URTEKO HAMABOSGARREN IGANDEA C
Lehen irakurgaia
( Jainkoaren Legea gizakiaren bihotzean )
Deuteronoma liburutik 30, 10-14
Moisek erran zion herriari:
10 “ Jaunaren, zure Jainkoaren mintzoa entzunen duzu,
Legearen liburuan idatziak diren
haren manamendu eta legeak betez;
bihotz bihotzez eta gogo osoz itzul Jaunaganat, zure Jainkoaganat.
11 Alabainan, egun emaiten dautzutan legea
ez da zure indarrez goragokoa, ez eta eskura ezina ere.
12 Ez dago zeruetan, zuk hunela erraiteko:
‘ Nor iganen zaiku zeruetarat haren bila, guri entzunarazteko,
bete ahal izan dezagun? ’
13 Ez dago itsasoaz bestaldean ere, zuk hunela erraiteko:
‘ Nor joanen zaiku itsasoaz bestalderat haren bila,
guri entzunarazteko, bete ahal izan dezagun?’
14 Zure ondo-ondoan duzu Hitza, zure ahoan eta bihotzean,
bete dezazun.”
Deuteronoma liburua agertzen da Moisen azken ispiritual gogoeta bezala. Ez da harek
idatzia izan baina haren ikusmolde nagusiaren bilduma bat izan nahi du, manamendueri
jarraikitzeko bidea azpimarratuz eta Jainkoak aldatuko duela jendearen bihotza segurtatuz. Idazleak
gomendatzen badu manamendueri jarraikitzea usu, populuak huts egin duelakotz ditaike. Dt.- k
dio : « Beraz saia zaitezte Jaunak zuen Jainkoak manatu zauzuen guziaren betetzera, deusetan
baztertu gabe. Ibil beti Jaunak zuen Jainkoak erakutsi bidetik, bizirik iraun eta zoriontsu izan
zaitezten, eta luzaz biziko zarete jabetzan hartuko duzuen lurraldean.» ( Dt 6, 7 )
Bainan populua buru gogorra zen. Moisek zion bezala : «Ohar, bada, Jaunak zuen Jainkoak
lurralde eder horren jabetza ez dautzuela zuen merezimenduengatik ematen ; zeren herri
burugogorra baitzarete. Ez ahantz sekulan sumindu zinutela Jauna zuen Jainkoa basamortuan.
Egiptotik atera eta hunat heldu arte gelditu gabe asaldatu zirezte Jaunaren kontra. » ( Dt 9, 6-7).
Jesusen hitzak errexkiago konprenitzen dira orduan : « Har zazue nere uztarria eta ikas nere ganik,
eztia eta bihotz-apala bainaiz, eta zuen biziarentzat aurkituko duzue pausua ; jasan-errexa baita
nere uztarria eta arina nere zama. » ( Mt 11, 29-30 ) Erranaldi hunek bere erroak Dt- n ditu :
« Gaur nik emaiten dautzuetan manamendua ez da zuen indarrez gaindikoa, eta eskuraezina ere. »
( Dt 30,11) Jainkoak ez du ezinegina galdatzen, baina hor ez ote da mintzo fededun deskuraiatueri ,
dizipulueri, hauek behin Jesusi erran baitzioten : « Nor salba daiteke, orduan ? » (Mt 19,25)
Hemen aurkitzen dugu, Dt- n lehen aldikotz, Jesusek geroago erranen duen Bibliako mezu
haundi baikorra : Legea gure esku da, gaizkia ez da halabehar bat ; mundua salbamenduari itzulia
da, Jainkoaren eta jendeen maitasunean biziz denen zorionerako. Bizi-molde hau gizonek ezin dute
ardiets osoki beren indar bakarrez. Bere populua ez denaz gai leialki bizitzeko, Jainkoak berak du
hauen bihotza aldatuko : « Zuen Jainko Jaunak zuen eta zuen ondokoen bihotzetan ezarriko du
elkargoa , Jauna zuen Jainkoa bihotz-bihotzez eta gogo osoz maitatu ahal izan dezazuen eta bizirik
iraun. » (Dt 30, 6)
Salmoa 18
Leloa : Zuk, Jainko Jauna, erran hitzak bai izpiritu eta bizi !
Jainko Legea on ona da, bihotz gogoen pizgarria.
Jaunaren hitza ezin alda, jende lañoen zuhurtzia.
Haren manuak beti zuzen, bihotzarentzat bozkario.
Garbiki dute joanarazten, soari argi baitzaizkio.
Jainko-beldurra zoin garbia, menderen mende garbi doa.
Jaunak errana, zoin egia, gezur-izpirik gabekoa.
Urrea ez da hain dirdira, den garbiena balitz ere.
Eztiak eztu gozo hura: Jaunaren hitzek nun zer pare?
Ba ote da kantikarik Lege Zibilaren alde ? Harrigarri litake…Hemen laudatzen da Legea.
Frantzian oraino ere Napoleonen Legedia aipatzen da. Izraelen “Jainkoaren Legea” erraiten
dute. Ohoratzen da ere “Jainkoaren manamendua.” Hautatu gaituen Jainkoak bere obra segitzen du
askatasuna eskaintzen duen Legearekin.
Oroit gaiten judu- populuak Jainkoak ekarri askatasun hori frogatu duela eta manamenduak
etorri direla Egiptotik ihes egin ondoan. Jainkoak “aterarazi du ” jendea esklabotasunetik eta gateak
hautsi dizkio uros bizi dadin. Hau da Betiereko Elkargoa. Dt liburuan kausitzen dira gogoeta
ederrenak Legeari buruz. Adibidez: “ Galda munduaren alde batetik besteraino, ea sekula
horrelakorik gertatu edo entzun izan den. Ba ote da herririk, zuek bezala Jainkoa suaren erditik
mintzatzen entzun eta bizirik gelditu denik ? ” (Dt 4, 32…40 )
Biblia guziko segurtamena da Jainkoak bere populua uros nahi duela eta molde errex batean
: Aski da Jainkoaren Hitza entzutea. “Jainkoaren Legea segurra da, apalak zuhur bilakatzen
baitira.” Apalak Jainkoaren irakaskuntzari jarraikitzen direnak dira hain zuzen. “Izraeldarrak, zer
da Jaunak zuen Jainkoak eskatzen dauzuena? Hau bakar bakarrik: errespeta ditzazuen ematen
dizkizuedan Jaunaren manamendu eta legeak, horrela jokatuz zoriontsu izan zaitezten. ” (Dt 10,
12-13) eta Mikeas profetak dio: “ Gizaki bezala, irakatsi zaizue zer den ona, zer nahi duen Jaunak
zuenganik. Hau : zuzenbidez jokatzea, on izaten saiatzea, eta zure Jainkoarekin apaltasunez
bizitzea. ” (Mi, 6, 8) Ez da bertze biderik zorionerako.
Izraelen berezitasuna da Jainkoarekin deraman esperientzia eta horrek du dena aldatzen. Ez
da baldintzarik ardiesteko, aintzinetik dena eskainia da. Jainkoak Izrael salbatzea hautatu du
maitasun hutsez. Hortarako eztia bilakatu da Jainkoaren emankortasun eta gozotasun zinbolo.
Jainkoak eman dio laguntza oroitarazten duelarik : « Mendi gainetan ezarri zituen, landako fruituz
elikatu ; baseztiz hazi zituen, harkaitzetik sorturiko olioz » . ( Dt 32,13 )
Bigarren irakurgaia
( Gauza guziak Kristorenak, bai munduan, bai Elizan )
Jondoni Paulok Koloziarreri 1, 15-20
15 Jainko ikusezinaren iduria da Kristo,
kreatura guzietan lehen sortua.
16 Haren bidez dira eginak gauza guziak, zeru-lurretan,
ageri direnak eta ez direnak,
ahaldun, nagusi, aitzindari eta boteredunak.
Haren bidez eta harentzat kreatuak izan dira denak.
17 Guziak baino lehenagokoa da bera,
eta guziek haren baitan diraute.
18 Bera da gorputzaren, Elizaren, burua.
Bera da hastapena, hilen artetik lehen sortua,
guzietan lehena izan dadin.
19 Jainkoak nahi izan baitu betearen betea haren baitan egoitea,
20 eta haren bitartez guziak berekin adiskidetzea,
bai lurrekoak eta bai zerukoak,
haren gurutzeko odolaz bakea eginik.
Testo hau xoragarria da, eta biziki zaila memento berean, baina senditzen dugu barna doala
fedearen misterioa ederresteko. “Sinesten dut » baten parekoa da.
Lehen ohar bat : hastapenak eta bururapenak pare egiten dute. Testoa Jainkoaren proiektuaz
eta haren obraz ari da.
Bigarren oharra. Jainkoaren nahiaz erran guziak iraganean idatziak dira, oroitarazteko
Jainkoaren proiektua betidanik izan dela. Alderantziz, Kristo aipu da beti oraikoa bezala. Kristoren
misterio hori gu baitan bizi dugu mendeetan zehar.
Hirugarren oharra. Kristo da lehen kreatura, eta kreazione berria Jesusen pizteari esker
dugu.
Azken oharra. “Jainko ikusezinaren iduria da Kristo”: hori da Pauloren gogoetaren giltza.
Eta jakingabe erranaren garrantzia, Jesus erakutsiz, Pilatok aitortzen du jendaldeari :”Huna
gizona”.
Jesus izendatuz “ Jainko ikusezinaren iduria” hunen itxura agertzen zaiku: “Ni ikusia
nauenak Aita ikusia du”. (Jn 14 ,9) Jesus ikustean gizona ohoratzen dugu eta ber denboran Jainkoa
ere. Gurutzean Jesusen odola ixurtzea gaztigu bat bezala ikusi behar ote da edo gertakari horrek ez
ote du herra baztertzen, adiskidetze eta baketzeari bidea idekiz. Jende batzuen erahiltzea ikusiz –
adibideak Martin Luther King, Gandhi, …- ez ote dute Jesusen eite, jakinez beren bizian indar
haundia eman dutela jendeen artean bakearen eta berdintasunaren aldarikatzeko? Kristok barkatzen
du gaixtaginari eta Jainkoak emaiten barkamen hori grazia hutsez.
Alleluia, alleluia
Huna manamendu berria :
Jainkoa maite duenak bere anaia maita beza.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 10, 25-37
25 Jesus hutsean harrapatu nahiz, lege-gizon batek galdatu zion:
“ Irakasle jauna, zer egin behar dut betiereko biziaren ardiesteko?”
26 Jesusek erran zion:
“ Zer da izkiriaturik Legean? Zer irakurtzen duzu?”
27 Harek ihardetsi:
“ Maita zazu Jauna, zure Jainkoa, bihotz guziaz, arima guziaz,
indar guziaz eta adimendu guziaz,
eta lagun hurkoa zure burua bezala.”
28 Jesusek erran zion:
“ Xuxen ihardetsi duzu. Hori egizu, eta bizia izanen duzu.”
29 Bainan lege-gizonak, haren galdea bidezkoa zela adiarazi nahiz,
Jesusi galdatu zion:
“ Eta nor da nere lagun hurkoa?”
30 Jesusek orduan:
“ Gizon bat Jerusalemetik Jerikorat jausten ari zela,
gaixtaginen eskuetarat erori zen;
zituenak oro kendu eta ukaldika erabili ondoan,
joan ziren, erdi hila utzirik.
31 Hain zuzen, apez bat bide hartarik jausten ari zen:
gizona ikusi zuen eta, bazterturik, aitzina joan zen.
32 Lebitar batek, berdin, leku bererat heldu eta ikusi zuen;
bazterturik, aitzina joan zen.
33 Bainan bidaian zen Zamariar bat ondorat etorri eta,
hura ikusirik, urrikaldu zitzaion.
34 Hurbildu eta zauriak lotu ziozkan, heietarat olio eta arno ixuri ondoan;
gero, bere zaldiaren gainean ezarri, ostaturat ereman, eta artarazi zuen.
35 Biharamunean, bi zilar peza atera eta ostalerrari eman ziozkan, erranez:
‘ Arta zazu eta gehiago gastatzen baduzu,
gibeleratekoan ordainduko dautzut.’
36 Zure ustez, hiru horietarik zein izan da
gaixtaginen arterat erori gizonaren lagun hurkoa?”
37 Lege-gizonak ihardetsi: “ Urrikaldu zaiona.”
Jesusek erran zion : “ Zoazi, eta zuk ere berdin egizu.”
Irrisku haundia hartu du Lege gizon hunek amodioaz Jesus galdezkatuz, baita ere nor den
aldeko laguna erranarazi nahiz.
Erantzuna Jesusek kokatu du denek ezagutzen zuten bide galkor batean, basamortuaren
erdian. Istorio hori nornahik bizi zezaken gertakaria da. Kolpatuaren zorte txarra bikoitza da:
zauritua da eta etorkina; makurrena kanpotiarra izaitea baitugu! Gaurregun ere zer behako dugu
etorkinari buruz?
Bide bazterrean gertatzen denak ongi erakusten du Jesusen alderantzizko jokamoldea – eriak
salbatuz sabato egunean, lepraduneri hurbilduz… Oze profetaren hitzak pratikan emanez: “
Nahiago dut maitasuna sakrifizioak baino, Jainkoa aintzat hartzea erre-opariak eskaintzea baino.”
“ Zer da izkiriaturik Legean ? “ galdatzen diolarik Jesusek, Samariarrak ongi badaki: “Zure
Jainko Jauna maitatuko duzu bihotz guziaz, arima guziaz, indar guziez eta gogo guziaz eta zure
aldeko laguna zeure burua bezala”. Jesusek errantzun zion: “ Ongi ihardetsi duzu..” Zeren horra
hor amodioaren bi itxurak edo aldeak. Geroago Jondoni Joanik idatziko du: “Jainkoa maite dut”
erran eta bere haurridea hastio duena gezurtia da; alabainan, ikusten duen bere haurridea maite ez
duenak, ikusten ez duen Jainkoa ez dezake maita. “ (1 Jn 4, 20 ) eta beretik : “ Ene maiteak, elgar
maita dezagun, maitasuna Jainkoaganikakoa baita, eta maitatzen duena Jainkoaganik sortua da eta
Jainkoa ezagutzen du.”. (1 Jn 4, 7 ) Testamendu Zaharrean ala Berrian hitz bera da Jainkoa
nolakoa den erraiteko : urrikalkorra.