URTEKO 16. IGANDEA OHARRAK (2019-07-21)
SARRERA
Senideok. Bai lehen irakurgaiak, bai ebanjelioak, pertsona batzuek Jaunari eskaini dioten harrera ona agertzen digute. Abrahamek batetik; Martak eta Mariak bestetik. Bai jarrera gizakoia eta atsegina kasu bietan.
Jarrera horren azpian edo hondoan dagoenaz gogoeta egitera garamatza horrek. Abrahami bere berezko gizatasunetik sortu zaio eman duen erantzuna; jakin du berezkotasun on hori gordetzen; Kreatzaileak bihotzean txertatu dion ontasuna da. Martak eta Mariak ere berezko ontasun hori agertu dute; gainera, Jesusen adiskidetasuna ezagutu izanak, handitu egin berezkotasun hori. Horrek guztiak Jesus adiskidetzat hartzera bultza egin die.
Senideok, jakinaren gainean edo ez, geure barruan daramagu guztiok Kreatzaileak txertatu digun ontasunaren seilu edo zigilua. Joan den igandeko lehen irakurgaiak agertu zigun zerbait gai horretaz: bihotzean txertatu digu Kreatzaileak ontasuna. Eta ontasun horren puska da besteei harrera ona egiten jakitea. Behar denean, bestea norberaren etxean hartzeraino, ostalari bihurtuz.
Eukaristia honek lagundu gaitzala Jainkoaren Hitza aintzat hartzen eta anai-arreba guztiekiko zerbitzuan bizitzen.
LEHEN IRAKURGAIA Hasiera liburutik (18,1-10)
Pasarte honetan esango digu Abraham handiak topo egin duela hiru bidaiari misteriotsu batzuekin. Ez daki zein diren. Halere, harrera bikaina egin die. Edateko ura, jatekoa eta atsedeteko aukera eskaini dizkie.
Juduen tradizioak, hiru atzerritar horiek hiru goiaingerutzat hartu izan ditu. Eliz guraso kristau batzuek, berriz, Hirutasun Santua ikusi dute hiru horietan. Adierazi nahi dute, hiru ezezagunak onartzean, Abrahamek Jainkoa bera onartu duela; gogoan izan, idazleak batzuetan asko balira bezala hitz egiten duela; beste batzuetan bakarra izango balitz bezala. Hebrearrei Gutunak, Itun Berrian jada, ezkutuko aipamena egin dio Abrahami hau idaztean: «Ez ahaztu harrera ona egitea; horri esker, batzuek, jakin gabe, aingeruak onartu zituzten» (Heb 13,2).
Antzina, gure baserrietan, afaria eta etzalekua ematen zitzaien eskaleei. Jesusek esan digu: hauetako bati egina, neuri egina da.
BIGARREN IRAKURGAIA Kolosarrei gutunetik (1,24-28)
Elizaz eta, zehazki, Kolosasko elizaz zer sentitzen duen diosku Paulok. Bere esperientziatik mintzo zaigu Paulo, Jesusen ikasleak nolakoa izan behar duen adieraztean.
Lehenik eta behin, Jesusi jarraitzeak berekin duen sufrimendua onartu behar du kristauak. Elizaren bizitza Kristorena bezalakoa izango da: aintza dakarren gurutzea izango du berekin.
Bigarren, Jesusen ikasleak buru-belarri bizi behar du Ebanjelioa besteei emateko gogoa. Biblia osoan ageri eginbehar hori. Hau du helburua: «gizon-emakume guztiak iritsi daitezela heldutasunera beren kristau-bizitzan».
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (10,38-42)
Martak, Mariak eta Lazarok etxean onartu dute Jesus. Lukasek, pasarte honetan, ez du aipatu Lazaro. Lukasi asko gustatzen zaio emakumeek parte hartzen duten gertaerak kontatzea.
Jada, zorionez, alde batera utzia den tradizio teologiko baten arabera, Marta lanaren sinbolo izango litzateke; Maria entzuten dakienaren sinbolo. Oker hartu izan dira, ordea, bi jarrerak, elkarren kontrako izango balira bezala.
Egia esateko, Jesusen adierazpena beste bat da: pertsona bakoitzaren jarrera zaio axola Jesusi. Ez da kontua bat lehenago izatea bestea baino. Jesusek hau kritikatzen du: lan bati itsu-itsuan lotzea, gogoeta egin gabe, ez jatorriaz, ez helmugaz: nondik natorren, nora noan aztertu gabe. Zertako lan egin? Hor dago kasu hori: itsu-itsuan bere burua lanari, kirolari, beste zernahi egitekori eskaintzen dionaren kasua, gogoeta egiteko ordubete hartu gabe.
Bestetik, Jesusek ikusarazi nahi die / digu, emakumeei Moisesen legean eskolatzea debekatzen zieten arauek ez zutela zentzurik. Emakumeak, orduan eta gaur, gizonezkoak bezalako eskubideak dituela.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Elizan erantzukizun bereziren bat dutenen alde: aita santu, gotzain, apaiz, diakono, erlijioso/erlijiosa, laiko: gurekin bizi den Jainkoaren seinale bizi eta hurbil izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Edozergatik sufritzen ari direnen alde: gugan, Nazareteko Jesusengan sinesten dugunongan, harrera, hurbiltasuna eta solidaritatea aurki ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure familientzat: gure etxea bake eta anai-arreba arteko leku bizi izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Jadanik fisikoki gurekin ez ditugun familiarteko eta adiskideen alde: Jainkoaren lagunarteaz goza dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.