URTEKO 15. IGANDEA B (2021-07-14)
SARRERA
Senideok, Jaunaren eguna ospatzen dugu gaur. Igandea. Egiteko handi batera deitzen gaitu Jaunak: munduari Berri Ona ematera. Ikus dezagun nola gonbidatzen gaituen.
Jesusek Hamabiak bidali ditu. Gu bidaltzen gaitu gaur. Dei horrekin esaten digu: eraman dezagula mundu osora Jainkoaren Erreinuaren berri. Berak hots egin duen bezala.
Jesusek hots egin duen Erreinua edozein erlijio baino zerbait gehiago da. Jesusek ez du predikatu erlijio bat. Erlijio hitzak, izatez, hau esan nahi du: kanpoko kultua, pertsonaren bizitzan eraginik ez duen kultua. Jesusek tankera horretako erlijio guztien kontra hitz egin du. Bizirik ez duen erlijio horren adibide ona ageri da gaurko lehen irakurgaian: Amasias, Betel santutegiko apaiza, Jeroboam erregearen morroi itsua da; adibidez, erregeari atsegin emateko, Amos profetari alde egiteko agindu dio: Jainkoaren Hitzaren gainetik, erregearen eta bere probetxua jarri du.
Jesusek ematen digun egitekoak edo misioak, Jesusi bihotzez loturik bizitzea esan nahi du. Nork bere burua besteei eskaintzea, ordainetan ezer espero gabe: horra besteei Jainkoaren berri emateko erarik bikainena. Salmogilearekin esan dezagun bihotzez: «Jaunak dioena entzungo dut: Jainkoak bakea iragartzen die bere herriari eta bere adiskideei».
LEHENENGO IRAKURGAIA Amos profetaren liburutik (7,12-15)
Amos profeta Hegoaldeko Erreinuan, Judan, jaio zen, Kristo aurreko zazpiehun eta berrogeita hamargarren (750) urte inguruan. Kontuan izan dezagun: Hegoaldean jaioa izan arren, Iparraldera dei egin zion Jainkoak predikatzera. Jakin dezagun ere: Salomon erregea hil zenean, haren erreinua, Palestina osokoa, bitan banatu zen: Iparraldekoa edo Israel eta Hegoaldekoa edo Juda.
Amosen garai horretan, Iparraldekoa oso aberats bizi zen. Baina tamaina berekoa zen hango injustizia ere. Zuzengabekeria horren kontra predikatu zuen Amosek.
Iparraldeko Erreinu horretan bazen erregeak izendaturiko profeta-sail bat. Erregeari «bai» esatea zuten helburu. Amasias zen haietako bat. Amos profetak injustizia hori guztia salatzen zuela ikusirik, kanpora bota nahi izan zuen Amasiasek. Jainkoaren Hitzaren gainetik, Jainkoaren mezuaren gainetik, erregearen eta bere probetxua izan zuen gogoan.
Amosek erantzun zion: ni ez naiz, zuek bezala, erregearen soldatapekoa. Jaunak dei egin dit egiteko honetara.
BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (1,3-14)
Efesoarrei egindako idazkiaren hasiera entzungo dugu. Jainkoari egindako gorazarrea da, eskerrak emateko: eman dizkigun dohainengatik, bere seme-alaba egin gaituelako, Espiritua eman digulako. Eskerrak zor dizkiogu: aukeratu gaituelako, seme-alaba egin gaituelako, salbatu gaituelako, Jesu Kristogan bere salbamen-asmoa argiro agertu digulako, batzuen eta besteen artean bereizketarik egin ez duelako, guztiok era berean maite gaituelako.
EBANJELIOA san Markosen liburutik (6,7-13)
Jesusek Hamabiak bidali ditu. Hiru ebanjelio sinoptikoetan ageri da bidaltze hau. Hiruretan, antzeko argibideak eman ditu Jesusek. Lukasek, bestalde, beste bidalketa bat ere aipatzen du: hirurogeita hamabiena. Bera herrixka batera joan aurretik, ikasleak bidaltzen zituen Jesusek.
Garrantzizkoena, ordea, ez da egintza bera, baizik hots egin behar duten mezua eta hots egiteko modua. Hau da mezu: Jainkoaren Erreinua iritsi da, Jesusekin. Hots egiteko modua: pobre joanez hots egin behar dute eta, gainera, gaixoak sendatu behar dituzte.
Senideok, gaur guri ari zaigu Jesus deika. Guri ari zaigu gonbita egiten. Berri Ona mundu osoari hots egitea.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Eliztar guztien alde: injustizien aurrean isiltzeko tranpan eror ez gaitezen, beste zerbait nahiago izateagatik: aberastasunak, ohorea, boterea edo patxada. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduko gobernarien alde: jendearen zerbitzari izan daitezen, guztien ona bilatuz, bereziki pobreena. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Egunetik egunera, jende gehiago agertu dadin, egia esatearen alde, askotan mingarri izango bada ere. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gizarte-komunikabideen alde: berri-emaile egiazale izan daitezen, indar dominatzaileen neskame edo morroi izan gabe. Eska diezaiogun Jaunari.