URTEKO HAMASEIGARREN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
( Zein diren Jainkoaren herriaren artzain onak )
Jeremi profetaren liburutik 23, 1-6
1 Hau dio Jaunak:
Dohakabeak nere larreko ardiak galtzera
eta barreiatzera uzten dituzten artzainak!
2 Beraz, hunela mintzo zaiote Jauna, Izraelen Jainkoa,
nere herria gidatzen duten artzaineri:
Zuek barreiatu eta galarazi dituzue nere ardiak,
eta ez duzue heietaz artarik izan.
Nik bai, zuetaz arta izanen dut, zuen gaixtakeriengatik, dio Jaunak.
3 Gero, nihaurek bilduko ditut nere artaldearen ondarrak,
barreiatu nituen lurralde guzietarik.
Beren larreetarat ekarriko ditut berriz, haziko dira eta ugarituko.
4 Ongi zainduko dituzten artzainak sortuko diozkatet;
ez dira nehoiz beldurtuko, ez izituko,
eta ez da bat ere galduko, dio Jaunak.
5 Horra egunak, dio Jaunak, Dabidi muskil zuzen bat sortuko baitiot.
Egiazko errege izanen da, zentzuz ariko da,
zuzentasuna eta justizia ezarriko ditu lurrean.
6 Haren egunetan Juda salbatuko da, eta Izrael segurtasunean biziko.
Eta izen hau emanen diote : “ Jauna gure justizia.”
Erregeaz mintzatzeko, artzainaren irudia erabiltzen ohi zen Iguzkialde Hurbilean. Erregemakila
artzain-makila makoduna zen. Eta Izraelen are gehiago : David ez ote zen artzain xoil bat
errege tronuan jarri aitzin ? Errege onari artzain ona erraiten zitzaion, bere artaldea, erran nahi baita
bere herria, ontsa zerabilena.
Zorigaitzez Izraelgo erregeen historia ez da artzain on zerrenda batena. On baino gehiago
tzar izan zen. Beren herriaren zurgatzaile, anitzak. Profetek berenak erraiten ziozkaten. Hala nola
Jeremik, egungo irakurgaian. J.K. aitzineko 6.mende hasteko gertakarietaz ari da. Jerusalem
babiloniarrek hartua eta xehatua izanen da, herria desterratua Babiloniarat, eta Judako erregeak
behin betikotz xahutuak. Jainkoak herria segurtatzen du bera izanen dela geroan Izraelgo errege.
Ezen nor da, azkenean, Izrael herriaren erregea, Jainkoa bera ez bada, 22.salmoak dion bezala :
“Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean…” Izraelen esperantza zen, noizbait, azkenean, bere
artetik errege on bat aterako zela. Luzaz amestu errege hura Mesias izan behar zen. Hari hortarik
doa gaurko irakurgaia : “Gero, nihaurek bilduko ditut neure artaldearen ondarrak…beren
larreetarat ekarriko ditut berriz, haziko dira eta ugarituko.”
Gero ideia bera beste irudi baten bidez emaiten dauku Jeremik : “Davidi muskil (edo ozi)
zuzen bat sortuko (diot). Egiazko errege izanen da, zentzuz ariko da, zuzentasuna eta justizia
ezarriko ditu lurrean. “Emeki-emeki, “ozi” edo “Daviden ozi” Mesiasen izen-orde bilakatuko da.
Profeten bidez, ideia hori herriaren gogoan eta sinestean sartuko da : “Harek baizik ez zezaken ekar
“zuzentasuna eta justizia.”
Trufatzekorik ez da, bainan Judako azken errege zorigaitzekoak 587an Babilonerat
burdinetan joan behar zuenak, Zedeziaz zuen izena, erran-nahi baita “Jauna ene justizia”. Bainan
“izena izana”, erran zaharra, gezurtatu zuen, Jainkoaren alderat leialtasungabea izan baitzen.
Ironiaz, Jeremik Mesiasi izen hori bera emaiten dio : “Jauna gure justizia”, jakinik harek
egiaztatuko duela.
Salmoa 22
Leloa : Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean.
Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean,
Zer gainetarat nerabilan!
Ur bazterreko pausa lekurat banerama,
Pitz dakitan, hor pitz arima.
Haren ondotik bide zuzenez ni banoa:
Haren izena zein gozoa!
Ilunbez ala gaitz-erreketan joanik ere,
Nik ez beldurrik, hor baitzare.
Zure begia, zure makila hor direno,
Badut nik bake, badut gozo.
Zuhauk dautazu ezartzen neri mahain xuri,
Etsai guzien harrigarri.
Ixurtzen duzu nere bururat usain ezti,
Basoan badut gaindiz gaindi.
Nik zoriona eta grazia ditut lagun,
Nere bizian gau-ta egun.
Banago eta Jaun zerukoa den etxean,
Epe luzerik luzenean.
Egun irakurri salmoa, laburrenetarik da. Biziki mamitsua delakotz, lehen girixtinoek Bazko
aratseko hautatu zuten. Gau hartan, hain xuxen, bataiatu berriek, uretik ateratzean, salmo hau
kantatzen zuten beren lehen komunioneari eta fedearen aitormenari buruz joaiten zirela. Horra
zergatik salmo hunek ukan duen izena « girixtino lehen irakaspenaren salmoa ».
Izraelentzat, biziaren misterioa Elkargoan, Jainkoaren baitan den bizia, salmo hunek ontsa
erraiten zuen, eta ondorioz bataiatuen bizi miresgarria girixtinoek hor ikusi dute. Fededunaren
zoriona erakusteko, salmo hunek bi esperientzia kondatzen ditu: lebitarena eta beilariarena. Izraelgo
populua lebita zoriontsu bat bezala da Jaunaren tenploan baitu bere bizitokia. « Nik grazia eta
zoriona ditut lagun, nere bizian gau ta egun. Banago-eta Jaun zerukoa den etxean, epe luzerik
luzenean. » Nor dira lebitak? Hasera liburuaren arabera, Lebi Jakoben hamabi semeetarik da, hek
baitute hamabi leinueri beren izena eman. Bainan Lebiren leinuak toki berezi bat badu: Lur
Hitzemanaren partiketak egin zirelarik hamabi leinuen artean, leinu hunek ez zuen bertzek bezalako
partea ukan, tenploaren zerbitzurako baitzen. Jainkoa bera dela haren ondare erraiten da; itxura
ezaguna bertze salmo batek dion bezala: « Zu zira Jauna nere bihotzaren sari, nere ondare; zutan
Jauna ene zoriona, zu ene ondarea. » Bertze leinuen artean, lebitak herrietan barreiatuak bizi dira,
jendeek eman hamarrenak onartuz. Jerusalemen, tenploaren zerbitzari dira.
Esker onezko sakrifizio baten eskaintzeko, tenplorat etorria den beilariaren itxura ere du
Izraelek. Beilaz doala tenploari buruz, ardi bateri konparatzen da : bere artzaina, Jainkoa. Ekialde
Hurbilean, gorteko mintzairan, erregeak populuaren artzain deituak ziren. Ezekiel profetak bere
gain hartu du itxura hau: Zaul eta Dabiden ondotik, sekulako artzainak ukan ditu populuak, bainan
zoin guti Jainkoaren begietan. Harek bakarrik du merezi Artzain onaren izena, bere artaldearen
beharreri erne dagona. « Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean; ur bazterreko pausa lekurat
banerama, pitz dakitan hor, pitz arima. »
Beila galbide izan daiteke. Bidean beilariak etsaiak aurki dezazke: « Zuhauk dautazu
ezartzen neri mahain xuri »; heriotzea hurbil ukan dezake: « Ilunbez ala gaitz-erreketan joanik ere,
nik ez beldurrik, hor baitzare ». Bainan zer nahi izana gatik ere, ez da beldur, Jainkoa berekin
dago: « Zure begia, zure makila hor direno, badut nik bake, badut gozo ».
Tenplorat heldu ondoren, esker onezko sakrifizioa egiten du beilariak, usaiako bazkarian
parte hartu aintzin. Bazkari hori lagunen arteko besta bilakatzen da, « basoan badut gaindiz
gaindi », usain ezti eta gozo.
Lehen girixtinoek salmo huntan aurkitu zuten beren fedearen esperientziaren erakustekoa :
Jesus bera da egiazko artzaina. Bataioaz ditu heriotzearen leizetik ateratzen, bizia berriz emaiten ur
bazterrerat eremanez : mahain xuri, baso bete betea, usain ona (fedearen aitormena). Aldi huntan
ere, girixtinoek, xoratuak, ikusten dute Jesusek ez duela deus kentzen bere populuaren
esperientziari, bainan ba betetzen, osoki betetzen, bururaino eremaiten.
Bigarren irakurgaia
( Jesus da gizaki guzientzat Bakea )
Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 2,13-18
Haurrideak,
13 lehen Jainkoarenganik urrun zineztenak,
orai hurbildu zirezte Kristoren odolari esker.
14 Alabainan, Kristo da gure bakea:
bat egin ditu bi herriak, Izrael eta paganoak,
bere gorputza emanik,
berexten zituen hesia, etsaigoa desegin baitu,
15 Moisen legea bere manamendu eta arauekin baliogabetuz.
Batak eta besteak horrela bildu nahi zituen, bakea eginez,
eta bere baitan gizaki berri bakarra sortu.
16 Batak eta besteak, gorputz batean bildurik,
Jainkoarekin adiskidetu nahi zituen gurutzearen bidez:
bere baitan, etsaigoa hil du.
17 Bakearen berri ona ekartzera etorri da,
bakea zueri, urrun zinezteneri, bakea hurbil zireneri.
18 Alabainan, batzu eta besteak hurbil gaitezke
Aitarenganat, Izpiritu beraren baitan.
« Batzu eta besteak hurbil gaitezke Aitarenganat, Izpiritu beraren baitan. » Paulo bi
girixtino taldez mintzo da. Batzu judu girixtinotuak dira, eta besteak pagano girixtinotuak.
Paulo Efesorat jin zelarik Apollosek dotzena bat judu Jesusen ganako federat bilduak zituen.
Paulo Efesoko sinagogan Ebanjelioaren mezutzen ari izan zen, bainan kontra-erraile
gogorrak aurkitu zituen. Orduan girixtinoak sinagogatik berexi ziren, bainan beren artean
bazituzten pagano ondoak bai eta judaismotik ateratuak. Paulok idatz zezaken : « Kristo da
gure bakea : bat egin ditu bi herriak, Izrael eta paganoak… » Paulo pagano girixtinotueri
buruz ari da : « Lehen Jainkoaganik urrun zineztenak, orai hurbildu zirezte Kristoren
odolari esker. » Bi girixtino taldeak elgarrekin baketzeaz idazten diote. Anaitasunean
bizitzeko Pauloren kontseiluen beharra bazuketen : batzu ala besteak ez ote dira bataiatuak,
Jesus piztuaren bizi berriaz bizi ? Hori da konda den gauza bakarra. Ebakituek (Juduek)
ebakitugabeak (paganoak) mespretxatzen zituzten, eta alderantziz. Jainkoaren asmoa ez ote
da gizaki guziek, berexkuntzarik gabe, elgarren arteko bakea egin dezaten : « (Jesus)
bakearen berri ona ekartzera etorri da, bakea zueri, urrun zinezteneri, bakea hurbil
zireneri. » Eta bake hori nundik dator ? Fede beretik. Orai Kristorenak diren guziek beren
fedea Kristori eman behar diote. “Nik, lurretik altxatuko nautenean ( kurutzerat), denak
nereganat erakarriko ditut.” ( Jn 12,32)
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Jesus, Artzain onak bere ardiak ezagutzen ditu,
eta ardiek ezagutzen dute, heientzat bere bizia eman baitu
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 6,30-34
Beren lehen misionearen ondotik,
30 Apostoluak Jesusenganat bildu zirenean,
egin eta irakatsi guziaren berri eman zioten.
31 Jesusek erran zioten:
“ Zatozte zuek, berex, leku bazter baterat,
eta har atseden pixka bat.”
Ainitz baitziren joan-jinka zabiltzanak, jateko astirik ere ez zuten.
32 Joan ziren beraz untziz leku bazter baterat, berex.
33 Joaiten ikusi zituzten, eta ainitzek ezagutu;
orduan, oinez, hiri guzietarik, lasterka joan eta aitzindu zituzten.
34 Untzitik jaustean, Jesusek jendetza handia ikusi zuen.
Urrikaldu zitzaioten, artzainik gabeko ardiak bezala baitziren.
Orduan, luzaz irakasten hasi zitzaioten.
Lehen aldikotz, Jesusek bere apostoluak misionez igorri ditu. Eta horra (egungo
Ebanjelioa) gibelerat heldu direla. Zer predikatu dute eta nun ? Jesus bera ibili zen
eskualdean, Galilean, eta ez zezaketen Jesusenganik entzuna baizik irakats. Markek, hain
xuxen, laburbiltzen du Jesusen erakaspena : « Joanes preso sartua izan zelarik, Jesus
Galilearat etorri zen eta Jainkoaren berriona oihukatzen zuen, erranez : « Betea da denbora
eta hurbildua Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinets berriona. » Mk 1,14-15
Bitxi iduritzen bazaiku ere, beren misionea bururatu ondoan, Jesusek pausua
proposatzen diote : « Zatozte, berex, leku bazter baterat. » Jesusek berak ere hala egiten
zuen : Kafarnaumen egun bat osoa predikatzen eta eri sendatzen ari izan ondoan,
bakartasunerat baztertzen ikusten dugu : « Goizean, oraino ilun beltza zelarik, Jesus jeiki
zen, herritik atera eta bazterleku batetarat joan ; han otoitzean ari zen. » Mk 1,35. Jesus
bera ere indarberritzera joaiten zen. Nolaz ez, orduan, jenden artean misioneari emanak
direnak, mendez mende. Alta jendea Berrionaren beha dago. Bai, bainan mezularia noizbehinka
indarberritzera joaiten bada, ez ote da gero herria hobeki zerbitzatzeagatik ?
Bainan Jesusi jendea jarraikitzen zaio « leku bazter » hartaraino. Untzitik jaustean
Jesusek jendetze handia ikusi zuen, haren beha zagona, eta « urrikaldu zitzaioten, artzainik
gabeko ardiak bezala baitziren. Orduan luzaz irakasten hasi zitzaioten. » Lehenik irakasten
hasten zaio ; gero ogiak ugarituko ditu (6,35-44) : herriaren hazteko bi molde. Ez ote
zaizkigu ikustera emaiten hemen, eukariztiaren bi zati nagusiak : Jainkoaren hitzaren
entzutea eta ausnartzea ; eta gero Jesus bilakatu den ogiaren jatea?