URTEKO 15. IGANDEA C ohar (2016-07-10)

SARRERA

Senideok! Gaurko ebanjelioak geure kristau-bizitzaz gogoeta serios bat egitera gonbidatzen gaitu.
Samariar onaren parabolaren bidez, adierazten digu zer egin. Adierazten digu, Ebanjelioa ezagutzea faltsukeria gerta daitekeela, baldin eta gure sentimenduak kutsatzen ez baditu, baldin eta Jesusek agertu zituen sentimenduen antzekoak bizitzera eragiten ez badigu.
Jesusen garaiko juduek ondo ezagutzen dute Legea. Baina bihotza ez die ukitzen. Legearen mezuak ez die ezer esaten bizitzarako. Jarrera horren kontra mintzo zaigu Jesus gaurko parabolan: bide-ertzean elbarriturik dagoena ikustean, samariarrak izan duen erreakzioa eta jarrera proposatu dizkigu Jesusek: samariarrak ikusi du gizon bat bide-ertzean erdi hilik. Eta zer egin du? Bihotzean gupida sentitu du; bere bidaiaz ahaztu egin da; gelditu, eta zaurituagana doa; sendaketa bat egin dio, zamari gainean hartu eta ostatura darama.
Hori guztia geure buruari aplikatzen ahal diogu. Agian, aski ondo ezagutzen dugu ebanjelioa. Agian, aski ondo ezagutzen ditugu aginduak. Agian, debozio handiz errezatzen dugu Kredoa. Baina, horrek guztiak eragiten al digu bizitzan handikeriarik gabe bizitzera? Solidario izatera? Zuzentasuna maitatzera? Eragiten al digu munduan bizi dugun gaitzaren kausak, gizakiak sortuak diren kausa horiek, ezagutzera eta aldatzera?
Mesedegarri izango genuke gaurko ebanjelioko samariarren etsenplu bizi hori aintzat hartzea. Kontuan izanik, samariar hori Jesusen beraren isla edo ispilu dela.

LEHEN IRAKURGAIA Deuteronomio liburutik (30,10-14)

Deuteronomio liburuaren zati inportante bat entzungo dugu. Hogeita hamargarren kapituluko zati bat da. Aurreko hogeita bederatzi kapituluen konklusioa-edo da.
Lehenik, Jaunagana itzultzeko eskatzen digu, Jaunaren gomendioak onartzeko. Orduan izango duzu egiazko bizitza, esaten digu.
Bigarren, esaten digu, Jainkoaren legea ez dela gugandik urrun dagoen zerbait. Baizik eta gutako bakoitzaren bihotzean dagoela. Nork bere bihotzera begiratzea da kontua.
Adierazpen horiek biak gaurkotasun handikoak dira. Horien arabera, Jesusek agertu digun bezala, Jainkoagana jo behar dugu benetan. Bigarren, gaurko munduaren eraginari uko egin behar diogu: azalean bizitzera eragiten baitigu gizarte honek. Alde honetatik, galdera egin genezake, adibidez: etxean zer aldizkari erabiltzen dugu? Arrosa deitzen diren horietakoren bat bakarrik? Zein liburu erabiltzen dugu?

BIGARREN IRAKURGAIA Kolosarrei egindako Gutunetik (1,15-20)

Kolosasko kristauei egindako gutunaren zati bat entzungo dugu. Jainkoaren irudi bezala agertzen digu Jesus. Jainkoaren argazki edo erretratu bezala. Guk ikusteko moduko egin den Jainkoa da Jesus.
Bestetik, esaten digu, haren, Jesusen, antzeko egin behar dugula geure burua. Orduan izango garela egiaz gizon edo emakume. Gizadiaren eta gizatasunaren eredu da Jesus.
Gizadiaren erdigune da Jesus. Lehenengo, kreazioan sortzaile edo kreatzaile izan zen Jesus, Jainkoa denez. Bigarren kreazioan, salbamenduzkoan, salbatzaile, askatzaile, kontsolamendu izan da, gizon denez.

EBANJELIOA San Lukasen arabera (10,25-37)

Ezagun-ezaguna den parabola bat entzungo dugu: samariar onaren parabola, alegia. Doktoreek, lege-maisuek, Tenpluan kultuari emanik bizi direnek, galdera asko egin dizkiote Jesusi. Gaurko honetan, galdera hau egin dio batek: Zein da nire lagun-hurkoa? Samariar onaren parabolarekin erantzun dio Jesusek.
Tenpluan kultutik bizi diren apaiz batek eta levitar batek, ezikusiarena egin diote bide-ertzean erdi hilik dagoen bati.
Samariar bat, ordea, «gupidatu egin da», errukia sentitu du, eta sendaketa bat egin eta zaindu egin du elbarria. Samariar honek oso ondo ulertu du zein duen bere lagun-hurkoa. Oso ondo ulertu du zein den Jainkoaren agindua.
Samariar hau hunkitu egin da. Gauza bera gertatu zaio Jesusi, mundu honetan bizi izan den bitartean, kasu askotan: Lazaro bere adiskidea hilik ikustean, bere seme bakarrari lur ematera doan Naingo ama alarguna ikustean, gizatalde handi bat leku bakarti batean zer janik ez duela ikustean, etab.
Oker handia izango litzateke hau: munduan diren premien berri izan, baina premia handienak jasaten dituztenez errukitu gabe geldituko bagina. Gaurko ebanjelioko samariar hau Jainkoaren bihotzaren agerpen da, eta gure bizitzarako eredu.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Gure mundu honetako gizon-emakume guztientzat: geure bihotzean dugun joerarik goxoena kanpora atera eta gure jokabidea kutsa dezan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Guk elizan ospatu ohi dugun otoitzak, aurretik eta ondoren, kalean eta etxean maitasuna eta solidaritatea lagun izan ditzan. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaur egungo «samariar on» direnen alde; gizon-emakumeen ustean ezer onik egiten ez duten, baina Jainkoaren begi aurrean maitasunez solidario diren haien alde. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gaixo, preso, erbestetu, etorkinen alde: eskua luzatuko dien norbait aurki dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.