Urteko 15. igandea C 2016-07-10
HOMILIA

Anai-arrebok!

Ebanjelioak irakurtzean, gauza bat oso nabaria ikusi ohi dugu: Jesusek askotan hitz egiten du. Baina behin ere ez du botatzen diskurtso handi bat. Gehienbat parabola bidez hitz egite du, ipuinak kontatuz. Gaur ere, parabola bat entzun dugu. Diskurtso luzeenak baino hobeto adierazi digu horrek Jesusen ikuspegia.

Geure bizitzan ere, garrantzizkoa ez da liburu mardul bat irakurtzea. Inportanteena, mezuak gure bihotza uki dezan bilatzea da. Edozer gauza irakurtzean edo hitzaldi bat entzutean, garrantzizkoa ez da, lerroz lerro dena buruan gordetzea. Baizik mezuaren muina zein den bilatzea; batez ere, mezu horrek gure bihotza uki dezan saiatzea.

Eta normalean, irakurritako edo entzundako mezua Jainkoaren edo Jesusen araberakoa bada, irakurri edo entzun aurretik ere geure bihotzean jadanik genuena izango da.

Lehenengo irakurgaiak argi eta garbi esan digu: «Agindua edo proposapena zeure eskura duzu: zeure bihotzean eta zeure ahoan. Bete ezazu» (Dt 30,14). Irakurritako edo entzundako mezua Jainkoaren edo Jesusen araberakoa baldin bada, gauza entzuna, gauza ezaguna egingo zaizu. Kreatu zaituenean, zu kreatzearekin batera ezarri du Espiritua zure bihotzean Jainkoak. Espiritu horri erne egotea da kontua. Espiritu hori ez da nekatzen, ez da aspertzen. Guk zirriztu bat utzi orduko, hor agertuko zaigu.

Gaurko ebanjelioko letratuak ere ondo asko zekien zein zuen bere lagun hurko. Izan ere, Jesusek parabola bat kontatu dio. Lapurrek gizon bat erdi hilik utzi dute bide-bazterrean. Apaiz batek eta levitar batek ikusi dute zauritua, baina kasurik ez diote egin. Samariar batek ere ikusi du eta hunkitu egin da. Bere bidea eten. Zaurituari sendaketa egin. Zamari gainean jarri eta ostatura eraman du zaintzeko.

Jesusek ez dio esan letratuari hiruretan zein portatu den lagun hurko bezala. Galdetu egin dio: Hiruretan zein portatu da lagun hurko bezala? Eta letratuak ez du dudarik izan. Beraz, bazekien lehendik ere.

Zergatik galdetu dio, beraz, Jesusi: «Zein da nire lagun hurkoa?» Barruak esaten zionaren kontra hartu duelako Moisesen legea. Arimarik gabeko lege bihurtu dute, arnasarik gabeko lege, bizirik gabeko lege bihurtu dute. Ito egin dute Jainkoak bakoitza kreatzearekin bihotzean jarri digun Espiritua.

Adibide garbi ditugu apaiza eta levitarra. Tenpluan sakrifizio bat eskaintzea handiagotzat jo dute hilzorian dagoenari laguntza ematea baino. Izan ere, beraien legearen arabera, hildako bat ukitzeak lohitu egiten zuen pertsona, eta pertsona lohi batek ezin eskaini zuen sakrifiziorik. Eta, nonbait, beldur ziren bide-bazterreko hura hilda egongo ote zen edota esku artean hilko ote zitzaien.

Senideok, arakatu al dugu sekula geure bihotza; hor dugun mezu aberatsa ezkutuan edukitzetik argira ateratzeko? Zein lege, zein ohitura, zein idolo jartzen ditugu Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzearen gainetik?

Alderdi politiko bati lotuegi bizitzeak, kirolari itsuegi loturik bizitzeak, etab.k geure lagun hurkoak zein diren mugatuegi hartzera eraman gaitzakete.

Jesusen ikuspegia gehiagotan eta sarriago arakatu beharko genuke. Jesusen Espirituak argitu gaitzala.

Dionisio Amundarain