Urteko 14. igandea A 2017-07-09
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaur, mezako irakurgaiak irakurri eta arnastu aurretik, Irakurgaien Liturgian, 131 [130]. salmoa hausnartu ahal izan dugu: «Jauna, nire bihotza ez da handi min, ez nire begiak gora zale; ez nabil gauza handien atzetik, ez neurriz gainekoen atzetik…».

Zenbat aldiz otoiztu ote zuen salmo hori Zakarias profetak! Hona nolako Mesias, nolako salbatzailea iragartzen digun: zuzena eta garailea, baina apala eta umila; ez da etorriko zaldiz eta harroputz; astakume baten gainean etorriko da; ez du gerla-armarik ekarriko; bakea ekarriko du.

Eta Jesusek? Joserekin eta Mariarekin batean, otoitzean imajinatzen dut, 131. salmo honetaz gozatzen: «Isil eta lasai dut barne-gogoa, haurtxoa amaren altzoan bezala, haurtxoa bezala dut barnean gogoa».

Bai. Esperientziak ere ondo erakutsi dio haurra dela benetako hartzailea, Jainkoak eskaintzen digun mezuaren egiazko hartzailea. Handikiek ez dute inoren mezuren beharrik. Eskerrak, Aita, jende xumeak onartzen duelako zuk salbatzaile bidali diozuna. Eskerrak, Aita, jende xumeak onartzen nauelako, zuk salbatzaile eta askatzaile bidali nauzun hau.

Jesus ez zen izan inuxente bat. Bazekien, bere mezua ez zutela gizon-emakume guztiek gauetik goizera onartuko. Talde bat eratu nahi izan zuen, mezu hori munduan zabaltzen joango zena: Ez ditu, ordea, engainatu nahi. «Hartu nire uztarria» esan die. Baina arina da uztarri hori. Maitasunak ez du sentitzen aldaparen gogorra.

Eta zein da uztarria? Hauxe: otzana eta apala naiz. Hori da Jesusen uztarria.

Ez du onartzen, eskolako umeen arteko bullying-ik; ez du onartzen, taldeko makalenaren aurkako talde-jarrerarik.

Ez du onartzen, nazio handi batek nazio txikiak irenstea.

Ez du onartzen, enpresa handi batek enpresa txikiak irenstea.

Ez du onartzen, ondasun ekonomiko handiagoak lortzeko, langileen laneko segurtasuna alde batera uztea.
Ez du onartzen, zaharraren zaharraz jada afektibitate handirik agertu ezin dizuten gurasoak aparkatu, eta etxeko laguntzat txakur jostalari bat hartzea.

Bai. Jabetu da Jesus, bere mezua ez duela onartuko jende guztiak. Baina ulertu du ere, badela talde bat onartzen duena: bihotza xume, apal, umil, garbi, argi, zabal… duena. Aitak munduan agertu izan duen jokabidea sumatu, ikusi, hausnartu eta maite duena. Zeruko Aita horren handitasun guztia, Aita horren ahalmen guztia, maitasuna dela ulertu duena.

Eta Jesus, poz-pozik, alai eta bere baitan ezin kabiturik. Aitari eskerrak eman dizkio: Eskerrak, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek guztiak jakintsu eta adituei ezkutaturik, jende xumeari agertu dizkiozulako.

Senideok, goratu dezagun Jesusen pedagogia. Ez du indarrez ezarri nahi izan bere mezua. Pazientzia gozo eta bihozkoia bizi eta agertu du, eta pazientzia gozo eta bihozkoia eskatu die bere jarraitzaileei. Jesusek bezala, ikasiko ahal dugu Andre Mariaren altzoan, salmogilearekin batean esaten eta izaten: «nire bihotza ez da handi min, ez nire begiak gora zale; ez nabil gauza handien atzetik, ez neurriz gainekoen atzetik…».

DIONISIO AMUNDARAIN