Atsedena, merezia eta huts egina (2015-07-19)
Urteko 16. igandea B
Kontakizuna ezinezkoa ala kontakizuna sinbolikoa?
Gaurko ebanjelioa joan den igandekoaren ondorioa da, Jesusek ikasleak misiolari bidali izanaren ondorioa. Lehen begiratuan hain garbi ulertzen da, non lotsa ematen baitu komentatzen hastea. Alabaina, bada puntu bat harrigarria eta ezin argitua: Jesus eta ikasleak ontzira igo dira leku bakarti baten bila joateko; Markosek dio, jende askok ikusi zituela, korrika joan zirela eta Jesus eta ikasleak baino lehen iritsi zirela. Lerro hauek Cadizko badiaren erdian ari naiz idazten; badia honen formak eta neurriak Galileako aintzira dakarkidate gogora. Irudikatzen dut, Jesus leku bakarti batera joateko ontziratu dela. Posible al da jendea Rotatik, Santa Maria Portutik, Puerto Real-etik, korrika joatea eta Jesusen ontzia baino lehen iristea zein den inork ez dakien lekura? Ezinezkoa. Honek adierazten du kontakizuna ezin irakurri dugula ikuspuntu historiko hutsetik (egun hartan gertatu zenetik), baizik sinbolikotik.
Markosek azpimarratu duen lehen alderdia, jendeak Jesusez duen ardura izugarria da. Esana du lehenago, hainbeste zirela Jesusen bila joan eta etorri zebiltzanak, ez zietela tarterik uzten jateko ere. Testu hau bere elkarteari irakurri zionean, galdera hau eginarazi zion Markosek: ardura bera sentitzen al dugu guk Jesusen inguruan? Korrika al gabiltza haren bila ala nahiago izaten dugu etxean patxadan gelditu?
Bigarren alderdia, Jesus jendeari biziki emanik ikustea da. Ertzera iritsi eta jendetza bildurik ikustean, ez dio esan Pedrori itsasoan barna jo eta beste leku bat bilatzeko. Gupida sentitu du jendeaz, bazter utzirik ikusten ditu, artzainik gabeko ardi bezala. Lehen alderdia elkarteari auto-azterketa egiteko gonbita izan bada, bigarren alderdi hau arduradunentzat da. Sentitzen al dut gupidarik jendeaz, ala jendea gainetik nola kenduko ahalegintzen naiz, merezitako atsedena kentzera datorkidanean?
Hirugarren alderdia ere oso inportantea da. Jesus, gupida sentitzean, ez da hasi mirariak egiten, baizik irakasten. Eta ematen du jendea konforme dagoela horrekin. Jesusen bila joan izanak merezi izan du.
Artzain gaiztoak, artzain onak, Daviden ondorengoa (1. irakurgaia)
Babiloniako erbestealdian, K.a.ko VI. mendeko ideia tipikoak dakartza lehen irakurgaiak. Garai hartan ez zen batere ohikoa erregeak, artzainak, salatzea, herriaz ez zirela arduratu leporatuz eta erbestera joan beharra eragin ziotela.
Inguruabar horretan, profetak konbentziturik dira, Jainkoak ez duela bere herria bertan behera uzten; alabaina, esperantza horrek ñabardura desberdinak izaten ditu. Sarritan ageri da ideia hau, Jainkoak berak elkartuko duela herria barreiaturik dabilen lurralde guztietatik. Zer gertatuko da ondoren? Testu batzuek diote, Jainkoa bera izango dutela beren erregea; beste batzuek diote, monarkia berregingo dela, errege onekin; beste batzuk, azkenik, errege miresgarri batez mintzo dira.
Liturgiak gaurko aukeratu duen testuak azken bi ideiak jaso ditu; kasu batean, «artzainez» ari da, pluralean; azkenean, Daviden ondorengo batez mintzo da: honek zuzen gobernatuko du, zuzenbidea eta zuzentasuna gauzatuz.
Zuzentasuna gauzatu – irakatsi
Irakurgai hau, ebanjelioarekin duen erlazioagatik aukeratua delako, garrantzizkoa da gogo ematea, Daviden ondorengoagan ezarritako esperantza politikoak, zuzentasuna gauzatzen eta zuzenbidea praktikatzen duen hark, ñabardura oso desberdina agertzen duela Jesusengan: honek irakaspena jarri du bere jardueraren ardatz.
José Luis Sicre