Urteko 16. igandea C 2016-07-17
HOMILIA

Anai-arrebok!

Lehenengo irakurgaian entzun dugu, Abrahamek harrera ona egi diela kanpadendara hurbildu diren hiru pertsonaiei, zein diren jakin gabe.
Ebanjelioak ere, Martak eta Mariak Jesusi egin dioten harrera ona azpimarratu du.
Dudarik gabe, honek guztiak aukera emango liguke gure artera datozen arrotzei zer harrera egiten diegun arakatzeko. Baina badirudi, ebanjelioa beste zerbaiti egindako harreraz ari zaigula. Jesusen hitzak dira hauek: «Marta, Marta, estu eta urduri zabiltza horrenbeste gauzaren artean; Mariak alderik hobena aukeratu du, eta ez dio inork kenduko».
Beraz, arazoa beste hau da: zer da aukeratu beharrekoa?, zer da gauzarik inportanteena? Bada Interneten harira datorren ipuin bat.
Irakasle batena da. Kristalezko ontzi batean harri-kozkor pilo bat sartzen du; halakorik ezin sartu gehiago. Ikasleei galdetzen die: «Beterik al dago ontzia?» Eta denek: «Baiii». Hartzen du harea-mordo bat, eta ontzira botatzen du, eta berriro «Beterik al dago»? Inor ez da ausartzen erantzutera. Hartzen du baso bat ur, eta ontzira botatzen du. «Eta orain?» Badirudi betetzat eman dutela guztiek. Eta irakasleak: «Harea eta ura hasieran bota banitu, harri-kozkor handiago horiek sartzerik ez nuen izango».
Esan nahi die, bizitza gauza txikiez betetzen badute, gauza handien falta izango dutela beren bizitzan. Horixe bera adierazi nahi du Jesusek. «Alderik hobena aukeratu du Mariak, eta inork ez dio kenduko».
Baina zein da «alderik hobena den hori?»
Elizaren historian izan den tradizio batek, Marta lanarekin parekatu izan du; Maria kontenplazioarekin; tradizio horren arabera, bakardadera joko lukeen gizon edo emakume baten bizitza jendartean lan egitea erabaki duen beste batena baino hobea izango litzateke. Baina ez gaurko testuan, eta ez Biblia osoan ez dago hori esateko oinarririk. Biak ditu beharrezko pertsonak: entzutea eta lan egitea.
Beste interpretazio bat, Erdi Aroaren bukaeran, Eckart teologo mistikoak eman zuen. Haren arabera, Marta ikasia zen nola bizi eta nola lan egin. Maria ikasten ari zen Jesusen oinetan. Gogoeta polita, baina Biblian oinarririk gabea.
Beste norbaitek, Marta Itun Zaharrarekin parekatu du; Maria Itun Berriarekin. Polita gogoeta hau ere, baina oinarririk ez du Biblian.
Zer da, beraz, Mariak aukeratu duen gauza hoberen hori? Bizitza aktiboa eta kontenplaziozkoa ezin hartu dira bata bestearen kontrako balira bezala. Jesusek berak biak ondo lotu zituen. Ez zen aspertzen batetik bestera ibiltzen, Jainkoaren erreinua hots eginez. Halere, askotan ageri da bera bakarrik Aitarekin hizketan. Zein Gurutzeko Joan santua baino mistiko handiago? Halere, 10 urtean 27.000 km egin zuen harat-honat, predikatzen. Honek ere biak: entzun eta lan egin.
Bere testuinguruan hartu behar da Jesusen esaldi hori. Lehenik 12 ikasle aukeratu ditu. Gero, Jerusalemera joatea erabaki duenean, beste 72 bidali ditu. Konturatu da, Moisesi gertatu zitzaion gauza bera gertatuko litzaiekeela 12ei. Eta lehen 12ak prestatzen aritu den bezala, orain 72ak prestatzeari ekin dio. Prestatze horretaz ari da Jesus «alderik hobena Mariak hautatu du» esatean. Alegia, Mariak Maisuari entzun beharra sentitu du, haren ikasle izan ahal izateko.
Lukasek badakar bere beste liburuan, Apostoluen Eginak delako liburuan (6,1-4), harira datorren beste pasadizo bat. Kristau-elkarteetan, greko-tradiziokoak kexu dira beren alargunei laguntzarik ematen ez zaielako. Orduan apostoluek erantzuten dute: guk Jaunaren hitza hots egin behar dugu; izenda itzazue beste batzuk janaren zerbitzari izan daitezen. Beraz, batzuk hitzaren zerbitzari; beste batzuk mahaiaren zerbitzari. Zerbitzu bat ez da bestea baino handiagoa: zerbitzari denaren jarrera eta borondatea da irizpidea hobea zein esateko. Halere, kontuan izan behar da, mahaiaren zerbitzua hitzaren zerbitzuaren ondorio dela.
Mariak ondo ulertu du Jesusek bisita egiten duenean, hari entzutea dela gauzarik inportanteena une hartan, hura urruntzean norbera mahaiaren edo hitzaren zerbitzari izan ahal izateko. Senideok, guk ere beharrezkoa dugu Jesusen bisita aprobetxatzea. Hitza entzutea beharrezko, hitzaren nahiz mahiaren zerbitzari izan nahi badugu. Zein ez du egin bere esperientzia propioa gai horretaz: aldi bat zabartu zaitez Hitza entzuteari utziz, eta ondo asko nabarituko duzu ondorioa. Hau da Jesusek Martari esan nahi izan diona: on da lurreko arazoetan lan egitea; baina ez ahaztu Jaunaren hitza entzutea, lan hura behar bezala egin nahi baduzu.

Dionisio Amundarain