URTEKO 17 IGANDEA B (2015-07-26)
SARRERA
Senideok, urteko 17. igandea ospatzen dugu gaur. Gaur hasita, bost igandetan, Markosen ebanjelioa utzi eta Joanen ebanjelioko 6. kapitulua irakurriko dugu. Gaurkoan, ogiaren eta arrainen ugaltzea entzungo dugu.
Oso gogoan izan beharko genuke hau. Joanek ez du azpimarratzen Jesusen errukia ugaltze hori egiteko orduan. Gose fisikoaren bidez, jendeak duen gose espirituala adierazi nahi du. Gaurko miraria, hain zuzen, seinale bat da: Biziaren ogia da Jesus.
Aldi berean, ebanjelioan datorren ogien ugaltze hau, Jainkoak eman dizkigun dohain eta fabore guztien sinboloa da, guztien seinalea da. Dohain guztien artean, Eukaristia da handiena. Eukaristiak, bestalde, ondasunak partekatzera eragiten digu
Horretatik guztitik atera genezake, bigarren irakurgaiak esaten digun bezala, erne egon beharra dugula akats honetan ez erortzeko: Jainkoaren dohainak hartu eta kito. Ez, ez da hori. Dohainak eman, haietaz egoki baliatzeko eman dizkigu Jainkoak, gizadi osoaren onerako erabiltzeko.
LEHENENGO IRAKURGAIA Bigarren Erregeak liburutik (4,42-44)
Eliseo profetak Israelen lan egin zuen; Iparraldean. Gose-aldia da. Eta Eliseo profetak gizon aberats baten hasikinak hartu ditu. Egoera horretaz modu egoistan baliatu ordez, hartu duen guztia jendearen artean banatzeko agindu dio Eliseok zerbitzariari. Ehun laguntzetzat hori ez dela ezer erantzun dio zerbitzariak. Eliseok Jainkoari dei egin eta miraria gertatu da; eskuartean dutena banatuz, denentzat iritsi da. Beste behin ere, partekatzeak esan nahi du, badela jatekorik gizon-emakume guztientzat.
Gure lur honek guztiontzat adina ematen digu. Halere, jende asko eta asko goseak!
BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (4,1-6)
Bigarren irakurgai honetan, geure bizitza forma egokian bizitzeko erregutzen digu idazleak. Esan nahi du, Jainkoarekin leial izan behar dugula. Jainkoaren dohainak onartu behar ditugula, bai ugari ematen digunean, bai zerbaiti uko egitea eskatzen digunean.
Esaten digu ere, maitasunerako geure bokazioa, elkartasunari eutsiz bakarrik bete dezakegula. Jainkoari eta lagun hurkoari diogun maitasunaren ezaugarria da elkartasuna.
Ezin onar dezakegu, geure artean nahiz Jainkoarekin, hausturarik edo etenik izatea. Senide arteko elkartasunera eragiten digute Jainkoaren dohain guztiek. Horregatik gogorarazten digu idazleak geure elkartasunaren oinarri hau: «Gorputz bakarra eta Espiritu bakarra, bakarra den bezala esperantza […]. Jaun bakarra, fede bakarra, bataio bakarra, guztien Jainko eta Aita bakarra […]»
EBANJELIOA San Joanen liburutik (6,1-15)
Jesusek ogiak eta arrainak ugaldu ditu. Jendea Jesusi segika joan da herritik urrutira; berandu da, eta jendea bidal dezala esan diote Jesusi ikasleek. Jesusek kasurik ez. Eta jendeari jaten eman dio, mutiko batek dituen bost ogiz eta bi arrainez baliatuz.
Gustatuko litzaiguke jakitea zer gertatu zen juxtu: zer gertatu zen, zer ikusi zuen jendeak? Era aski normalean interpreta liteke, esanez: Jesusek lortu zuela jendeak esku artean zuena partekatzea. Jakina, hau interpretazio hutsa da. Baina baluke egia-itxurarik. Hori izango zen miraria: jende guztia konbentzitzea esku artean zuena besteekin partekatzera.
Nolanahi ere, sinbolo asko gehitu izan zaizkio kontakizunari, eta oso zail dugu juxtu zer gertatu zen jakitea.
Halere, mezu ederra jaso genezake Joanek bere ebanjelioan erabili dituen sinboloetatik: ogia (ugaltzearen pasadizoa), ura (samariar emakumearen pasadizoa), ardoa (Kanako ezteietako pasadizoa), argia (jaiotzez itsu zenaren pasadizoa). Horietan guztietan mezu hau dator: Jesus dela zerutik jaitsitako ogia, ur bizia dela, ardo berria dela, ilunpearen kontra ari den argia dela. Horra, senideok, egiazko mezua.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Eliza osoarentzat: justiziaren gose-egarri direnei, justiziaz zor zaien ogia emateko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduko agintari guztientzat: beren lanean, lehen ardura pobreei kasu egitea izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Goseak hiltzen ari diren haur guztientzat: haien negarra eta zoria, gosearen kontra ari garen guztientzat eragile bizi izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Kristau guztientzat: Eukaristiaren garrantziaz jabe gaitezen, Jesus jateak duen inportantzia gogoan har dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.