PARABOLAK KRISIALDIRAKO (azkena)
Urteko 17. igandea A (2017-07-30)

Gaurko honen aurreko bi igandeetan, parabolaz egindako diskurtsoak antzinako kristau-elkarteak egiten zituen hiru galderei erantzun zien; gaur ere egiten ditugunei:
1.-Zergatik ez dute onartzen guztiek Jesusen mezua? (ereilearen parabola).
2.-Zer egin onartzen ez dutenekin? (garia eta iraka).
3.-Ba al du etorkizunik hain txikia den elkarte honek? (mostazaren eta legamiaren parabolak).

Badira oraino bi galdera, planteatzeko eta erantzun eske.

Merezi al du?

Hau da Jesusen ikasleek, agian, darabilten galdera: merezi al du horretaz guztiaz arduratzea? Galdera honi bi parabola oso laburrek erantzun nahi diote; itxuraz, antzekoak dira garatzeko moduan, eta antz handikoak irudietan. Horregatik esaten zaie, altxorraren eta harribitxiaren parabola.

Hona zer gertatzen den bietan:
a.-Egundoko balioa duen zerbait aurkitu du protagonistak.
b.-Hura lortzeko amoz, daukan guztia saldu du.
c.-Nahi zuen gauza hura erosi du.

Halaz guztiz, alde biziak ageri dira bi parabolen artean, protagonistekin hasita.

Zori on handikoa eta ardura handikoa (altxorra eta harribitxia)

Lehen parabolako protagonista zori oneko gizon bat da. Landan barna dabilela, altxor bat topatu du. Bere lehen erreakzioa ez du izan hura galdutako gauzen bulegora eramatea (garai hartan ez zen horrelakorik), ezta egunkarian albistea ipintzea (hau ere ez zen). Lehenik eta behin, ezkutatu egin du. Hasierako ezustekoa gainditurik, pozik jarri da eta altxorraz jabetzea erabaki du, baina legez. Aterabide bakarra, landa hura erostea du. Handia da eta garestia. Daukan guztia saldu, eta erosi du.

Bigarren parabolaren protagonista oso bestelakoa da. Ez dabil denbora galtzen landan barna pasioan. Salerosle arduratsua da; balio handiko harribitxi bila dabil. Zoritxarrez, itzulpen liturgikoak galdu egin du alderdi hau: «Zeruetako Erreinuak harribitxien salerosle baten antza du» ordez, beste hau esan beharko luke: «harribitxien bila dabilen salerosle baten antza». Ez du aurkitu ustekabean, baizik eta antsiaz doa haren bila. Salerosle on, kalkulatzaile eta hotz bezala, ez da hasi, aurkitu duenean, pozez jauzika, lehen parabolako protagonista bezala. Baina gauza bera egin du: daukan guztia saldu eta hura erosi.

Harribitxia eta saleroslea. Hona beste alde bitxi bat. Lehen parabolak altxor batekin alderatu du Zeruetako Erreinua; bigarrenak, ordea, ez du alderatu harribitxi batekin, baizik eta saleroste batekin. Xehetasun honek pista bat eman digu bi parabolak interpretatzeko.

Ez txartel-zaborrik, ez estanpatxo-iruzurrik. Ez dezagun ahaztu, parabola hauek elkarte bati zuzenduak direla, krisialdi sakon bat jasaten ari den bati, eta bere buruari galdetzen dionari kristau izateak balio ote duen. Gaur egungo hitzez esanda, txartel-zaborrak saldu dizkidate edo estanpatxo-iruzurra egin? Erantzunak hasiera hartako esperientzia birbizi nahi du, bakoitzak Jesusi jarraitzea erabaki zuen une hura. Batzuk elkartearekin harremanetan ustekabean hasi ziren, eta hartan altxor bat aurkitzera iritsi ziren, zeinengatik gauza guztiei uko egitea merezi zuela uste izateraino. Beste batzuek elkartea aurkitu zuten, ez ustekabean, baizik eta urtetan kezka erlijiosoa bizi eta zorrotz bila ibili ondoren; hala gertatu zitzaion aldez aurretik judaismoarekin harremanak izan zituen pagano askori; hauek ere uko egin beharra izan zuten eta saldu beharra nahi zutena lortzeko.

Parabola hauek, ilusioa sortzeaz gainera, kontzientzia-azterketa egitera eragiten digute. Jesusekiko neure fedea eta kristau-elkartea altxor ezin-baliotsuago izaten jarraitzen al dute ala hautsez betetako traste zahar bihurtu da, ohikeria hutsez gordetzen dudana?

Aldi berean, gauza oso garrantzizko bat irakasten digu: kristaua da, bere jarreraz, Erreinuaren balio gorena gainerakoei agertzen diena. Aurkitzean pozik jartzen eta azaltzen ez bada, hura lortzeko gauza guztiei uko egiten ez badie, ez du bihurtuko sumagarri Erreinuaren balioa. Ematen du, parabola hauek hau esan nahi digutela: «Galdetuko dizutenean, kristau izateak pena merezi duen, ez zaitez hasi diskurtso bat botatzen: agertu ezazu zeure jarreraz pena merezi duela».

Zer gertatuko zaie Erreinua onartu, bai, baina haren idealen arabera bizi ez direnei?

Azken galdera honi erantzuten dio itsasora botatako sarearen parabolak. Ez dago argi, gizadi osoaz ari den, non jende ona eta gaiztoa baitago, ala kristau-elkarteaz ari den, non gauza bera gerta baitaiteke. Auzi unibertsalaren gaia gariaz eta irakaz hitz egitean jorratua denez, ziurrenik kristau-elkartearen baitako problemaz ari dela ematen du. Horrela harturik, oso ondo egokituko litzaieke aurreko biei. Bada elkartean, ebanjelioaren baloreen arabera bizi ez den jenderik, altxor bat edo harribitxi bat aurkitu izanaren esperientziari eusten ez dionik. Zer gertatuko litzateke halakoekin? Oso latza da erantzuna («gaiztoak sutan den labera botako dituzte»); baina Mateoren ebanjelioko azken parabolarekin osatu beharko litzateke, azken auzikoarekin (Mt 25,31-46); han garbi gelditu da zein diren arrain on eta zein txar. Hauek dira onak: jakinik edo jakin gabe, gose denari jaten, egarri denari edaten ematen diotenak, biluzik dena janzten dutenak, aterperik ez duenari ostatu ematen diotenak… Premian denari laguntzen diotenak, sumatu egiten ez badute ere halakoen barnean Jesus bera dagoela.

Konklusioa

Ebanjelioaren predikaria familiako aita batekin alderatuz bukatu ditu Mateok zazpi parabolak. Beste enigma bat dela ematen du, oraingo honetan azalpenik gabea. Ondo-ondoko zentzuan, Jainkoaren erreinuaz aditua den lege-maisua Jesus bera da. Bere mezua adierazteko, gauza berriez eta zaharrez baliatu da. Bere oroitzapen kutxatik gauza zaharrak atera ditu: aipamen bat Itun Zaharraz, teknika parabolikoa eta profeten irudimenezko hizkuntza. Zatirik handienerako, gauza berriak erabili ditu, bere esperientziaren eta behapen-gaitasunaren fruituak; landa-jendearen bizitza, etxekoandrearena, arrantzalearena, saleroslearena, inguruan duen jendearena: honek guztiak balio izan dio bere mezua modu interesgarrian adierazteko. Horregatik, azken konparazioa ere gonbit bat da ikasleentzat eta ebanjelioaren predikarientzat: kreatzaile izan daitezen, beren hizkuntza berritu dezaten, ikasitakoa errepikatze hutsera muga ez daitezen.

Lehen irakurgaiak, Jainkoari jakinduria hau eskatzera gonbidatzen gaitu, Salomonek bere herria gobernatzeko eskatu zionean bezala.

José Luis Sicre