Emakume guztiak Jesusen aurka
Urteko 16. igandea C (2016-07-17)
Tituluak ez du akatsik. Ez naiz ari gizonezkoez, baizik emakumeez. Emakume bakar bat ere ez dator bat Jesusekin. Ezagutzen ditudan emakume guztiek aurpegiratzen diote Jesusi Maria goretsi izana Marta ahizpari laguntzera sukaldera bidali ordez.
Abrahamek otordura gonbidatu du Jauna (Hasiera 18,1-10)
Gaurko ebanjelioa jendea otordura gonbidatzeaz ari delako, lehen irakurpentzat Abrahamen eszena sonatua aukeratu dute: kanpadendara iritsi diren hiru pertsonaia misteriotsuak gonbidatu izana.
Zenbat dira gonbidatuak?
Kontakizun labur hau buruhauste handienetakoa gertatu da Hasiera liburuaren iruzkingileentzat. Esanez hasten da, Jauna Abrahami agertu zaiola, baina patriarkak hiru gizon ikusi ditu.
Hasieran singularrean hitz egin du, pertsona bakarrari bezala («ez zaitez joan gelditu gabe»), baina gero pluralera pasatu da («garbi zaitezten, atseden har dezazuen, indarberri zaitezten»). Segidako ekintzetan pluralari eusten dio («jan zuten, esan zuten»), baina esaldi nagusia, promes handia, batek bakarrik jaulkitzen du.
Laburtuz, benetako buruhausgarri bat, tradizio desberdinek batera jartzearen ondorioa, noski. Ez da falta izan, eszena honetan Hirutasun Santuaren misterioaren aurrekaria ikusi izan duen kristau iruzkingilerik. Ideia horrek oinarri seriosik ez duen arren, sorpen artistiko miresgarri baterako abiapuntu izan da: Andréi Rubliov-en ikonorako, adibidez, 1422-1428 inguruan pintatua.
Menua, bi sukaldari eta maître bat
Abraham ez da mugatu bisitariei ostatu ematera. Emaztearekin batera, eta morroi bat ere tarteko, benetako jaiotordu bat prestatu du zekor bikain batekin, gatzatu, esne eta atonduriko okelarekin. Gaur egungo otorduetan ez bezala, ez dago presarik. Orduak joan dira gonbidatu, jana prestatu eta jan bitartean.
Kontua
Gonbidatuari ez zaio kobratzen. Baina gonbidatu nagusiak eskuzabal ordaindu dio: promes egin dio Sarak seme bat izango duela. Emankortasunaren gaia nabari dugu Abrahamen tradizio osoan, eta gorabehera askoren artean eta era dramatikoan bete egiten da. Gogoko duenari pasarte hau aholkatzen diot: J.L. Sicre, Introducción al Antiguo Testamento, Editorial Verbo Divino, Estella 2011, 115-119 or.
Martak Jesus gonbidatu otordura (Lukas 10,38-42)
Ebanjelioko pasarteak ere eztabaida asko eragin izan du. Lukasek bakarrik dakar pasarte hau, ez da ageri Mateo, Marcos eta Joanengan.
Zenbat gonbidatu otordurako?
Abrahamen historian zaila zen jakitea bat ala hiru ote ziren. Lukasen kontakizunean are handiagoa da duda. Jesusek beti lagunak izan ohi zituen berekin, ez Hamabiak bakarrik, baita emakume asko ere, Markosek eta Lukasek berariaz esaten dutenez. Guztiak hartu al ditu Martak? Ala Jesus bakarrik gonbidatu du? «Marta lanpetua zebilen etxeko zereginetan» hitzek iradokitzen dute kasua ez zela gonbidatu bakar batena. Alabaina, eszenak hain sinbolikoa dela ematen du, non nekez irudikatzen ahal baita aretoa jendez mukuru.
Menua, eta emakume sukaldari bat laguntzailerik gabe
Ez dugu ezagutzen gonbidatuen kopurua, baina argia da sukaldariena. Hemen ez da Hasiera liburukoaren pasartekorik: hartan Sarak oratzen eta erretzen du ogia, Abrahamek zekorra aukeratzen, hura prestatzeko agindua ematen eta gatzatua eta esnea prestatzen parte hartzen duelarik.
Ebanjelioaren etxean ere badira bi lagun: Marta eta Maria. Baina Maria eroso eseri da Jesusen oinetan, Marta lanean ito beharrean utziz. Zer dela-eta horrenbeste neke? Gonbidatuak asko direlako? Ala Martak Jesusi Abrahamena bezain otordu mamitsua prestatu nahi diolako, eta zekorra, ogia, gatzatua eta esnea prestatzeko denbora eta eskuak falta dituelako?
Zoritxarrez, ez dakigu menua zein izan zen. Iruzkingile batzuen arabera, Jesusek Martari esaten dizkion hitzek, «soilik gauza bat da beharrezkoa», hau esan nahi izango zuten: «aski da platera bakarra», ez zaitez nahasi gauza korapilatuagoetan.
Bi jarrera
Eseria den Mariaren eta Marta estutuaren arteko kontrasteari interpretazio asko eman izan zaizkio.
Adibidez, bizitza aktiboaren aldean kontenplaziozkoa garaiagoa dela esan izan da, kontuan izan gabe Jesusen garaian eta Elizaren lehen mendean horrelako biziera-bereizketarik ez zegoela. Garai hartako juduen artean baziren monje-koloreko talde erlijiosoak (Flavio Josefok aipatzen dituen esenioak eta Alexandriako Filonek aipatzen dituen terapeutak); baina Lukasek ez digu aurkezten Maria klausurako mojen eredu bezala, Martaren aurrez aurre, zeina emakume kristau ezkondua edo biziera aktiboko erlijiosa izango bailitzateke.
Ebanjelioak ez ditu kontrajartzen pasibotasuna eta lana. Jesusek ez dio aurpegiratu Martari lan egitea, baizik eta «hainbat gauzatan kezkati eta urduri jardutea». Gauzak egin, atsegin izan eta ondo ikusia izateak gauzarik garrantzizkoena eragozten diote: une batez esertzea Jesusekin hitz egin eta hari entzuteko.
Denok izan ohi dugu protagonista izateko joera, Jainkoarekin izaten ditugun harremanetan beraietan ere. Erakargarriago izaten dugu ekintza otoitza baino, egin eta ematea entzun eta hartzea baino. Garrantzitsuago sentitzen gara. Martaren eta Mariaren eszenak gogoratzen digu, sarritan ibili ohi garela kezkati eta urduri gauza gehiegiren artean, eta garrantzizkoena, hau da, Jaunarekin harremanak izatea ahaztuz.
Marta / Maria eta samariar ona
Gaurko pasadizo hau joan den igandean entzun genuen samariar onaren parabolaren segidan dator. Bi testuak Lukasek bakarrik dakartza, eta, uste dut, batak bestea argitzen dutela.
Samariar onaren parabola ekintzarako gonbita da, gure beharra duenaren alde: «zoaz eta egizu zeuk ere beste horrenbeste».
Lagun hurkoaren ekintzari sostengu bat emateko, ordea, prestaketarik hobena esertzea da, Maria bezala, Jesusen hitza entzuteko.
José Luis Sicre