URTEKO 17 IGANDEA (A) 2020-07-26
SARRERA
Senideok, urteko 17. igandea ospatzen dugu gaur. Lehen irakurgaiak mezu miresgarri bat adierazten digu, Salomon erregearena. Jaunak ametsen esan dio: «Eskatu nahi duzuena eta emango dizut». Zer eskatu duela uste duzue Salomon erregeak? Ba, hauxe: «Ni gaztea naiz, eta herri handi bat neure aurrean. Emadazu hura gobernatzeko jakinduria». Bigarren irakurgaian, berriz, hona zer dioskun San Paulok: «Bere Semearen irudi izateko egin gintuen Jainkoak». Ebanjelioan, geure bizitzarako benetako aukera egitera gonbidatu gaitu Jesusek.
Hona zer dioskun Jesusek: «zer egiten du altxor handi bat aurkitzen duen nekazari batek?» Erantzuna: «Dena saldu, eta altxorra erosi». Esan nahi da: Jesus aurkitu duenak, Jesus salbatzaile, askatzaile, errukitsu… dela konturatu denak, beste horrenbeste egiten du. Gainerako guztiak bigarren mailakotzat hartu, eta Jesusi erabat lotu.
Horretarako, Jainkoak ematen duen jakinduria behar dugu. Espiritua den jakinduria behar dugu.
LEHENENGO IRAKURGAIA 1 Erregeak liburutik (3,5.7-12)
Salomon errege handitzat hartu izan da. Eta hala izan zen, harik eta Jainkoaz ahaztu eta bekatuan erori zen arte.
Artean errege ona zela, amets bat izan zuen: Zer nahi zuen galdetu zion Jainkoak ametsetan. Eta Salomonek, bere erreinua ondo gobernatu ahal izateko, zuhurtasuna eskatu zion, jakinduria. Eta Jainkoari erantzun zion ametsetan: aberastasunak eta botere handiago bat eskatu ez dituzulako, gogotik emango dizut eskatu duzuna.
BIGARREN IRAKURGAIA Paulok Erromatarrei egindakotik (8,28-30)
Jainkoa maite dutenek dena onerako izaten dute dio Paulok. Ez du esan nahi ezbeharrik ez dutela izango, ez. Hau esan nahi du: fedearen bidez, Jainkoa maite duenak dena onartzen duela gizadiaren salbaziorako. Ezerk ez du apartatzen kristaua Jainkoak dion maitasunetik. Beste begi batzuk ematen dizkio Jainkoak gauzak Jainkoaren ikuspuntutik ikusteko. Adibidez, zeurekin duzun abildade bat, ez dugu hartu beste guztien aurrean zeure propaganda egiteko; baizik eta, Jainkoak nahi duen bidetik, besteen zerbitzari apal izateko hartuko eta erabiliko dugu. Kutxa dotore batean zeuretzat bakarrik gorde gabe, eta bozgorailuaz jendearen erakusten jardun gabe. Beti ere txingurri edo inurri langile isil eta lehiatsuak bezala jokatuz.
Ebanjelioa San Mateoren liburutik (13,44-52)
Altxorra aurkitu duenak, duen guztia saldu eta diru horrekin altxorra erosi du. Gauza bera harribitxia aurkitu duenak ere.
Parabola hauen bidez, Jesusek hau adierazi nahi du: altxorra eta harribitxia ezkutuan dauden bezala, Jainkoaren Erreinua ere ezkutuan dagoela. Erreinu horrek dakarren zoriona ez dela ikusten, ezkutuan dagoela. Baina Jesus benetan aurkitzen duen pertsona, erabat aldaturik gertatzen dela. Besterik ez bezalako balio handi bat aurkitu du Jesus aurkitzean.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Jesusengan sinesten dugun guztiontzat: aurkitu dugun altxor horrek eratu dezala gure bizitza osoa, gainerakoentzat osasun- eta poz-iturri izanez. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Estatuak eta erakundeak gobernatzen dituzten guztientzat: botere-nahiak ez dezala usteldu halakoen bihotza; bete dezatela beren erantzukizuna, beti, gizarte zuzenago eta baketsuago bat eraikitzen saiatuz. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Guraso guztientzat: beren heziketa-lanean, saia daitezela seme-alaben bihotzean gauzarik garrantzizkoena esnatzen, distirarik ez duen gauza baina argi egiten duena, gauza kaxkarra dena baina balio handikoa, dirurik produzitzen ez duena baina oso emankor dena. Eska diezaiogun Jaunari..
4.- Aurtengo uda eta atsedenaldi honetarako: aukera ona izan dadila familiako berotasuna indartzeko, adiskideekin topo egiteko, geure Jainko onarekin egoteko. Eska diezaiogun Jaunari.