Urteko 16. igandea B 2015-07-19
HOMILIA

Anai-arrebok!

SARRERA

Gaurko irakurgaiak, lehena eta ebanjelioa, artzain onaz mintzo dira.

Lehena, Jeremiasen pasarte bat da; garaiko artzainez mintzo da: jendea elkartu ordez, sakabanatu egiten dute; egoera hori konpontzeko, Jainkoak bere esku hartuko du jendearekiko ardura. Gaurko ebanjelioan, beterik ageri da Jainkoaren promes hori: artzain on-ona da Jesus.

Ebanjelioan, Jesusek bere artzaintza nola betetzen duen agertu digu Markosek. Bere ikasleak basamortura eraman nahi ditu, buruan pilatu zaizkien arazoak pixka bat ordenatzera. Baina, ustekabean, jendetza handi batekin topo egin dute. Aurreko asmoa gerorako utzi eta jendeari hitz egiten hasi da Jesus.

Ikasleei basamortura dei

Markosen arabera, Jesusek, Kafarnaumen lan handia egin eta arrakasta lortu zuenean, leku bazter batera jo zuen, zeruko Aitarekin egon eta bere buruan zituen gauzak pixka bat ordenatzeko: ikasleek goizean goiz otoitzean aurkitu zutela Jesus, esaten digu Markosek.

Oraingoan, bera baino gehiago, ikasleak dira erretiro bat hartu beharrean. Joan den igandean entzun genuen, Jesusek ikasleak misiolari bidali zituela. Joan eta pozez gainezka itzuli ziren. Jesusek nabaritu zuen sasi-mesianismo baten arriskuan zeudela ikasleak. Hargatik, «goazen leku bakarti batera», esan die; basamortura, esan nahi du. Ez dira joango patxadan egotera. Baizik buruan dituzten burutazio askoz gogoeta egitera. Azken batean, basamortura joateak, borroka-lekura joatea esan nahi du Biblian.

Hala, iritsi dira pentsatua zuten leku bakarti hartara. Baina ezusteko handia Jesusentzat! Jendetza handiak aurrera hartu die, eta Jesusen hitza entzun zain dago. Jesusek ez du dudarik: hasierako asmoa beste baterako utzi, eta jendeari hitz egiten hasi da. Luze. Izan ere, artzainik gabeko ardiak bezala ikusten du jende hori guztia. Bizia ematen duen hitzaren bila joan dira.

Jesusen jarrera: artzain ona

Jendetza zerbaiten gose nabari du. Emakume odoljariodunak bezala, alaba hilzorian zuen Jairok bezala, jendetza honek gose handia du: bizi-arnasa emango dion norbaiten beharra du

Artzainik gabeko ardiak bezala ikusi du Jesusek jendetza hori. Garaiko agintari politiko, erlijioso etabarren kritika da Jesusen gogoeta hori: ez gurasoak, ez politikoak, ez apaizak… dira arduratzen jendeaz.

Eta pena sentitu du Jesusek. Oraingoan ez da lepradun batek edo itsu batek ematen dion pena. Jende arruntak eman dio pena: gose eta egarri sumatzen du. Eta bere asmoak alde batera utzi, eta jendeari irakasten, bihotz ematen, bizi-arnasa eskaintzen eman du egun osoa.

Jainkoak bete du Jeremiasen bidez egindako promesa.

Jainkoak bete du bere promesa. Jesus da artzain ona. Beste guztiak, edota ez dira artzain, edota neurri batean bakarrik dira artzain. Bereizten jakin behar da.

Zenbat aldiz gertatzen zaigun entzun beharra: ez zait interesatzen liburu hori! Ebanjelioaz ari den liburua, ez. Beste edozertaz ari dena, bai.

Bigarren irakurgaian, Paulok dio, Jesusek lurrera bota duela juduak eta jentilak bereizten zituen murrua. Ez da ari kanpoko murru edo pareta batez. Gure barruko jarreraz ari da: Jesusek gorrotoa eta gainerako grina gaiztoak gainditzeko laguntza eman digu. Egoismoa da lurrera bota duen murrua.

Konklusioa

Gaur ere, basamortura joatera gonbidatzen gaitu Jesusek. Geure buruan ditugun gauzak pixka bat ordenatzera: zein da zuzena?, zein okerra?, zein nagusiagoa?, zein inportantzia txikiagokoa? Zein da garrantzizkoagoa: hartua nuen asmoa ala memento honetan jendeak agertzen didan beharra?

Senideok, egin dezagun geure pentsamendu, geure gogo eta geure bizitza gaurko salmoa: «Jauna dut artzain, ez zait ezer falta».

DIONISIO AMUNDARAIN