ELKARREKIN OTOITZ ETA DENOK BATERA BARRE
Marcos 6,30-34.
Urteko 16. Igandea B 2021-07-18.
Txerak kutsatua dago eszena. Ikasleak nekaturik iritsi dira egindako lanarengatik. Jarduera han bizia da «jadanik ez baitute astirik otordurako». Orduan Jesusek gonbit hau egin die: «Zatozte leku lasai batera atsedetera».
Kristauek ahaztu egiten dugu gaur egun, sarriegi, Jesusen jarraitzaile-talde bat ez dela otoitz, gogoeta eta lan-elkarte bat bakarrik, baizik eta atseden eta gozamen-elkarte ere bai.
Ez da izan beti horrela. Jarraian datorren testua ez da inongo teologo progresista batena. Aspaldi, IV. mende hartan, idatzia da; arinkeria-susmo gutxiko Agustin Hiponako gotzain handiak idatzi zuen.
«Kristau-talde bat elkarrekin otoitz egiten duten pertsonen taldea da, bai, baina baita elkarrekin solasean ari ohi direnena ere. Batera barre egiten dute eta mesedeak trukatzen. Elkarrekin ari ohi dira txantxetan eta elkarrekin jardun ohi dute serio. Batzuetan ez dira ados egoten, baina zorrozkeriarik gabe, batzuetan nor bere buruarekin egon ohi den bezala, eta desadostasun horretaz baliatzen dira ohiko akordioa sendotzeko.
Beti ikasten dute batak besteagandik edota batak besteari irakasten diote. Faltan izaten dituzte, penaz, bertaratu ez direnak. Pozik onartzen dituzte etortzen direnak. Mota bateko edo bestelako azalpenak egiten dituzte: elkar maite dutenen arteko ateraldiak, aurpegian, begietan, txerazko milaka keinutan adieraziak».
Testu honetan gaur egun, agian, gehienik harritzen gaituena, otoitz egiten dakiten, baina barre egiten ere dakiten kristauen alderdi hori da. Badakite serio egoten eta badakite txantxetan aritzen. Eliza modernoa, aitzitik, ia beti serio eta arranditsu agertu ohi da. Esango litzateke, beldurra diogula barre egiteari, barrea azalkeriaren edo erantzukizun-faltaren zeinu bailitzan.
Bada, alabaina, umore edo aldarte bat eta barre egiten jakite bat, heldutasunaren eta jakinduriaren zeinu dena. Erlatibo dena erlatibizatzen dakien sinestedunaren barrea da, problemak beharrik gabe dramatizatzera jo gabe.
Azken konfiantza guztioi pietatez eta txeraz begiratzen digun Jainkoagan jarri duenaren barrea da: Barre bat, bereizten dakiena, liberatzen eta bide egiten jarraitzeko indarra ematen duena. Barre hau bateragarri da. Elkarrekin barre egiten dutenek ez diote erasorik egiten batak besteari, ez diote kalterik egiten elkarri; izan ere, egiaz gizatar den barrea ulertzen eta maitatzen dakien bihotzari dariona da.
Jose Antonio Pagola