Urteko 15. igandea C 2019-07-14

HOMILIA

Anai-arrebok!

Lege-maisu batek galdetu dio Jesusi: zer egin behar dut betiko bizia lortzeko? Eta Jesusek: Maitatu Jauna zeure Jainkoa eta maitatu zeure lagun hurkoa.

Harritzekoa da lege-maisuaren galdera. Ematen du, Jainkoa ezagutzen duela eta lagun hurkoa ez.

Zergatik harritzekoa? Jainkoa ezagutzen badu, ondo asko jakin beharko lukeelako lagun hurkoa zein den. Izan ere, Jainkoa ezagutzen baduzu, badakizu, hark egina dela unibertsoa, hark egina dela gure mundu hau, hark egina dela hain gutxi estimatzen dugun natura, hark egina direla gizon-emakume guztiak.

Eta Jesusek, pazientzia hartuz, badakien arren lege-maisu hori ez zaiola etorri asmo onez, samariar onaren jokabidea proposatu dio. Jerusalemgo Tenpluan Jainkoa zerbitzatzen ari omen diren apaizak eta lebitarrak begiak itxi dituzte bide-bazterrean dagoen gizon elbarria ez ikusteko. Jesusengana etorri den lege-maisuak egiten duen bezala, juduek mespretxatzen duten samariar horrek, berriz, zer egin du? Bazuen buruan asmo bat egun horretarako, bazuen lan edo mandatu bat egiteko. Eta bere asmo hori alde batera utzi du. Eguna galdu du, bide bazterrean oso gaizki, hiltzeko arriskuan, dagoen elbarri hori kasu egiteko. Eta Jesusek bukatu du: horra zein duzun zeure lagun hurkoa. Beharrean dagoen edozein pertsona duzu lagun hurko.

Jose Luis Sicre biblialariak gaurko egun honetako bere homilia edo iruzkinean, gaur eguneko «samariar ontzat» Carola Rackete barku-kapitain gaztea ekarri digu gogora. Carolak, Mediterraneo itsasoan, migratzaile edo etorkin-sail bat jaso du, itsasoan hiltzetik libratuz. Italiako Mateo Salvini barne ministroaren debekuaren kontra izanik ere, Italiako portu batera eraman ditu. Berehala, preso egin dute Carola kapitaina. Egun gutxi barru, ordea, epaile batek libre utzi du.

Munduan erreakzio handi eta desberdinak eragin ditu, bai Carolak egin duenak, bai Carola preso hartu izanak, bai epaileak Carola libre utzi izanak. Batzuek diote legea lege da; beste batzuek, Carola horren, bera alemana denez, eraman ditzala etorkin horiek Alemaniara; gehienek ontzat eman dituzte Carolaren eta bera libre utzi duenaren jokabidea.

Legea lege da. Zein gogorra eta burugabea den irizpide hori. Behin batean (Zenbakiak 11,24-31), Moisesi salatu zioten 70 arduradunetatik bi, beren gisa ari zirela profeta-lanean, taldean jarraitu ordez. Eta Moisesek: Nahiago nuke herri osoa ariko balitz profeta-lanean. Eta Jesusek berak ikasleei esana ere hor dago (Markos 9,38-41); ikasleek taldekoa ez den bat ikusi dute deabruak botatzen, eta eragotzi egin nahi izan diote, taldekoa ez delako; baina Jesusek: «ez eragotzi; …gure kontra ez dagoena gure alde dago»

Moisesena eta Jesusena kexuka joan diren horien bezalako iritziak entzun ohi dira gure artean ere. Diote: «eskolak publikoa izan behar du ezinbestean»; ez dira konturatzen, eskola publikoaren zulo handi bat ari dela betetzen eskola pribatua. Entzuten da hau ere: jende pribatuak jende pobreari laguntzea, zuzentasunaren joatea da, adabakiak jartze hutsa da. Baina ondotxo dakigu Gobernuak egin nahi ez duenaren kontra zenbat lan egiten duen, esaterako, Caritas batek. Eta era berean ezagutzen dugu zenbat zerbitzu eskaintzen duten Caritas-eko ez diren gizabanako askok eta askok. Gaur egun ere, kaskoan sarturik daukagu: halako edo bestelako taldeko ez bazara, ezin duzula parte hartu jende pobreari laguntzen. Batzuetan, ideologia sasiko baten izenean ─taldea, erakundea, instituzioa─; beste batzuetan, jende askok bere gisa eskaintzen duen laguntzak salatu egiten gaituelako. Gure artean berean, zenbat erakunde pribatu ez dira sartu eta indartu hasiera hartan gizabanakoen egintza huts zirenak. Nola sortu zen Ikastola? Nola sortu ziren Euskaltegiak, nola sortu ziren hainbat irrati eta telebista. Nola sortu zen Caritas bera? Izan dezagun gogoan: Espiritu Santuak nonahi egiten du ufa. Ezin itzali dugu ufatze hori. Ezin mugatu dugu inor gogoa, maitasuna eta ekintza erakunde publiko nahiz pribatuen mugetara. Jesusek berak eragin duen mugimendua pertsona pribatu baten lana izan da.

Senideok, ideologia eta geldotasun guztien gainetik maitasuna dago. Eta maitasuna, era berezian, premian direnekiko.

Gizatasunaren eta kristautasunaren ezaugarri bikain bat da, gaurko ebanjelioko samariar onaren jarrera da. Pena sentitu zuen, errukia sentitu zuen, esan digu Jesusek samariar onaz. Sentibera izatean datza gizatasuna, kristautasuna.
***
Samariar onaren jarrera hori Jesusen beraren jarreraren irudia da. Hainbat aldiz ageri da Jesus sentibera, penak jota, errukitsu, gupidatsu. Adibidez, bere seme bakarrari lur ematera doan alarguna ikusi duenean (Lukas 7,13); seme hondatzailea etxera itzuli denean aitak errukia sentitu du (Lk 15,20). Bizia bizitzeko, garrantzizkoa da pertsona, edozein pertsona, pertsona guztiak estimatzea: guztiak egundoko baliozkotzat hartzea, guztiei laguntzea: irakastea denean irakatsiz, sendatu behar denean sendatuz etab. Atzo, ostirala, gizon batek bota zidan: apaiz gutxi ikusten da eraikuntzan lanean; erantzun nion: anaia erail dioten pertsona bati lagun egiten lau ordu egitea ez al da lana? Ohiturik gaude gauzak oso materialki hartzen. Gizakiak bizi dituen premiak, denak ez dira materialak. Ez da izaten diru-falta bakarrik. Handiena, dirua falta zaionean ere, bere burua bakarrik sentitzea du pertsonak.

Zentzu sinbolikoan hartuz, «osasuna» esateak berak esanahi asko ditu. Badira, esaterako, bide-bazterrean hilzorian diren gizataldeak eta kulturak. Badira, kontsumismoak eta materialismoak erdi hilik utzi dituen gizataldeak eta herriak. Badira, gizakiak duen gauzarik hobena, gizatasuna, galarazi dioten gizatalde eta herriak.

Egia handia da Paul Claudel frantses nobelagile handiak esan zuena: «Jainkoa ez da etorri mundura sufrimena kentzera, baizik eta sufrimenduaren mundu hori bere presentziaz betetzera». Jesusek ez du ezabatu sufrimena, baina beste zentzu bat eman dio. Ez du esan nahi, sufrimena kentzen saiatu behar ez dugunik.

Egin dezagun geure 20. mendeko Romano Guardini teologo sentibera eta argiaren jarrera hau: «Samariar onaren parabola hau, sufrimenduaren Ebanjelioa da. Hain zuzen, adierazten digu, nolako erlazioa bizi behar duen gutako bakoitzak sufritzen ari den lagun hurkoarekin. Ez dugu zilegi halakoari ezikusiarena egitea, baizik eta gelditu egin behar dugu halakoaren ondoan».

Izan dezagun gogoan: premian den lagun bati eskua luzatzen diogun bakoitzean, ezkutuan dagoen beste Pertsona bat bistaratze digula. Txiki hauetako bati egiten diozunean, neure egiten didazu, esan zigun Jesusek.

Dionisio Amundarain