BIZITZA IKUSTEN DENA BAINO GEHIAGO DA (Mateo 13,24-43)

Urteko 16. igandea A 2020-07-19

Eskuarki, zerbait handios eta mirarizko batean bilatu nahi izaten dugu Jainkoa. Eta ez gauza txiki eta ezdeusetan. Horregatik, nekoso gertatzen zitzaien galilearrei Jesusi sinestea, Jainkoa jada munduan ekinean ari dela esaten zienean. Non sumatzen ahal zuten haren ahalmena? Non zeuden idazle apokaliptikoek aipatzen zituzten «seinale harrigarri» haiek?

Jesusek irakatsi beharra izan zien Jainkoaren presentzia salbatzailea beste era batean hautematen. Bere konbentzimendu sendoa agertu zien: bizitza, ikusten dena baino gehiago da. Era zabarrean bizi garen bitartean, ezer berezirik hauteman gabe, zerbait misteriozkorik ari da gertatzen bizitzaren barnean.

Fede horrekin bizi zen Jesus: ezin esperimentatu dugu ezer harrigarririk, baina ekinean ari da Jainkoa munduan. Eustezina da haren indarra. Denbora behar izaten da azken emaitza ikusteko. Fedea behar da, batez ere fedea eta pazientzia bizitzari hondoraino erreparatu eta Jainkoaren ekintza ezkutua sumatzeko.

Agian, harrigarriena gertatu zitzaien parabola, mostaza-haziarena izan zen. Guztietan txikiena da, orratz baten burua bezalakoa, baina denborarekin zuhaixka eder bilakatzen da. Apiril inguruan, kardantxilo-bandak babesten dira haren adar artean. Horrelakoa da «Jainkoaren erreinua».

Harridura ezin handiagoa gertatu bide zen. Profetak ez ziren mintzatu horrela. Ezekiel profetak «mendi garai eta goi batean landaturiko zedro eder» batekin konparatu zuen, adakera hostotsuko batekin, zeruko txori eta hegazti guztientzat babesleku izaten zen batekin. Jesusentzat, Jainkoaren egiazko metafora ez da «zedroa»; gauza handios eta boteretsu bat iradokitzen du honek; «mostaza» da metafora egokia, gauza txiki eta ezdeus bat iradokitzen duena.

Jesusi jarraitzeko, ez dira amestu behar gauza handiak. Oker handia da, Jesusen ikasleak Eliza boteretsu eta indartsu baten bila ibiltzea, gainerakoen aurrean gandor izango litzatekeen bat. Ideala ez da mendi garai batean tentetuko litzatekeen zedro bat, baizik eta mostaza-zuhaixka bat, bide-ertzean hazi eta apirilean kardantxiloen babesleku izan ohi dena.

Jainkoa ez dago arrakastan, ez dago boterean edo gailentasunean. Haren presentzia salbatzailea hautemateko, adi bizi behar dugu gauza txiki, arrunt eta egunerokoak ikusteko. Bizitza, ez da ikusten dena bakarrik. Askoz ere gehiago da. Hori uste zuen Jesusek.

Jose Antonio Pagola