ZORIONEKOA ZUREKIN TOPO EGITEN DUENA

Zorionekoa zurekin topo egiten duena.
Zorionekoa zu aurkitzen eta topatzen zaituena.
Edozein izkinatan, edozein bidegurutzetan, lekurik ustekabeenetan,
topo egiten duzu harekin eta ustekaberik handiena ematen diozu.
Zuk liluratzen duzu, eta, zu eskura izateko, dena saltzen du.
Zorionekoa gizon hori! Zorionekoa emakume hori!
Zorionekoa bertakotzen ez dena, eta behin eta berriz zure bila dabilena.
Egunero, edozein ordutan…
Ikusten zaitu eta ezagutzen, harridura sentitzen du lehenengo aldian bezala.
Zorionekoa zurekin topo egiten duena eta aurkitzen.
Zu zeu zara irabazpenik handiena.
Zu zeu zara harribitxirik preziatuena.
Zu zeu zara altxorrik desiratuena.
Bilatzen dugun guztia zeugan daramazu: egia, justizia, maitasuna, bakea, poza, jaia,
iraultza, haurridetasuna, solidaritatea, bizi berria, gizarte berria, gizadi berria.
Zu ez zara galtzen ez eralgitzen, ez zaitu pipiak jotzen, ez zara gelditzen modaz kanpo.
Merezi du dena saltzea zu eskura izateko, zutaz gozatzeko.
Ibiliko ahal zara nire bila eta liluratuko ahal nauzu!
Aurkituko ahal zaitut!
Hori gogoan dudala pozik nago eta alde guztietan aldarrikatzen dut:
Zu zeu zara ene bizitzako altxorra!
(Patxi Loidi)