URTEKO 16. IGANDEA OHARRAK (2016-07-17)

SARRERA

Senideok. Bai lehen irakurgaiak, bai ebanjelioak, pertsona batzuek Jaunari eskaini dioten harrera ona agertzen digute. Abrahamek batetik; Martak eta Mariak bestetik. Bai jarrera gizakoia eta atsegina kasu bietan.
Jarrera horren azpian edo hondoan dagoenaz gogoeta egitera garamatza horrek. Abrahami bere berezko gizatasunetik sortu zaio eman duen erantzuna; jakin du berezkotasun on hori gordetzen; Kreatzaileak bihotzean txertatu dion ontasuna da. Martak eta Mariak ere berezko ontasun hori agertu dute; gainera, Jesusen adiskidetasuna ezagutu dute. Horrek guztiak Jesus adiskidetzat hartzera bultza egin die.
Izan ere, senideok, jakinaren gainean edo ez, geure barruan daramagu guztiok Kreatzaileak txertatu digun ontasunaren seilu edo zigilua. Joan den igandeko lehen irakurgaiak agertu zigun zerbait gai horretaz: bihotzean txertatu digu Kreatzaileak ontasuna.
Ontasunaren seilu hori ageriago egitera etorri da Jesus; Jainkoarekiko eta lagun hurkoarekiko dugun berezko adiskidetasuna agerian jartzera. Horretarako, guri harrera egin digu, entzun egin digu.Gure ostalari egin da.
Ostalari izatearen sakramentu edo seinale da Eukaristia. Jainkoak, doan, Erreinuko jai-otordu horretan parte hartzera gonbidatu gaitu. Eukaristian, Kristorekin batean, zeruko Aitaren maitasuna ospatzen dugu. Baina kontu egigun: Eukaristian hartzen dugun hura bihurtzeko, ezin egin diogu ezikusiarena bizitzari, geure senideen bizitzari. Jesusekin bat egiteak, gainerakoekin bat egitera garamatza, gainerakoentzat izatera.
Eukaristia honek lagundu gaitzala Jainkoari entzunez eta harekin hitz eginez bizitzera, eta anai-arreba guztiekiko zerbitzuan bizitzera.

LEHEN IRAKURGAIA Hasiera liburutik (18,1-10)

Pasarte honetan entzungo dugu Abraham handiak topo egiten duela hiru bidaiari misteriotsu batzuekin. Ez daki zein diren. Halere, harrera bikaina egin die. Edateko ura, jatekoa eta atsedeteko aukera eskaini dizkie.
Juduen tradizioak, hiru atzerritar horiek hiru goiaingerutzat hartu izan ditu. Eliz guraso kristauek, berriz, Hirutasun Santua ikusi dute hiru horietan. Adierazi nahi dute, hiru ezezagunak onartzean, Abrahamek Jainkoa bera onartu duela. Hebrearrei Gutunak, Itun Berrian jada, ezkutuko aipamena egin dio Abrahami hau idaztean: «Ez ahaztu harrera ona egitea; horri esker, batzuek, jakin gabe, aingeruak onartu zituzten» (Heb 13,2).
Antzina, gure baserrietan, afaria eta etzalekua ematen zitzaien eskaleei. Jesusek esan digu: hauetako bati egina, neuri egina da.

BIGARREN IRAKURGAIA Kolosarrei gutunetik (1,24-28)

Elizaz eta, zehazki, Kolosasko elizaz zer sentitzen duen diosku Paulok. Bere esperientziatik mintzo zaigu Paulo, Jesusen ikasleak nolakoa izan behar duen adieraztean.
Lehenik eta behin, Jesusi jarraitzeak berekin duen sufrimendua onartu behar da. Elizaren bizitza Kristorena bezalakoa izango da: gurutzea izango du berekin.
Bigarren, Jesusen ikasleak buru-belarri bizi behar du Ebanjelioa ezagutarazteko gogoa. Biblia osoan ageri den erregua da. Hau du helburua: «gizon-emakume guztiak irits daitezela heldutasunera beren kristau-bizitzan».

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (10,38-42)

Martak, Mariak eta Lazarok etxean onartu dute Jesus. Lukasek, pasarte honetan, ez du aipatzen Lazaro. Lukasi asko gustatzen zaio emakumeek parte hartzen duten gertaerak kontatzea.
Jada alde batera utzia den tradizio teologiko baten arabera, Marta lanaren sinbolo izango litzateke; Maria entzuten dakienaren sinbolo. Oker hartu izan dira biak, elkarren kontrako izan balira bezala.
Egia esateko, Jesusen adierazpena beste bat da: pertsona bakoitzaren jarrera zaio axola Jesusi. Ez da kontua bat lehenago izatea bestea baino. Jesusek hau kritikatzen du: lan bati itsu-itsuan lotzea, gogoeta egin gabe, ez jatorriaz, ez helmugaz: nondik natorren, nora noan aztertu gabe. Zertako lan egin? Hor dago kasu hori: itsu-itsuan bere burua lanari, kirolari, beste zernahi egitekori eskaintzen dionaren kasua, gogoeta egiteko ordubete hartu gabe.
Bestetik, Jesusek ikusarazi nahi die / digu, emakumeei Moisesen legean eskolatzea debekatzen zieten arauek ez zutela zentzurik. Emakumeak, orduan eta gaur, gizonezkoak bezalako eskubideak dituela.
Beraz, Jesusentzat, zerbitzuan aritzea bai; baita, ordea, gogoeta egitea ere, entzuten jakitea ere. Biak dira elkarren osagarri.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizan erantzukizun bereziren bat dutenen alde: aita santu, gotzain, apaiz, diakono, erlijioso/erlijiosa, laiko: gurekin bizi den Jainkoaren seinale bizi eta hurbil izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Edozergatik sufritzen dutenen alde: gugan, Nazareteko Jesusengan sinesten dugunongan, harrera, hurbiltasuna eta solidaritatea aurki ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure familientzat: gure etxea bake eta anai-arreba arteko leku bizi izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Jadanik gurekin ez ditugun familiarteko eta adiskideen alde: Jainkoaren lagunarteaz goza dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.