Urteko 16. igandea A ohar 2020-07-19

SARRERA

Senideok, urteko 16garren igandea ospatzen dugu gaur. Bi irakurgaiek, lehenak eta ebanjelioak, hau dute abiapuntu: Jainkoak ez duela nahi inor galtzerik; aitzitik, pazientzia handia duela gurekin, maitasunezko pazientzia; denbora nahikoa eta gehiago ematen digula bide zuzenera itzultzeko; are gehiago, modu batean edo bestean deika ari zaigula, eskua luzatzen, bide zuzenera itzul gaitezen; gizon edo emakume bete izatera eramango gaituen bidera itzultzeko, deika eta deika ari zaigula. Geure bihotzaren txokorik gordeenean.
Hortik abiatuz, Jesusek, gaurko ebanjelioan, hazi onaren eta txarraren parabola agertu digu. Esaten digu: Nork esan dizu zuri, mundua ikusteko zure modua bakarrik dela egiazkoa?
Gaurko bigarren irakurgaiaren autorearekin batean, eska diezaiogun Jesusi, bidali dezala gugana bere Espiritua. Hain juxtu, Espiritu horrek argituko digu Jesusen mezua.

LEHEN IRAKURGAIA Jakinduria liburutik (12,13.16-19)

Jakinduria liburu hau, segur aski, Alexandrian (Egipton) idatzia da; Jesus jaio baino urte batzuk lehenago. Liburuaren helburua, kanpoan bizi ziren juduei bihotz ematea zen; izan ere, berena ez zuten kultura batean nahasturik bizi ziren; horrek, jakina, beren erlijioa galtzeko arriskua zekarkien.
Gaurko testuak esaten digu, Jainkoak, zuzentasunaren eta errukiaren artean, beti errukiari ematen diola lehentasuna. Gizon-emakume guztiak berak kreatuak dituelako; guztiak maite dituelako.
Itun Berritik ikusita, Jesusen begiez ikusita, Itun Zaharreko testu horri zuzenketa bat egin beharrean gara. Jainkoak inor ez du zigortzen. Jainkoa, izan ere, maitasun da. Harengan ez da posible inor zigortzea. Ez litzateke Jainko izango. Guk zigorra deitzen dugu hori, nork bere buruari ezartzen dion zerbait da; nork bere buruari, eta ez Jainkoak inori. Zuzena ez den bidea hartzean, pertsonak zigorra ezartzen dio bere buruari.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei gutunetik (8,28-27)

Gaurko pasartea gutunaren bigarren zatikoa da. Bigarren zati horretan, Paulok esaten digu, Jesusek libratu egin gaituela bekatutik eta heriotzatik. Bizi berri bat eman digula. Espirituaren araberako bizia.
Honek aditzera eman beharko liguke, geure burubidea, geure mentalitatea, geure pentsaera oso arduratsu zaindu beharko genukeela. Zein da nire mentalitatea? Jesusena bezalakoa?
Orain entzungo dugun pasarte labur honetan, hau adierazten digu, zehazki, Paulok: mentalitate edo pentsaera berri hori bizitzeko, Espiritua bera dugula laguntzaile. Espiritua bera ari dela guretzat erreguka.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (13,24-43)

Joan den igandean, haziari buruzko Jesusen parabola bat entzun genuen. Orduan adierazi genuen, Jesus ez dela xuhurra edo zikoitza bere hazia, bere hitza, ereitean. Aitzitik, ugari ereiten duela bere hitza. Baita onartuko ez dutenen artean ere.
Gaurko parabolan, ikasleen jarreraren kontra, esaten digu, ez dugula presarik izan behar landare ona eta txarra apartatzeko. Batetik, gutako inor ez dela belar on hutsa, nahasia baizik. Bestetik, aukera eman behar zaiola edonori bide onera itzultzeko. Hirugarren, landare txarra atera nahi dugunean, arriskua dugula ona ere ateratzeko.
Hori baino gehiago adierazi nahi digu Jesusek: nor zara zu, zu garia eta bestea iraka dela esateko?; nor zara zu, munduaz eta munduko gauzez duzun ikuspegia egia hutsa dela esateko, eta auzokoaren ikuspegia erabat gezurra dela esateko?

HERRIAREN OTOITZA

1.-Jesusen Eliza osatzen dugun guztion alde: Jesusen pentsaeraren arabera bizitzen saia gaitezela; jakinik, erabat Jesusena ez bezalako pentsaera duen gizarte batean bizitzea egokitu zaigula. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Mundu osoko herri-agintarien alde: han eta hemen, mundu osoan, kimu berriak ematen ari den kristau-legamia txikia kontuan hartzeko gai izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Irakasleen, begiraleen, monitoreen. katekisten alde: gurasoek beraien eskuetan jartzen dituzten bihotz txiki, txintxo eta xumeei errespetu handia izan diezaieten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduan bakea gauzatu dadin: gatazka-egoera guztietan, soluzioa edo erabakia alde bakarreko jarrera drastikoa izan ez dadin; baizik eta, alderantziz, guztiak bata bestearen iritzia entzuten eta ulertzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.