Carola Rackete, emakume «samariar» ona
Urteko 15. igandea C. 2019-07-14
Sea Wacht 3 itsasontziko emakume kapitaina da Carola Rackte. Italiako Salvini barne ministroak hura atxilotzeko agindu du (2019-06-29), Mediterraneo itsasoan migratzaile ilegalak jasotzeagatik. Jada epaileak aske utzi du. Bata bestearen aurkako erreakzioak eragin ditu operazio honek guztiak. Gehienek Carola defendatu eta txalotu egin dute. Beste batzuek, itsasoan jasotako jende horren tragedia ─nolabait esateko─ beren arazo egin arren, uste dute legea lege dela, eta gorde egin behar dela. Beste zenbaitek dio, Carola alemana bada, eraman ditzala migratzaileak Alemaniara.
Kasu hau ezin hobeto datorkigu gaurko ebanjelioko samariar onaren parabola ulertzeko. Irakurtzean, bete-betekoa iruditu zaigu, mezu bikaina dakarkiguna. Inguruabarrak ezagutu ditugunean, bere baitan duen ideia txarra edo maliziazkoa nabari dugu eta eragin zituen bata bestearen aurkako iritziak.
Lehen irakurgaia: Oso zaila al da nola salbatu jakitea? (Deuteronomio 30,10-14)
Argia da Deuteronomio liburuaren erantzuna: ez da zertan igo Himalaia gailurrera, ezta Atlantiko ozeanoa zeharkatu ere, Jainkoak gugandik zer nahi duen jakiteko. «Lege honen kodean» idatzia dago Jainkoak israeldar batengandik zer nahi duen; liburu honen 12-26 kapituluetan dator. Kontua ez da asko ikastea, baizik eta bihotz-bihotzez eta arima osoz konbertitzea da arazoa, eta betetzea han datorrena.
Baina Deuteronomio liburuari problema bat sortu zitzaion. Testua ukiezina bazen ere, eta ez bazegoen ere baimendua inor hartan ezer gehitzera eta kentzera, liburuko arauen interpretazioa haziz joan zen era kontrol gabean. Jesusen garaian, judaismoak 613 agindu zituen (365 debeku eta 248 eginbehar), edozein pertsona zorarazteko moduan.
Agindu-multzo honen aurrean, gauza logikoa zen guztia sintetizatzeko gogoa behin eta berriz sortu izana, edota gauzarik garrantzikoena zein zen jakin nahi izatea. Jesus baino zenbait urte lehenago bizi izan ziren Shammay eta Hillel rabino sonatuei dagokienez, segidako anekdota hau kontatu ohi da. Behin batean pagano bat hurbildu zitzaion bere intolerantziaz sona handikoa zen Shammayri, eta esan zio: «Proselito, hau da, judu berri egingo naiz, txingo egon naitekeen denboran Tora edo lege osoa irakasten badidazu». Rabinoak hanka egiteko agindu zion, eskuan zuen makila neurgailu batekin mehatxu eginez. Orduan Hillel-engana joan zen paganoa; bere tolerantzia-jarreraz nabarmendu zen Hillel, eta erantzun zion: «Ez egin lagun hurkoari zeuretzat gustuko ez duzunik. Honetan datza lege guztia; gainerakoa interpretazio hutsa da». Rabi Aquibaz ere (+ K.o. 135 inguruan) gogoratu ohi da Lege osoa esaldi bakar batean biltzeko ahalegina: «Maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala; hauxe duzu Torako burubide nagusia».
Ebanjelioetan hainbat ahalegin ageri da Biblia sinplifikatzeari dagokionez, erantzun laburragoa eta zorrotza emanez. Ospetsuena Urre Araua da, Mateok Mendiko Hitzaldiaren bukaeran dakarrena: «Honela bada, besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia, egin zuek ere besteei: horretan datza Liburu Santuek irakatsia» (Mt 7,12). Gaia gaurko ebanjelioan berragertu da, agindurik nagusiena zein den Jesusi galdetu diotenean. Lukasen kontaerak aldaera oso esanguratsuak tartekatu ditu Markosenean.
Lege-maisu ona Markosen ebanjelioan (Mk 12,28-34)
Lege-maisuak gaur egungo teologiako doktoreen pareko ziren, nahiz eta botere, aginpide eta fama handiagoa zuten. Ez dute itxura onik ebanjelioetan. Eskuarki fariseuen ondoan ageri dira, Jesusen etsai. Markosen kasu honetan salbu, zeinetan lege-maisu batek agindu nagusiena zein den galdetu baitio Jesusi, eta honek Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea dela erantzun baitio. Lege-maisuaren erreakzioa Jesus gorestea izan da, Jesusek gorespena itzultzen diolarik.
Ebanjelioa: Lukasen ebanjelioan, asmo txarreko lege-maisua (Lk 10,25-37)
Lukasen kontaerako protagonista ez dator asmo onarekin, estu hartu nahi izan du Jesus. Ez dio planteatu arazo teoriko bat («zein da agindu nagusia?»), baizik eta arazo oso pertsonal bat: «zer egin behar dut betiko bizia heredatzeko?»
Jesusek igarri egin dio sare-ezartzaileari. Erantzun ordez, galdetu dio: «Zer dago Legean idatzia? Zer irakurtzen duzu han?» Eta legelaria beharturik gertatu da aitortzera ezen oso ondo dakiela zer egin behar duen: Jainkoa eta lagun hurkoa maitatu. Jesusek, pipermin pixka batekin, erantzun dio, esanez, beraren problema ez datzala zer egin jakitean, baizik betetzean.
Horretan bukatzen ahal zen guztia. Baina legelariak, barregarri gelditu izanaren ustea izanik, bere burua zuritzeko, arazo filosofiko-teologiko bat planteatu dio Jesusi: «Eta zein dut nik neure lagun hurko?» Zorionez, Jesus ez zen alemana. Ez zion eman Antropologiako hitzaldirik, ezta bost ehun orrialdeko Esku-liburu bat ere, arazo korapilatsu hau argitzeko. Samariar onaren parabola kontatzera mugatu da, zeinak bi jokabide-eredu eskaintzen baititu: alde batetik, apaizarena eta lebitarrarena, zeinak bidelapur batzuen erasoa jasan eta bide-bazterrean zauriturik ikusi duten gizon baten aurrean iskin egin eta bertan utzi baitute gizajoa; bestetik, samariarrena, zeinak, errukiturik, hurbildu, olioz eta ardoz igurtzi eta bendaturik, zamari gainean jarri eta ostatura eraman baitu, haren zaintza eta ostatu-gastuak bere gain harturik. Zazpi ekintza dira, guztiak hasierako erruki-jarreratik eratorriak.
Legelariari iraingarri gertatu bide zitzaion kontu bat kontatze hori. Baina Jesusek ez dio astirik eman protestarako, eta erasora jo du zuzenean, garrantzizkoa bizitzan, hurko bezala jokatzea dela aitorraraziz. Eta bukatzeko, esan dio: «Zoaz. Egin zeuk ere beste horrenbeste». Inporta duena ez da hika-mika aritzea, baizik jardutea.
Parabolako ideia txarra edo maleziazkoa
Askori gustuko litzaioke parabola samariarraren etsenplura mugatu eta ahogozo gelditzea. Baina Lukas, zeinen onberatasuna azpimarratzen baitugu beti, zaurgarri bihurtu da oraingo honetan. Ez du aski izan bi protagonistarekin, hiru behar izan ditu. Eta asmo biziz aukeratu ditu: apaiz bat, lebitar bat, samariar bat.
Apaiza eta lebitarra Jainkoari era berezian sagaraturiko pertsona dira; gauza bera egin dute biek: iskin egin eta aurrera segitu. Zergatik jokatu dute horrela? Gaizto eta egoista direlako? Ez. Zauritua, zauritua bakarrik ez, baizik hila badago, aski izango lukete hura ukitzea lohi bihurtzeko.
Zorrotz dio Legeak: «Apaiza ez bedi kutsa bere ahaideren baten gorpua ukituz, hurbileko ahaideren batena –ama, aita, semea, alaba nahiz anaiarena– izan ezik. Arreba ezkongabeagatik ere kutsa daiteke, ezkongabe dagoen bitartean bere senitarteko baitu. Bere senitartekoen buru delarik, apaizari ez zaio zilegi kutsatzea, desohoraturik geldi ez dadin» (Lebitarrak 21,1-4). Ahaide batekin kutsatu ezin badira, askoz gutxiago bide-bazterrean datzan ezezagun batekin.
Eta horri dariona gauza tragikoa da: Jainkoaren legea da errukia egitea, zaurituarekin hurko bezala jokatzea, eragozten duena.
Lukasek jotzen ahal zuen hirugarren protagonistatzat apaiz aurrerakoi bat hartzera eta lege-obsesiorik gabeko diakono iraunkor bat. Pertsonarik «desegokiena» hautatu du: samariar bat. Judu batentzat pertsonarik gorrotatuena eta mespretxatuena da, Erregeak liburuaren arabera (2 Erregeak 17,28-34) «Jauna beneratzen ez duen eta haren aginduen eta arauen arabera jokatzen ez duen» herri bateko kidea». Ironia handia: Jauna beneratzen ez duen eta haren aginduen eta arauen arabera jokatzen ez duen herriaren ordezkari bat jardun da errukiz eta hurko-portaeraz.
Irakurleari utzi nahi diot erabakitzea, parabola honek burura dakarkion ala ez Carola Rackete-ren historia. Eta, are garrantzizkoagoa, gogoan hartzea parabolako Jesusen azken hitzak: «Zoaz, eta egin zeuk ere beste horrenbeste».
José Luis Sicre