URTEKO HAMAZAZPIGARREN IGANDEA A
Lehen irakurgaia
( Zalomonek egiazko ontasuna Jainkoari eskatzen )
Erregeen lehen liburutik 3,5.7-12
5 Jauna gauaz agertu zitzaion ametsetan Zalomoni, Gabaonen,
eta erran zion:
“ Galda nahi duzuna, eta nik emanen dautzut.”
Zalomonek ihardetsi:
7 “ Jauna, nere Jainkoa, zuk egin nauzu errege
nere aita Dabiden ordez;
ni, ordea, gazte hutsa naiz, ez dakit nola goberna,
8 eta huna zuk hautatu herriaren erdian nagola;
herri handia da, hain handia non ez baititake neurtu, ez eta konda.
9 Emozu zure zerbitzariari bihotz zentzuduna,
zure herriaren gidatzeko, eta ongia gaizkitik berexteko;
bestela, nola gida hain handia den zure herria? ”
10 Galde horrek atsegin eman zion Jaunari; eta erran zion:
11 “ Hori eskatu duzulakotz, eta ez zuretzat urte ainitz,
ez eta aberastasunak, edo zure etsaien heriotzea,
bainan bai zuzen erabakitzeko zuhurtzia,
12 nik egiten dut zuk errana,
eta emaiten dautzut bihotz zuhur eta jakintsuna,
zuk baino lehen nehork izan ez duen bezalakoa,
ez-eta zure ondotik nehork izanen.”
Zalomon, berriki errege koronatua, Jerusalemetik han berean den Gabaon saindutegirat joan
zen sakrifizio eskaintzera. Han egin zuen otoitz bat guziz famatua Izraeldarren artean. Bainan testu
hunen konprenitzeko, testu inguruari so bat egin behar zaio, nehork ez dezan uste ukan Salomon
sainduño bat zela.
Zalomonen tronurat igaitea, gertakari frango hitsen ondorioa izan zen. Salomon baino hiru
anaia zaharragok tronua berendu nahi ukan zuten. Heien artean hilketak izan ziren eta azkenean
Salomon garaile atera zen bere amaren zimarkueri esker, Salomonek bere kontrakoak hilarazten
zituela tronuan jarri bezain laster.
Zalomonek, halere, fite konprenitu zuen herri baten giderretan zenak, zuhurra izan behar
duela eta Jainkoak bakarrik duela zuhurtzia emaiten. Horra zertako den “Zalomonen otoitza” hoin
umila eta konfiantzaz betea. “Jauna….gazte hutsa naiz, ez dakit nuntik norat jo…Emazu zeure
zerbitzariari bihotz zentzuduna.”
Jainkoak gaindika eman zion zentzua : “Nik egiten dut zuk errana, eta emaiten dauzut
bihotz zuhur eta jakintsuna…” Salomon ez zen saindu handia, bainan umilki eskatu zuena ukan
zuen. Hunek oroitarazten dauku Ebanjelioko zergalariaren otoitz umila, hura barkaturik joan baitzen
etxerat (Lk 18,9-10).
Salmoa 118
Leloa : Jaun zerukoa, zoin dutan maite zure legea !
Hau dut bizia, hau dut guzia bai nik Jauna:
Egin nahi dut zuk errana.
Zure ahoko legeak hobe du balio
Urre, zilarrez milek baino.
Pizgailu bekit zure betiko bihotz ona,
Neri baituzu hitzemana.
Bizi nadien ixur nasaiki amodio,
Zure legea hain dut gozo.
Hargatik ditut manamenduak bihotzean:
Ez zait urrea deus aldean
Hargatik hautuz zuk nahiari nagokio:
Gezur bidea dut hastio.
Eman ditutzu manamenduak miragarri:
Hargatik naiz ni hoitan ari.
Zuk erran hitza entzuleentzat zer argia:
Bihotz lañoen bidaria.
Salmo hau lehen irakurgaiaren segida bezala da. Gauza bera erraiten du : gizakiak zoriona
aurkituko du Jainkoa baitan fidatzen bada, harek erakutsi bidetik balinbadabil : ” Dohatsu bide
garbi garbian ari dena, Jainko legean dabilana.”
Salmo hau salmotegiko luzeena da : 22 kobla baditu. Zergatik 22 ? Hebrear alfabetak 22
letra baititu. Kobla bakotxa letra horietarik batekin hasten da, lehenetik azkenerat. Salmo hau
fedezko aitorpen luze bat da, litania gisan egina, Jainkoaren legearen ohoretan. Legea, Jainkoaren
“manamenduak”, ez dira nagusi zapatzaile baten nahi zorrotz bezala hartzen, bainan kontseilu batzu
bezala : zorionerat deramaten bide bakarra : “Dohatsu Jaunak manatueri jartzen dena, bihotzez bila
doakona.”
Bigarren irakurgaia
( Jainkoak nahi gaitu Kristoren aintzan partalier )
Jondoni Paulok Erromanoeri 8,28-30
Haurrideak,
28 badakigu Jainkoa maite dutenentzat,
gauza guziak onerako bideratzen dituela,
haren erabakiaren arabera deituak direnaz geroz.
29 Aitzinetik ezagutu dituenak, aitzinetik ere hautatu ditu Jainkoak,
bere Semearen idurirat izan daitezen,
eta hola, Semea haurride ainitzen artean lehen-seme izan dadin.
30 Aitzinetik hautatu dituenak, deitu ere ditu;
deitu horiek, berriz, zuzen egin,
eta zuzen egin ditueneri bere aintza eman diote.
Paulok, zenbait lerrotan, Jainkoaren betiko xedea erakusten dauku, gizonen historia guzian
zabaltzen dena. Lehen urratsa Jainkoarena da : Jainkoaren asmoa amodiozkoa : « Badakigu gauza
guziak onerako ari direla Jainkoa maite dutenentzat. » « Jainkoa maite dutenentzat » bai, bainan
bestentzat ? Heientzat Jainkoak ez ote du xederik ? Paulok eransten du : « haren erabakiaren
arabera deituentzat. » Eta badakigu Jainkoaren xedea gizon guzien biltzea dela, izadi guziaren
bateratzea, Paulok efesoarreri idatzi bezala : « (Jainkoak) bere asmo gordea, guri ongia egin nahiz
erabakia zuen asmoa, ezagutarazi dauku : historia bere beterat eremaiteko, diren guziak, zerukoak
eta lurrekoak, Kristo buru bakarra baitan biltzea. » (Ef 1,9-10) Hori du Paulok ikusten hemen.
Jainkoak eman hitz hori ez da bakarrik Izraelentzat. Isaik, adibidez, behin eta berriz
mezutzen du Jainkoaren asmoa gizon guzientzat dela : “Sion mendian, Jaun guziahaldunak apairu
nasaia emanen du herri guzientzat…Egun hartan erranen da : Huna gure Jainkoa! Haren beha
ginauden eta salbatu gaitu.” ( Is 25,6.1)
Jainkoaren salbamen asmo hori, Paulok bi mailetan ikusten du. Lehena : Jainkoak bere
Semea igorri du :”Kristo da gorputzaren -Elizaren- burua. Hura da hastapena, hiletarik lehen
piztua, guzietan lehena izan zadin” (Kol 1,8). Bigarren maila : Jainkoaren amodioari ihardesten
diotenak, Kristoren idurikoak dira, Aitaren nahia egiten dutenak. Orduan Jainkoaren seme-alaba
dira, Kristorekin batean Jainkoaren ondoko (Er 8,17), Jainkoaren izaitearen kide, jadanik haren
lorian onartuak.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Eskerrak zuri, Jainko Aita, zeru-lurren Jaun betikoa:
Haur ttipieri baititutzu Erresumako mixterioak agertuak
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 13, 44-52
Jesusek parabola hauk erran ziozkan jendeari:
44 “ Zeruetako Erreinuak iduri du diruketa bat, landa batean gordea.
Norbaitek aurkitzen duelarik, berriz gordetzen du,
eta lorietan badoa,
dituen guziak saltzen ditu, eta landa hura erosten.
45 Edo oraino:
Zeruetako Erreinuak iduri du perla ederketa dabilan tratularia:
46 Balio handiko perla bat aurkitzen duenean, badoa,
dituen guziak saltzen ditu, eta perla erosten.
47 Edo oraino, Zeruetako Erreinuak iduri du
itsasorat botatzen den sare bat,
eta mota guzietako arrainak biltzen dituena.
48 Betea denean, itsas-bazterrerat ateratzen dute,
eta jarririk, onak saskietarat biltzen dituzte
eta tzarrak kanporat botatzen.
49 Berdin izanen da munduaren azkenean:
aingeruak etorriko dira , gaixtoak zuzenetarik berexiko dituzte,
50 eta su-laberat botako.
Han izanen da nigar eta hortz-karraska
51 Horiek oro konprenitu ditutzue? ”
Heiek ihardetsi zioten: “Bai.”
52 Jesusek orduan:
“ Beraz, zeruetako Erreinuko ikasle
egin den lege-irakasleak iduri du
bere gordailutik zahar eta berri ateratzen duen etxeko jauna”
Jainkoaren erresuma zerekin pareka daiteken, Jesusek lau etsenplu labur emaiten ditu,
bainan lauak batera doatzi bide desberdinetarik.
Bi lehenak elgarren bete dira : bi gizon horiek altxor bat aurkitzen dute, eta dituzten guziak
saltzen haren erosteko. Altxor hori ontasun guziak baino gehiago balio duena da : Jainkoarekilako
adiskidantza, Jainkoarekin bat egitea. Ez da dudan egoiterik : « Jesus Galilearat etorri zen eta
Jainkoaren berriona oihukatzen zuen, erranez : Betea da denbora…Bihozberri zaitezte eta sinets
berriona. » (Mk 1,15)
Ondoko parabolaren erran-nahia Jesusek berak emaiten du : arraintzariek arrañak berexten
dituzten bezala, Jainkoak ere gauza bera eginen du munduaren akabantzan. Belar basaren parabolan
bezala (Mt 13,24-30), hemen ere azken jujamenduaren irudi apokaliptikoa irakurtzen dugu.
Historiaren buruan garbiketa handi bat izanen da : gaizki oro baztertuko da, Jainkoaren iduriko
denak bakarrik iraunen du.
Azken parabolak Jesusen dizipulu bilakatu den lege-irakasle bat aipu du. Dazkien guziak
baliatu behar ditu, Testamendu Zaharreko idatzien jakintza bai eta Jesusek ekarri duen mezu berria.
Alabainan, badakigu Jesusek erakatsi dauzkigun mixterioek Testamendu Zaharrean dituztela erroak,
eta badakigu ere Testamendu zaharrak Testamendu Berrian aurkitzen duela bere betea. Bat eta
bestea ezagutu behar dira : horra altxor handia eta bakarra.