URTEKO 15. IGANDEA B (2015-07-12)

SARRERA

Senideok, Jaunaren eguna ospatzen dugu gaur. Igandea. Egiteko handi batera deitzen gaitu Jaunak: munduari Berri Ona ematera. Ikus dezagun nola gonbidatzen gaituen.
Jesusek Hamabiak bidali ditu. Gu bidaltzen gaitu. «Hamabi» zenbakiak Israel osoa esan nahi du. Israel berri osoa. Dei horrekin esaten digu: eraman dezagula mundu osora Jainkoaren Erreinua. Berak hots egin duena.
Jesusek hots egin duen Erreinua edozein erlijio baino zerbait gehiago da. Jesusek ez du predikatu erlijio bat. Erlijio hitzak, izatez, hau esan nahi du: kanpoko kultua, pertsonaren bizitzan eraginik ez duen kultua. Jesusek tankera horretako erlijio guztien kontra hitz egin du. Bizirik ez duen erlijio horren adibide ona ageri da gaurko lehen irakurgaian: Amasias, Betel santugiko apaiza, Jeroboam erregearen morroi itsua da; adibidez, erregeari atsegin emateko, Amos profetari alde egiteko agindu dio: Jainkoaren Hitzaren gainetik, erregearen eta bere probetxua jarri du.
Jesusek ematen digun egitekoak edo misioak, Jesusi bihotzez loturik bizitzea esan nahi du. Misio hori ez da edozer gauza predikatzea; mundua gizatasun handiagoko egitea du helburu guri eman digun eginkizunak. Azken batean, biziera berri bat da. Bizitzeko modu berri bat. Jesusengan txertaturik bizitzea.
Nork bere burua besteei eskaintzea, ordainetan ezer espero gabe: horra besteei Jainkoaren berri emateko erarik bikainena. Salmogilearekin esan dezagun bihotzez: «Jaunak dioena entzungo dut: Jainkoak bakea iragartzen die bere herriari eta bere adiskideei».

LEHENENGO IRAKURGAIA Amos profetaren liburutik (7,12-15)

Amos profeta Hegoaldeko Erreinuan, Judan, jaio zen, Kristo aurreko zazpiehun eta berrogeita hamargarren urte inguruan. Kontuan izan dezagun: Hegoaldean jaioa izan arren, Iparraldera dei egin zion Jainkoak predikatzera. Jakin dezagun ere: Salomon erregea hil zenean, haren erreinua, Palestina osokoa, bitan banatu zen: Iparraldekoa edo Israel eta Hegoaldekoa edo Juda.
Amosen garai horretan, Iparraldekoa oso aberats bizi zen. Baina tamaina berekoa zen hango injustizia ere.Zuzengabekeria horren kontra predikatu zuen Amosek.
Iparraldeko Erreinu horretan bazen erregeak izendaturiko profeta-sail bat. Erregeari «bai» esatea zuten helburu. Amasias zen haietako bat. Amos profetak injustizia hori guztia salatzen zuela ikusirik, kanpora bota nahi izan zuen Amasiasek. Jainkoaren Hitzaren gainetik, Jainkoaren mezuaren gainetik, erregearen eta bere probetxua izan zuen gogoan.
Amosek erantzun zion: ni ez naiz, zuek bezala, erregearen soldatapekoa. Jaunak dei egin dit egiteko honetara.
Senideok, izan dezagun gogoan: bi motatako profetak izan ziren, izan dira, eta dira. Alde batetik, soldatapekoak edo ofizialak; bestetik, Jainkoaren izenean hitz egin nahi dutenak.
Ba al dakigu bereizten bata eta bestea? Ez ote diegu jarraitzen itsu-itsuan: edota telebistako profetei?, edota aldi bakoitzeko gobernuari?, edota alderdi politiko jakin bati?, edota une jakin bateko gotzainari?, edota une jakin bateko aita santuari? Itsu-itsuan entzutea, bihotzean ari den Espirituari kasurik ez egitea da.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (1,3-14)

Efesoarrei egindako idazkiaren hasiera entzungo dugu. Jainkoari egindako gorazarrea da, eskerrak emateko: eman dizkigun dohainengatik, bere seme-alaba egin gaituelako, Espiritua eman digulako. Eskerrak zor dizkiogu: aukeratu gaituelako, seme-alaba egin gaituelako, salbatu gaituelako, Jesu Kristogan bere salbamen-asmoa argiro agertu digulako, batzuen eta besteen artean bereizketarik egin ez duelako, guztiok era berean maite gaituelako.
Iraganean ezagutu ez zuten misterioaz ari da gutunaren idazlea. Misterioa, Jainkoak munduaz duen asmoa eta egitasmoa da. Misterio hori ezagutzearekin, Kristogan txertatuak izan gara. Jainkoaren bedeinkazioa dugu: bere onginahiaz bete gaitu Jainkoak. Beste inork ez gaituela maite esango bagenu ere, hor dugu Jainkoa gutaz bete-betean maitemindua.
Horren ondorioz, gu berari loturik bizitzen saiatzeko eskatzen digu idazleak. Maitasuna da gure erantzuna. Espirituaren argipean, Jesusen irudi bete-beteko bihurtu arte. Eman digun Espirituak Jainkoa etengabe goratzera gonbidatzen gaitu. Azken batean, Jainkoaren egitasmoa, gu guztiok Kristogan bildu eta elkartzea da. Bai zoragarria gure esperantzaren jomuga.

EBANJELIOA san Markosen liburutik (6,7-13)

Jesusek Hamabiak bidali ditu. Hiru ebanjelio sinoptikoetan ageri da bidaltze hau. Hiruretan, antzeko argibideak eman ditu Jesusek. Lukasek, bestalde, beste bidalketa bat ere aipatzen du: hirurogeita hamabiena. Bera herrixka batera joan aurretik, ikasleak bidaltzen zituen Jesusek.
Garrantzizkoena, ordea, ez da egintza bera, baizik hots egin behar duten mezua eta hots egiteko modua. Mezu hau: Erreinua iritsi da. Hots egiteko modua: pobre joanez hots egin behar dute eta, gainera, gaixoak sendatu behar dituzte.
Esango genuke, Eliza sortzearen hasiera-edo dela. Jesusek jendearen, gure, beharra du, munduan Berri Ona hots egiteko, munduan Erreinua aurrera eramateko. Horra Jesus aitortzen duten guztien egitekoa. Gure egitekoaren muina Jainkoaren Erreinua hots egitea da: zuzentasunaren, maitasunaren, pobretasunaren… erreinua
Senideok, gaur guri ari zaigu Jesus deika. Guri ari zaigu gonbita egiten. Berri Ona mundu osoari hots egitea. Dena den, gogoan izan dezagun: mezu bat, bide bat, pertsona bat proposatzea dagokigu; inolaz ere ez, inor ezertara behartzea. Askatasun-deia da Jesusena eta Jesus bera.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Eliztar guztien alde: injustizien aurrean isiltzeko tranpan eror ez gaitezen, beste zerbait nahiago izateagatik: aberastasunak, ohorea, boterea edo patxada. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduko gobernarien alde: jendearen zerbitzari izan daitezen, guztien ona bilatuz, bereziki pobreena. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Egunetik egunera, jende gehiago agertu dadin, egia esatearen alde, askotan mingarri izango bada ere. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gizarte-komunikabideen alde: berri-emaile egiazale izan daitezen, indar dominatzaileen neskame edo morroi izan gabe. Eska diezaiogun Jaunari.