Urteko 16. igandea C 2019-07-21

HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaur / Atzo goizean, larunbata, Gorespenetan 92 (91) Salmoa otoiztu dugu; ederra irudi zait beraren hasiera, gaurko ebanjelioarekin zerikusi handia duena: «Bai eder, Jauna, zu gorestea eta Goi-goiko hori kantuz ospatzea, GOIZEAN ZURE MAITASUNA IRAGARTZEA, ARRATSEAN ZURE LEIALTASUNA BAIESTEA».

Goizean, Jainkoaren maitasuna iragarri eta arratsean haren leialtasuna baietsi. Jakina, goiza eta arratsa ez dira hartu behar materialki. Baizik eta, hau esan nahi du: batetik, Jainkoaren maitasuna iragarri, adierazi, hots egin, maitasuna dela aldarrikatu, esan, eta, bestetik, ondoren ikusarazi Jainkoa leiala dela, baietsi leiala dela, ziurtatu leiala dela; maitasuna ez dela hitz hutsa, alegia.

Baina zer esan nahi du horrek guztiak guri dagokigunez? Hona, Jainkoa maitasun dela esateak, neure bizieraz maitasun hori ikusteko modukoa dela adieraztea esan nahi du. Neure bizieran agertu duela Jainkoak bera maitasun dela, leial dela; Jesusen bizieran agertu zen bezala

Uste dut, Salmoko esaldi horrek ondo laburbiltzen dituela gaurko lehen irakurgaia eta ebanjelioa: «Goizean zure maitasuna iragarri, arratsean zure leialtasuna egiaztatu». Batetik, Jainkoa harreragile dela azaldu; bestetik, Jainkoaren Hitza aintzat hartzen dudala.

Gaurko ebanjelioan, hiru pertsonaia bakarrik aipatu dira: Jesus eta Betania Maria eta Marta ahizpak. Baina, segur aski, Jesusekin batean jende gehiago etorriko zen; alde batetik, halakoa zuelako ohitura Jesusek; bestetik, Martak agertu duen laneko estutasunak hala adierazten duelako

Martak gogotik egin dio harrera Jesusi. Gogotik saiatu da otordua prestatzen. Baina, bere nahi eta ezinean, kexua agertu dio Jesusi, ahizpak laguntzen ez diolako. Izan ere, Maria ahizpa Jesusi entzun eta entzun gelditu da.

Jesusen erantzuna ezaguna da: Marta, Marta, gehiegi arduratzen zara zeure lanean; Mariak alderik hobena aukeratu du.

Hitz hauei iraganean eman zaien interpretazioak ez du oinarririk, ez du zentzurik. Jesusek ez ditu jarri, alde batetik, lana, eta, bestetik, kontenplazioa edo otoitza edo Jaunaren entzutea. Ez da hori. Jesusek ez du gutxietsi lana. Nola ba? Bakarrik, lanari itsu-itsuan atxikitzea gaitzetsi du. Lanari, edo taldeari, edo jolasari, edo alderdi politiko bati, edo lanbide bati… itsu-itsuan atxikitzea. Entzun beharra, hausnartu beharra, azterketa egin beharra… kontuan ez hartzea.

Hitz batean, lerro hauen hasieran aipatu dudana kontuan ez hartzea da gaitzetsi duena: «GOIZEAN ZURE MAITASUNA IRAGARRI, ARRATSEAN ZURE LEIALTASUNA BAIETSI».

Lehen irakurgaian, berriz, Abraham ostatu-emaile handi ageri zaigu. Hiru pertsonaia ezezagun ikusi ditu. Ezezagun ez ezik, hiru pertsonaia misteriotsu. Inongo kalkulutan denbora galdu gabe, edaten eta jaten eman die, eta atseden-pixka bat hartzeko aukera, itzalean.

Basamortuko jendeak bihotzean sakon sartua zuen harrera egiteko sena. Eta Abrahamek sano eutsi dio sen horri.

Harrera egin behar hau edo ostatu-emaile izan behar hau biziki dator gomendatua Biblian. Froga handi ditugu Abrahamen jokabide hori eta Martaren jokabide hori.

Itun Berriko Hebrearrei idazkiak (13,1) Abrahamen jokabide hori zehar aipatzen du: «Ez ezazu ahaztu ostatu-emankizuna; izan ere, horren bidez zenbait jendek, jakin gabe, aingeruak hartu zituzten ostatu-hartzaile». Jakina, Abrahami egiten dio erreferentzia.

Esan nahi da, ostalari edo ostatu-emaile izatea ez dela mugatzen familiartekoak onartzera. Ezta adiskideak eta ezagunak hartzera ere. Jesusek esana dugu: «Maite zaituztenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor zaizue?, zerga-biltzaileek ere ez al dute beste horrenbeste egiten» (Mt 5,46).

Senideok, har dezagun gogoan. Batetik, erotu beharrean lan eta lan ari den Martari Jesusek esana: lan egitea ondo dago, baina Maria egiten ari dena ahaztu gabe; lan egitea ondo dago, baina Jainkoaren hitza entzuteari uko egin gabe. Astirik hartu beharra dugu hausnartzeko: zertarako ari naiz lanean, noren onerako, noren zerbitzurako, zer zentzu du egiten ari naizen lan honek? Bigarren, ez dezagun ahaztu garai batean gure baserrietan eskaleei eskaintzen zitzaien harrera. Arazoa ez da materialki orduan bezala jokatzea, orduko gauza bera egitea. Arazo da, nola bete gaur egun beharrean direnekiko harrera. Oraindik ere ikusten ari naiz, Puerto Ricon etxe asko eta askotan ikusten nuena: behartsu bat eskean etorri, eta bertan tipikoak diren arrotz-platerkada eta baso bat zuku ematen.

Jesusen Espirituak argitu gaitzala nola bete bi eginkizunak: harrera-egile izatea eta Jaunaren hitza aintzat hartzea.

Dionisio Amundarain