EKIN ETA EKIN ALA ADITU?
Urteko 16. igandea C 2019-07-21
Joan den igandean, samariar onaren parabola ekintzarako gonbita eginez bukatu zen: «Zoaz, eta egin zeuk ere gauza bera». Irudika dezagun, aurrean duguna ez dela zartaka erdi hilik utzitako gizajo bat, baizik Jesus bera. Eguerdian azaldu da etxean. Zer da garrantzizkoago: jaten ondo emateko ekin eta ekin aritzea ala berari aditzeko esertzea?
Ebanjelioa otordurako gonbitaz ari delako, lehen irakurgairako Abrahamen pasadizo sonatu bat aukeratu dute: kanpadendara iritsi zaizkion hiru pertsonaia misteriotsu gonbidatu ditu.
Abrahamek Jauna gonbidatu du jatera (Hasiera 18,1-10)
Zenbat dira gonbidatuak?
Kontaera labur hau sekulako buruhauste gertatu da Hasiera liburuaren iruzkingileentzat. Esanez hasi da, Jauna agertu zaiola Abrahami, baina patriarkak ikusi duena hiru gizon izan dira.
Hasieran singularrean hitz egin du, lagun bakarra izango bailitz bezala («ez alde egin, Jauna»), baina gero pluralera igaro da («Berehala ekarriko dizuet ura, oinak garbitzeko. Hartzazue atseden bitartean, zuhaitzaren itzalpean. Jateko zerbait ekarriko dizuet indarberri zaitezte»). Segidako ekintzetan pluralari eutsi dio («Haiek jaten zuten bitartean, zutik egon zen bera [Abraham] ondoan, zuhaizpean. Bukatzean, esan zioten»); baina funtsezko esaldia, promesa handiarena, bakar batek jaulki du.
Laburtuz, benetako buruhauste bat, tradizio desberdinak batu kontaera batean eman izanaren ondorio. Ez dira falta izan, pasadizo hau Hirutasun Santuaren aurrekaritzat hartu izan dutenak.
Abegi ona
Abegi onaren legea basamortuko kodeko oinarrizko arauetakoa da. Azkenik gabeko estepatan barna, ur-tantarik gabe eta hornigaiak erosteko jende-gunerik gabe, ibili behar izaten duen pertsonak egarriz edo ahiduraz hiltzeko arriskua izaten du. Beduinoen edo artzainen kanpamendu batera iristen denean ez da izaten, ez urruneko, ez etsai. Arreta eta begirunea zor zaizkion arrotz izaten da, hiru egunez goza dezake abegi onaz; alde egitean, babesa sor zaio beste hiru egunez (100 kilometro inguru). Abegi onaren lege hau bete nahi izan du Abrahamek.
Menua, bi sukaldari eta maître bat
Abraham ez da mugatu bisitariei ostatu ematera. Berak eta emazteak, zerbitzari baten laguntzaz, egiazko jai-otordu bat prestatu dute: zekor eder bat, mamia, esnea eta irin-loreko ogia. Gaur egungo otorduetan ez bezala, ez da presarik. Orduak igaro dira gonbita egin denetik janaria prestatu eta jaten bukatu arte.
Kontua
Gonbidatuari ez zaio kobratzen. Baina arrotz nagusiak eskuzabal ordaindu du: Sarak seme bat izango duela hitzemanez. Ugalkortasun-gaiak dominatzen du Abrahamen tradizio guztia eta gorabehera asko tarteko direla betetzen da eta era dramatikoan.
Martak bazkaltzera gonbidatu du Jesus (Lukas 10,38-42)
Gaurko ebanjelioaren testua ere eztabaida-gai handi izan da. Lukasek bakarrik dakar kontaera hau, ez dator, ez Mateogan, ez Markosengan, ez Joanengan.
Zenbat gonbidatu dira?
Abrahamen istorioan gauza erraza zen gonbidatuak zenbat ziren jakitea: bat ala hiru. Lukasen kontaerak, berriz, duda betean utzi gaitu. Jesusek beti izaten zituen lagunak berekin, ez Hamabiak bakarrik, baita emakume asko ere, Markosek eta Lukasek berariaz diotenez; azken hauetako batzuen izenak ere aipatzen dituzte. Guztiei ireki al die atea Martak? Jesus bakarrik gonbidatu al du? «Marta, Marta, gauza askorengatik zabiltza kezkaz eta larri» hitzek iradokitzen dute, arazoa ez zela gonbidatu bakar batena. Baina pasadizoak hain sinbolikoa dela ematen du, non zaila baita jangela jendez lepo irudikatzea.
Menua, eta sukaldari bakarra, laguntzailerik gabe
Ez dakigu zein zen gonbidatuen kopurua, baina argi dago sukaldariena. Kontaera honetan ez da Hasiera liburuko konturik; hartan, Sarak ogia oratu eta erre du; Abraham zekorra aukeratzera joan da lasterka, eta hura prestatzeko agindu du; berak, berriz, mamia eta esnea prestatu ditu.
Ebanjeliokoaren etxean ere badira bi lagun; Marta eta Maria. Baina Maria, eroso, Jesusen oinetan eseri da, Marta lanean akabatzen utziz. Zer dela-eta horrenbesteko ahalegina? Gonbidatuak asko direlako? Ala Martak Jesusi Abrahamena bezain otordu mamitsua prestatu nahi diolako, eta astia eta eskuak falta zaizkiolako zokorra, ogia, mamia eta esnea prestatzeko?
Zoritxarrez, ez dakigu zein izan den menua. Iruzkingile batzuen ustez, Jesusek Martari esan dizkion hitzek, «bat bakarra da beharrezko», «platerkada bat da aski» esan nahi lukete, hau da, zertan ari zara gauzak konplikatzen.
Bi jarrera
Maria eserita eta Marta larri ikustearen kontrasteak interpretazio asko eragin izan du. Adibidez, biziera kontenplariak biziera aktiboaren aldean izango lukeen gailentasuna defenditu izan da, kontuan hartu gabe, biziera-forma horiek ez zirela existitzen, ez Jesusen garaian, ez lehen mendeko Elizan. Garai hartako juduen artean baziren joera monastikoko talde erlijiosoak (Flavio Josefok aipatzen dituen esenioak eta Alexandriako Filonek aipatzen dituen terapeutak); baina Lukasek ez digu aurkeztu Maria klausurako mojen eredutzat; ezta Marta ere kristau ezkondu edo biziera aktiboko erlijiosa bezala.
Ebanjelioak ez ditu kontrajarri pasibotasuna eta lana. Jesusek ez dio aurpegiratu Martari lan egitea, baizik eta gauza askorengatik kezkaz eta larri ibiltzea. Mila gauza egiteko, atsegiteko eta ondo gelditzeko kezka horrek gauzarik garrantzizkoena galarazten dio: une batean eseri eta hitz egitea, patxadan, Jesusekin eta honi aditzea.
Guztiok izaten dugu protagonista sentitzeko jarrera, Jainkoaren harremanetan beretan ere. Otoitzak baino gehiago erakartzen gaitu ekintzak; aditzeak eta hartzeak baino gehiago egiteak eta emateak. Garrantzizkoago sentitzen gara. Martaren eta Mariaren pasadizo labur honek gogoratzen digu ezen sarritan ibiltzen garela estu eta larri gauza askorekin, eta ahaztu egiten garela Jaunarekin tratatzeak duen lehentasunaz.
Marta-Maria eta samariar ona
Lerrokada honen hasieran esan dudanez, gaurko pasadizo hau joan den igandean irakurri genuen samariar onaren segida-segidan dator. Biak dira Lukasenak bakarrik, eta uste dut batak bestea argitzen dutela.
Samariar onaren parabola ekintzarako gonbita da premian den jendearen alde: «zoaz eta egin zeuk ere gauza bera».
Lagun hurkoaren aldeko ekintzari eutsi ahal izateko, ordea, hau da prestaketarik hobena: Mariak bezala, eseri eta Jesusen hitza aditzea.
José Luis Sicre