URTEKO HAMAZAZPIGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Elizeok ogiak ugaltzen )

Erregeen bigarren liburutik 4, 42-44

Gosetea zen orduan herrian.
42 Uzta berritik, norbaitek ekarri ziozkan Elizeo, Jainkoaren gizonari,
hogei garagar-opil eta bihi berria zaku batean.
Elizeok erran zuen: “ Eman jendeari, jan dezaten. ”
43 Mutilak ihardetsi zuen: “ Nola huntarik eman ehun gizoneri?”
Elizeok berriz: “ Eman jendeari, jan dezaten,
hau baitio Jaunak: Janen dute , eta ondarrak geldituko dira.”
44 Orduan eman zioten, jan zuten, eta ondarrak gelditu ziren,
Jaunak erran bezala.

Elizeo profeta Iparraldeko erresuman bizi izan zen 850 eta 800 Jesu Kristo aitzin. Haren
ixtoria irakurtzen da goxoki ipuin pollit bat bezala. Eli profet handiaren dizipulua izana zen. Huna
zer dion Ben Siraken liburuak, 200 urte Jesu Kristo aitzin : « Eli zirimolan desagertu zenean, haren
izpirituaz bete zen Elizeo. Bere bizitzan ez zuten buruzagiek ikaratu, nehork ere ez menpean hartu.
Deus ezinezkorik ez zen harentzat, heriotzeko loaldian ere profeta izan zen. »
Elizeok ez du bizkitartean idatzirik utzi, bainan egin zituen mirakuiluek eta erran zituen
suzko hitzek Izrael hunkitu zuten. Izraeleko erregeak ezagutzen zituen eta beldurrik gabe egiak
erraiten ziozkaten, eta haren hitzak onartzen zituzten, baitzakiten « Jainkoaren gizona » zela.
Ardura erasiak egiten ziozkaten, zeren Iparraldeko erresuma idolatrian bizi baitzen. Politikan ere
sartzen zen. Egun batez ausartatu zen, Akazias erregea bidaian zelarik eta Elkargoa ez zuelakotz
errespetatzen, haren partez bertze errege baten, Jehuren, sakratzera.
« Jainkoaren gizon » bezala ezagutua zen mirakuilu ainitz egiten zuelakotz. Hemen biga
aipatuko ditugu : Xunamiten familiako haur bat piztu zuen.
Bada ere ixtoria pollit bat, olioarena. Alarguntsa bat zorrez itoa zen eta han zituen
hartzedunak ondotik, sosaren galdez; nahi ziozkaten bi semeak hartu esklabotako, sosik ez
zuelakotz. Elizeori dei egin zuen, laguntza eske. Hunek erran zion : « Zer egiten ahal dut ? Zer
ontasun duzu ? » harek errepostu : « Ez dut etxean olio xorta bat baizik nere buruaren
gantzutzeko. » Zinez pobrea zen, eta alarguntsa zelakotz ez zuen gehiago usain onik ezartzen eta
olioa ontzitegian zagon. Elizeok erran zion : « Zoazi, eska auzoeri ontzi hutsak, ahal dituzun guziak.
Sar zaite gero etxean zure semeekin eta hets atea. Ixur olioa ontzi guzietarat eta, bete ahala, ezar
denak bazter. Ontzi guziak bete ondoan gelditu zen olio-jarioa. »
Aipa dezagun igande huntako ogien ugaltzearen mirakuilua. Eliseok mirakuilua egin zuen
jende pobren fagoretan, zeren Izrael herriak ardura idorteak jasaiten baitzituen. Ez dakigu garagar
hogoi ogiek zer handitasun zuten; ez zitaken segurrenik aski denendako, zeren mutilak, bizpahiru
aldiz, asmo hori burutik kendu nahi baitzion : « Nola huntarik eman ehun gizoneri ? » Elizeok
errepostu egin zion : « Eman jendeari, jan dezaten, hau baitio Jaunak : janen dute eta ondarrak
geldituko dira. » Mutilak aski zuen obeditzea, zeren Elizeok ausartzia ez zuen bere baitarik
jalgitzen : « Hurbil da Jauna dei egiten diotenenganik, egiaz dei egiten dioten guzienganik. »

Salmoa 144

Leloa: Jaunak eskua zabaltzean,
badugu zer jan ausarkian.

Zuhauk eginek, Jauna, goraipa zaitzatela :
Zure gizonek eskerrak zuri, zor bezala.
Zuk erresuman duzun ospea diotela,
Aipa ere bai zure besoan den ahala.
Guzi guzien begiak daude, Jauna, zuri,
Eta heieri behar orduan zuk janari.
Zure eskua duzu zabaltzen, zuk, Jainkoa,
Eta badute hasdun guziek nahikoa.
Zuzen da Jauna, bere bidetan beti zuzen;
Egin lanetan zoin dena bihotz den agertzen.
Hurbil da Jauna hari otoizka daudeneri,
Hari otoizka, bihotza zintzo eta garbi.

Izai profetak Izraelen fedea hunela laburbiltzen zuen : Jainkoa urrikalmendu da eta bere
herriari dei egiten dio erranez : “bihozberri zaite”. Salmo hau Jainkoari emaiten zaion errepostua da
: “Goretsi dut zure izena mendez mende.” Salmo alfabetikoa, erran nahi baita bertset bakotxa
alfabetako letra batetik hasten dela, A-tik Z-era. Esker onezko salmoa da, Jainkoaren elkargoagatik.
Bizi guzia A-tik Z-era Jainkoaren amodioan igeri dugu.
Izaik lehen irakurgaian erraiten zuen : “Zerua lurretik gora da : berdin gora ene bideak
zuen bideetarik.” Salmoak oihartzun egiten dio :”Handia Jauna eta osoki goresgarria : gure
Jaunaren hauditasuna ezin neurri.” “Handi” hitza, salmoetan, erregeaz erraiten dena da. Bainan
errege hori ez da lurrekoen idurikoa. Boteretsua da, bai, bainan amodioaren boterez : gure zoriona
du nahi. “Jauna samurtasun eta urrikamendu da, berant-haserre eta maitasunez betea”.
Ederragorik ezin daiteke erran Jainkoaz.
Salmo huntan irakurtzen dugu ere : “Zuzena da Jauna bere bidetan, beti zuzen.” Bainan
gaurko Ebanjelioak kondatzen dauku etxeko jaun batek bere langile guziak berdin pagatu zituela,
goizean hasirik lanean ala astirian. Nun da zuzentasuna? Amodioan. Besteak maite balinbaditugu
guhauren burua bezainbat, besteeri egin ongiaz bozkariatuko gira.

Bigarren irakurgaia
(Jaun bat, sineste bat, bataio bat )

Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 4, 1-6
Haurrideak,
1 nik, Jaunarengatik preso nagonak, eskatzen dautzuet
ukan duzuen deiari doakion bezala bizi zaitezten.
2 Izan apal, ezti eta jasankor; elkar jasan zazue maitasunez.
3 Berma zaitezte Izpirituak emaiten duen batasuna begiratzera
bakearen lokarriz.
4 Bakarra da gorputza eta bakarra Izpiritua,
zuen deiari dagokion esperantza ere bakarra den bezala.
5 Bakarra Jauna, bakarra fedea, bakarra bataioa;
6 bakarra guzien Jainko eta Aita,
guzien gainetik dagona,
guzien bidez ari eta guzien baitan bizi dena.

Egunean eguneko bakotxaren eginbideak aipatu aitzin, Paulok Jainkoaren asmoa zabaltzen
du, ohi duen bezala. Asmo hori dei bat da, bataioaren bidez bete behar duguna gure bizi guzian :
“Eskatzen dauzuet ukan duzuen deiari doakion bezala ibil zaitezten.”
Leialtasun horri esker dugu Eliza eraikitzen. Bainan “Eliza” aipatzeko partez, hemen gauza
beraz ari da “gorputzaz’ hitz egitean : “Bakarra da gorputza eta bakarra Izpiritua.” Lerro hauek
guziek ikusgai biziki ederra emaiten daukute Elizaz. Mixterio hunen aipatzeko Paulok bi hitz
erabiltzen ditu : gorputza eta eraikina. Laburki erranez : Eliza gorputz bat da etxea bezala eraikitzen
dena. Gorputza bizi da, hazten da, handitzen. Irudi bera erabiltzen du Paulok beste gutun batzuetan
ere : “Anitz izanagatik, Kristorekin elkarturik gorputz bat egiten dugu eta guziak batzu besteen
menbro gira.” (Er 12;5) “Kristoren gorputza zirezte, eta zuetan bakotxa gorputz horren menbro.”
(1Ko 12,27)
Eraikin hortan ez dute denek betebehar bera. Badira Apostoluak, profetak, misiolariak,
erakasleak…Hots, gorputz batean menbroak bezala.
Pauloren begietan Elizako “zerbitzari” desberdin horiek Jainkoaren dohain bat dira,
Izraelgo Legea bezala. Lehen Elkargoan Legea herriaren gidaria zen. Orai, Elkargo Berrian gidari
horiek “minixtroak” dira, erran nahi baita Elizan zerbitzu bat dutenak, bakotxa bere herrunkan.
Kasu boterea sar ez dadin hor artean, zeren Legea libertatearen biderik segurena bezala hartua
baitzen. Pauloren gutun hunek susmatzera emaiten du Korintoko girixtino anaidian tirabirak
bazitezkeela bakotxaren eginbeharrari buruz. Moisek herriari libertatea ekarri bazion Egiptoko
esklabogotik ateraz eta Legea emanez, zenbatez gehiago Jesusek bere Elizako “zerbitzarien” bidez :
“Horrela, herri saindua moldatua da, fededunen zerbitzuko lanak bete daitezen eta Kristoren
gorputza eraikia izan dadin.” Egun batez gizadi guzia “Kristo buru bakarra baitan” bildua izanen
da. (Ef 1,10)

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Profeta handi bat agertu zaiku,
eta jautsi zaio Jainkoa bere jendeari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 6,1-15

1 Jesus joan zen Galilea edo Tiberiadeko itsasoz bestalderat.
2 Jendalde handia jarraikitzen zitzaion
eriak sendatuz egiten zituen ezaugarriak ikusten baitzituzten.
3 Jesus mendirat igan eta han jarri zen bere dizipuluekin.
4 Hurbil zen Bazkoa, Juduen besta nagusia.
5 Jesusek, begiak altxatu eta ikusi zuen jende ainitz heldu zitzaiola.
Erran zion Filiperi:
“ Non erosiko dugu ogia, haueri jatera emaiteko?”
6 Frogatzeko erran zion hori,
ongi baitzakien berak zer eginen zuen.
7 Filipek ihardetsi zion:
“ Berrehun denarioren ogia ez litzateke aski,
bakotxak puxka bat ukaiteko.”
8 Bere dizipuluetarik batek,
Zimun Petriren anaia Andresek erran zion:
9 “ Bada hemen bost garagar-ogi eta bi arrain dituen mutiko bat;
bainan zer da hori hainbesterentzat?”
10 Jesusek erran zuen: “ Jarraraz zazue jendea.”
Belar ainitz bazen leku hartan, eta jarri ziren denak.
Bost milako bat gizon bazen.
11 Orduan Jesusek hartu zituen ogiak,
eta esker onezko otoitza egin ondoan,
partekatu zituen jarriak zirenen artean;
berdin arrainak ere, nahi zuten bezainbat.
12 Ase zirenean, Jesusek erran zioten dizipulueri:
“ Bil ondarrak, deus gal ez dadin.”
13 Bildu zituzten, eta hamabi saski bete,
bost garagar-ogietarik jan zuteneri gelditu ondarrez.
14 Jesusek egin ezaugarria ikusirik, jendeak hunela zion:
“ Hau da zinez mundurat etortzekoa den Profeta.”
15 Jesusek, ordea, baitzakien indarrez ereman nahi zutela
errege egiteko,
mendirat joan zen berriz, bakarrik.

Jesusek ogiak ugaldu eta, herria nola berotu zenetik ikusten da zenbatetaraino jendea
Mesiasen beha zagon. Ikusi zuelarik Jesusek eriak sendatzen zituela, « Jendalde handia jarraikitzen
zitzaion eriak sendatuz egiten zituen ezaugarriak ikusten baitzituzten. » Mirakuluzko apairuaren
ondotik hasi ziren sinesten : « Jesusek egin ezaugarria ikusirik, jendeak hunela zion : « Hau da
zinez mundurat etortzekoa den profeta.
Asaldura handia zitaken, zenbait egun Bazko aitzin. Jendea orroitzen zen nola Egiptoko
esklabotasunetik libratua izan zen eta pentsatzen zuen Mesiasek betiko libertatea ekarriko ziola.
Hortako idazten duke Joanik : « Hurbil zen Bazkoa, juduen besta nagusia. »
Jesus, jendekin, mendirat joan zen : « Jesus mendirat igan zen eta han jarri zen bere
dizipuluekin. » Hemen, « mendia » zinbolikoa da, Galileako ur bazterrean ez da mendixkarik
baizik. Dudarik gabe Joanik ulertarazi nahi dauku Izaik aipatua zuen Mesiasen apairuaren tenorea
jina zela : «Sion mendian, Jaun guziahaldunak apairu nasaia emanen du, herri guzientzat, haragi
gizen eta arno xahar, haragi gizen bikain eta arno xahar garden apairua. »
Filipek, hamabietarik batek, galdegin zion : « Non erosiko dugu ogia, hauieri jaterat
emaiteko ? » Joanirek eransten du : « Frogatzeko erran zion hori, ongi baitzakien berak zer eginen
zuen. » Zertan ezartzen ditu Jesusek apostoluak frogatan ?
Judu batendako, Jesusendako bezala, Jalgitzaren esperientziaren oroitaraztea zen, zeren
Sinaiko denbora izan baitzen « frogapena », Deuteronomeko liburuak dion bezala : « egoera
latzean ezarri zintuzten frogatzeko, zuen barneko xedeen ezagutzeko. » Filipek ez du menturaz
berehala ulertu Jesusek nahi zuela haren fedea frogatu, zeren errepostu zentzudun hau egin
baitzion : «Berrehun denarioren ogia ez litzateke aski, bakotxak puska bat ukaiteko. » Andrek
errepostu : « Bada hemen bost garagar ogi eta bi arrain dituen mutiko bat, bainan zer da hori
hainbesterentzat ? » Filipek eta Andrek ahantzia zuten Elizeo profetaren ixtoria.
Profetaren ixtorian gauza bera gertatu zen haren mutilak erran ziolarik, nola ehun presuneri
jaterat emaiten ahal zen ogi puxka batekin. Elizeok ez zuen hitz hoieri kasurik egin. Jesusek gauza
bera egin zuen eta erran : « Jarrarazkitzue ». Eta zendako Joanik emaiten du xehetasun
hau : « Belar ainitz bazen leku hartan. » Zeren artzain onak arta hartzen baitu artaldeaz : « Jarri
ziren denak, bost milako bat gizon bazen. » Lau ebanjelistek erraiten dute neurriz kanpokoa dela
bost ogi eta bost mila jende, erakusteko zer zen Jesusen ahala.
Joanik erraiten du : « Orduan Jesusek hartu zituen ogiak, eta esker onezko otoitza egin
ondoan partekatu zituen. » Hemen irakurtzen ditugu azken afariko hitzak.