JAINKOAREN EGITASMOA AURKITU Mateo 13,44-52

Urteko 17. igandea A 2020-07-26

Ez zen erraza Jesusi sinestea. Batzuentzat erakargarri ziren haren hitzak. Beste batzuei, aldiz, aski duda-muda sortzen zitzaien. Arrazoizkoa al zen Jesusi jarraitzea ala zorakeria hutsa? Gauza bera gertatzen da gaur egun: merezi al du bizitza gizatiartzeko haren egitasmoan konprometitzea?, ez al da gauza praktikoagoa nor bere ongizateaz arduratzea? Bitartean, bizitza joaten ahal zaigu inolako erabakirik hartu gabe.

Bi parabola labur kontatu ditu Jesusek. Kontaera bietan, protagonista biek zeinek balio handiko bere gauza batekin egin du topo: altxor batekin edo harribitxi batekin. Era berean erreakzionatu dute biek: duten guztia saldu eta altxorra edo harribitxia erosi. Zentzuzkoena eta arrazoizkoena da, inondik ere.

«Ezkutuan» dago Jainkoaren erreinua. Jende askok ez du aurkitu oraindik Jainkoak duen mundu berri baten egitasmo hori. Halere, ez da misterio atzemanezin bat. Jesusengan dago «ezkutaturik», beraren bizitzan eta beraren mezuan. Jainkoaren erreinua aurkitu ez duen kristau-elkarteak ez du Jesus ezagutzen, ezin jarraitu die beraren urratsei.

Jesusen erreinua aurkitzeak aldatu egiten du aurkitu duenaren bizitza. Halakoaren «poza» ezin nahasia da. Funtsezkoa aurkitu du, Jesusek duen gauzarik onena da, norberaren bizitza aldarazten ahal duena. Kristauok Jesusen egitasmoa aurkitzen ez badugu, Elizan ez da izango pozik.

Paraboletako bi protagonistek erabaki bera hartu dute: «duten guztia saldu dute». Ezer ez «Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna» bilatzea baino handiagorik. Ondoren etorriko da beste guztia, erlatiboa da beste guztia eta Jainkoaren egitasmoaren mendeko izan behar du.

Hau da Elizan eta kristau-elkarteetan hartu beharreko erabakirik garrantzizkoena: askatu geure burua bizitzan eratxiki zaigun hainbat gauzatatik, Jainkoaren erreinuan konprometitzeko. Bota gainean alferrik ditugun gauzak. Ahaztu beste interes batzuez. «Galtzen» jakin, jatortasunean «irabazteko». Horrela jokatzean, Elizaren konbertsioan partaide izango gara.

Jose Antonio Pagola