EUKARISTIA ETA EKONOMIA KRISIA (Jn 6,1-15)
Urteko 17. Igandea B 2021-07-25
Kristau guztiok dakigu. Igandeko eukaristia aise bihur daiteke «babespe erlijioso», astean barna bizi izandako bizitza gatazkatsutik gordeko gintuzkeena. Tentagarria da mezara joatea, alde guztietatik estutzen gaituzten problemetatik, tiranduretatik eta albiste txarretatik atseden hartzeko.
Batzuetan oso sentibera izan ohi gara ospakizunaren duintasunari dagokionez, baina kezka txikiagoa izaten dugu Jaunaren afaria ospatzeak berekin dituen eskakizunei dagokienez. Ez dugu gustagarri apaiz batek erritu-araudia estu ez betetzea, baina meza ohikeriaz ospatzen jarraitu dezakegu, ebanjelioaren deiak entzun gabe.
Bat bera da beti arriskua: Jaunarekin bihotzez bat egin nahi izatea, sufritzen duten anai-arrebekin bat egiteaz arduratu gabe. Eukaristia-ogia partekatu nahi izatea ogirik, zuzentasunik eta etorkizunik gabe utziak diren milioika anai-arrebei ez ikusiarena eginez.
Datozen urteetan areagotuz joango dira krisiaren ondorioak, beldur genuen baino askoz ere gehiago. Modu apelaezinean eta ezin saihestuan ezartzen dizkiguten neurrien soka luzeak hazi egingo du gure artean ez-parekotasun zuzengabea. Ikusiz joango gara geure ingurune gutxi-asko hurbileko pertsona asko pobretuz doazela, ziurtasunik gabeko eta aurreikusi ezineko etorkizunaren menpe geldituz.
Hurbiletik ezagutzen dugu osasun-zerbitzurik gabeko etorkinik, bere osasun edo medikuntza problemak nola konpondu ez dakien gaixorik, erruki-egintzaz bizitzera behartua den familiarik, kaleratze-mehatxua jasaten duen jenderik, bere etorkizuna batere argi ez duen gazterik… Ezin libra gintezke. Bietan bat: edota betiko geure ohitura egoistak sendoago egin edo solidarioago bihurtu.
Eukaristiaren ospakizuna gizarte honetan kontzientziazio-bide gerta daiteke. Geure burua liberatu beharra dugu kultura indibidualista honetatik: geure probetxuan bakarrik pentsatuz bizitzera ohitu gaituen honetatik; besterik gabe, gizatarrago izaten ikasteko. Eukaristia osoa dago norabidetua anai-arreba artekotasuna, haurridetasuna, sortzera eta bizitzera.
Ez da gauza normala urtean barna igande guztietan Jesusen ebanjelioa entzun eta haren deien aurrean ez erreakzionatzea. Ezin eskatu diogu Aitari «egun honetako ogia», janari hori lortzeko zailtasunak dituztenak gogora ekarri gabe. Ezin dugu bat egin Jesusekin, geure burua eskuzabalago eta solidarioago bihurtu gabe. Ezin eman diogu bakea elkarri, krisiaren aurrean bakarrago eta babesgabeago bizi direnei eskua luzatzeko prest egon gabe.
Jose Antonio Pagola