KONFIANTZA BERRIKASI (Lukas 11,1-13)
Urteko 17. igandea C 2016-07-24
Lukasek eta Mateok, nork bere ebanjelioan, Jesusen hitz batzuk dakartzate, dudarik gabe haren ikaslerik hurbilekoengan sakon ezarriak gelditu zirenak. Segur aski, ikasleekin Galileako herrixketan zebilenean esango zituen, jatekoaren eskean, ostatu bila edo bertakoen artean ate joka zebilenean.
Apika, ez zuten beti nahi bezalako erantzunik jasotzen, baina Jesusek ez zuen etsitzen. Erabatekoa zuen Aitarekiko konfiantza. Ikasleek ere Aitagan konfiantza izaten ikasi behar dute: «Hauxe esaten dizuet: Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue». Jesusek badaki zer ari den esaten, hauxe baitu bere esperientzia: «eskatzen duenak hartu egiten du, bilatzen duenak aurkitu eta ate joka ari denari ireki egiten zaio».
Konfiantza da Elizak bizi duen krisialdi eta nahasmendu honetan Jesusengandik, zerbait izatekotan, berrikasi beharrekoa. Ez, noski, jarrera xinplea biziz, aldi hobeen geldoturik zain jarriz beren burua lasaitzen dutenak bezala. Askoz gutxiago jarrera pasiboa eta erantzukizunik gabea biziz, baizik Jesusi, Kristori, jarraitzeko portaera ebanjelikoa eta profetikoa hartuz. Izatez, Jesusen hiru gonbitek Jainkoaganako oinarrizko konfiantza bera markatzen badute ere, haren hizkerak ñabardura desberdinak iradokitzen ditu.
«Eskatu»: pobrearen jarrera berezia da, bere ahaleginez lortu ezin duenak beste norbaitengandik hartu behar duenaren jarrera. Honela irudikatzen ditu Jesusek bere jarraitzaileak: gizon-emakume pobre bezala, beren ahuldadearen eta pobretasunaren jakinaren gaineko, harrokeria eta buruaskitasun izpirik gabeko bezala. Ez da inolako ezbeharra Eliza pobre batean bizitzea, ahulean, botererik gabean. Aitzitik, hau da gauza negargarria: Jesusi jarraitu nahi izatea, baina Aitagandik bakarrik etor daitekeena munduari eskatuz.
«Bilatu»: Kontua ez da eskatzea soilik. Gainera, mugitzea da, zerbait lortzeko urratsak egin beharra: ezkutuan edo tapaturik dagoelako ikusten ez dugun hura lortzeko. Honela irudikatzen ditu Jesusek bere jarraitzaileak: «Jainkoaren erreinuaren eta haren zuzentasunaren bilatzaile bezala». Normala da gaur Eliza zurt eginik bizitzea ziurtasunik gabeko etorkizunaren aurrean. Beste hau da harritzekoa: pausorik ez ematea guztiek batean bide berrien bila gaur egungo kulturan Ebanjelioa ereiteko.
«Jo atea»: hurbil dugula sentitu ez, baina entzuten eta kasu egiten ahal digula uste dugunari oihu egitea da. Horrela egiten zion oihu Jesusek Aitari gurutzean. Ulertzekoa da gaur kristau askoren fedea, kultura aurremoderno baten adierazten, ospatzen eta bizitzen ikasi zuten hura, lausoturik gelditzea. Beste hau da gauza tamalgarria: ez garela ahalegintzen Jesusi jarraitzen Jainkoari oihu eginez gaur egungo munduko kontraesanen, gatazken eta galdekizunen artetik.
Jose Antonio Pagola