulertzen du Aitari egindako eskari hori: eman diezaigula «egunean eguneko geure ogia».
Ikasleen hutsegiteak, Jesus ulertzeko gaitasun-eza, beraien arteko inbidiak eta errezeloak gogoratzean, zentzu betea hartzen du eskari honek: «barkatu gure zorrak».
Eta Mesiasen heriotzaren eskandalu handia eta ukoa, eta agintari erlijiosoen aurkaritza jasan behar izan zituen talde horrengan pentsatzean, ondo ulertzen da beste eskari hau: «ez gaitzazu utzi tentazioan erortzen».
«Gure Aita»k erakusten digu, kristau-otoitzak izan behar duela:
Zabala, ezin mugatu gara geure problemetara; lehen interesgunea Jainkoaren garaipenak izan behar du;
Sakona, gure problemak aurkeztean, ezin gelditu gara azalean eta premia-premiazkoan: ogia garrantzizkoa da, baina barkazioa ere bai, kristau bezala bizitzeko indarra ere bai, esklabotasun orotatik aske izatea ere bai;
Barnekoia, konfiantzazko eta seme-alaben girokoa, Jainkoari «Aita» denez hitz egiten diogu;
Elkartekoia, «Gure Aita», emaguzu, barkatu gure zorrak, etab.;
Jarrera barkatzailez egina.
Ezorduko adiskidearen etsenplua (Lukas 11,5-13)
Jesusen garaiko etxeetan haurrek ez zuten gela propiorik lotarako. Etxe-ataritik sukaldera ez zen joaten trantsitu batean zehar. Ez zuten argi elektrikorik, ezta linternarik ere. Etxegune bera izaten zen zerbitzu guztietarako: sukalde eta jangela egunez, logela gauez. Ilunpean ibiltzeak berekin izaten zuen bata edo bestea zapaltzeko arriskua, kexuak eta maldizioak entzunez.
«Adiskideak» Bibliako esaera zahar atsegin bat ekarri du gogora: «Auzokoa garrasika eta goizean goiz agurtzen duenak, madarikatuko balu bezala dagi». Adiskide honek ez du agurtzen, eskatu egiten du. Eta lortu, nahi duena.
Pertsona honek bera bezalako batentzat hizkuntza batek dituen irain-mota guztiak bota diezazkioten merezi luke. Halaz guztiz, Jesusek eredutzat eman digu pertsona hori. Gauza bera egingo du geroago, Lukasen ebanjelioan, emakume alargun batekin: epaile gaizto bati zuzenbidea egin diezaion temati eska eta eska ariko zaionarekin.
Jainkoaren aita-ontasuna eta ustekabeko erregalua
Berez, ez legoke zertan jardun eske eta eske; izan ere, Jainkoa, aita denez, beti dago prest bere seme-alabei gauza onak emateko.
Hemen, funtsezko xehetasun bat tartekatu du Lukasek. Hain ezagunak diren hitz hauek: «Eskatu eta emango dizue, bilatu eta aurkituko duzue, atea jo eta irekiko dizue…» oker ulertzeko arriskua dute. Jainkoa prest balego bezala eskatzen zaion edozer gauza emateko: lanpostua bezala osasuna, eta azterketa-froga bat gainditzea. Interpretazio honek fede-krisialdiak eragin izan ditu, baita uste nahasi bat ere: otoitza ez dela ezertarako on.
Mateoren ebanjelioak hitz berak dakartza, eta honela bukatzen du: «gauza onak emango dizkie eskatzen dizkiotenei. Lukasentzat, nola ebanjelioan hala Eginak liburuan, Elizaren bizitzaren motor handia Espiritu Santua da. Zailtasunen artean, bizitzako unerik zailenean beraietan, otoitz etenik gabeak lortuko du Jainkoagandik beronen Espirituaren indarra, argia eta poza.
José Luis Sicre