Ikasleak misiolari (Markos 6,7-13)
Urteko 15. igandea B (2021-07-11)
Nazareteko porrotak ez du adoregabetu Jesus. Aitzitik, joan den igandean ikusi genuen bezala, bere misiogintzan jarraitzeaz gain, bere ikasleak ere misiolari bidali ditu. Itun Zaharreko profetek izan zuten batzuetan ikaslerik, baina, dakigula, Eliseok bakarrik gomendatu zion haietako bati misio jakin bat: Jehu erregea gantzutzea (2 Erg 9,1-10); ikaslearen egitekoa, profetarentzat sostengu sozial eta espiritual izatea zen, haren hitzak gorde eta ondorengoei eskualdatzea. Jesusek ikasleez duen ikuspuntua beste bat da, dinamikoagoa: ikaslea ez da mugatzen ikastera, gainera arian ipini behar dute ikasitakoa eta zabaldu Jesusen jarduera.
Ikasleei irakaspena (Markos 6,7-13)
Markosen testuak bost puntu dakartza laburkiro:
1.-Aginpidea. Edozein enbaxadorek edo misiolarik aginpidez hornitua izan behar du. Jesusen ikasleek hartu dutena, espiritu lohien gainekoa da. Ideia hau, hain arrotza gure garaiko kulturan, Markosen ebanjelioaren testuinguruan hartu behar dugu. Jesusek, hasieratik beretik, Kafarnaumgo sinagogan, bere aginpidea azaldu du espiritu lohiaren gainean. Haren ikasleek ahalmen hori bera jaso dute. Enbaxadore ahalguztidun dira.
2.-Fardela eta hornigaiak. Interesgarria da erreparatzea zer baimentzen eta zer debekatzen dien Jesusek: soilik, makila eta sandaliak baimentzen dizkie; aitzitik, debekatuak dira janaria (bai ogia, bai zakutoa) eta ordezko tunika. Makila eta sandaliak baimentzea Mateoren ebanjelioaren kontra doaz; honetan debekatuak daude. Kasu egokia da ikusteko, ebanjelariek Jesusen mezua nork bere elkartearen zer-nolakoari egokitzen diotela: Markosek geroagoko misio-bidaltze luzeak ditu gogoan, bide zakarretan, makila eta sandaliak eskatzen dutenetan ibili beharra. Aitzitik, janaria eta ordezko jantzia debekatzeak Jesusen kezka handia bistaratzen du; ikasleek pobretasun-etsenplua eman behar dute, predikari erlijiosoak askotan elekari edo hitzontzitzat emanak diren garaia baita hura.
3.-Ostatua. Beren etxean onartu nahi dituztenen artean liskarrak eta borrokak saihesteko, ostatuz beti etxe berean bizitzeko eskatzen die Jesusek.
4.-Ukoa. Apostolutza ez da beti arrakastatsua izango. Jesusi Nazaretek uko egin zion bezala, ikasleei ere nonahi uko egin ahalko diete.
5.-Jarduera. Gauza bitxia, ikasleek zer egin beharko duten ez da ageri azkena arte: «Bihotz-berritzea hots egitera irten ziren, deabru asko kanporatzen zuten, olioz igurzten zuten gaixo asko eta sendatzen». Jesusek egin ohi zuen gauza bera, gaixoak sendatzeko olioa erabiltzea salbu. Badirudi, azken jarduera hau geroago sartu zela Elizan, eta Santiagoren gutunean testigaturik dago: «Zuen arteko bat gaixo dagoela? Dei egiezue elkarteko zaharrei, gaixoaren alde otoitz egin dezaten eta olioz igurtzi, Jaunaren izenari dei eginez» (Santiago 5,14).
Ukoa (1. Irakurgaia: Amos 7,12-15)
Jesusen irakaspenetan, gai hau da lekurik txikiena hartzen duena. Posibilitate bezala bakarrik aipatzen da. Aitzitik, lehen irakurgaiak gogorarazten digu posibilitate hau gauza oso erreala izan zela eta izaten jarraitzen duela.
K.a. VIII. mendearen erdi aldean, Amos profeta, jatorriz hegoaldekoa (Judakoa, alegia) Ipar Erreinura (Israelera) bidali zuen Jainkoak, han egiten zituzten egundoko zuzengabekeriak salatzera, beti ere gorteak eta kleroak babesturik. Aurkaritza bortitzena Beteleko (=Jainkoaren Etxea) santutegian gertatu zen, Amasias apaiz nagusiak Amos kanporatu zuenean. Azken batean, Amosek zorte ona izan zuen. Izan ere, beste batzuk lepo egiten zituzten.
Amosen testua osorik irakurri izan balitz (gauza izugarria liturgistentzat), funtsezko aldea ikusi ahal izango genuen profetaren erreakzioaren eta Jesusen ikasleek izan behar dutenaren artean. Amasias apaiz nagusiak Amos Beteletik kanporatu duenean, honek erantzun iragarriz erantzun dio: bere emaztea bortxatu egingo diotela, seme-alabak ezpataz erailko, bere lurrak galduko dituela eta erbesteratua izango dela. Jesusen ikasleak, ukatua bada, oinetako hautsa astintzera mugatu behar du. Mehatxu- edo gaitzespen-hitz bat ere ez. Jainkoarena da epaia.
Mezuaren sintesia (2. irakurgaia: Efesoarrei 1,3-14)
Ebanjelioak ez du zehaztu ikasleek hots egin behar dutena. Soilik dio, «bihotz-berritzea hots egiten zutela», Jesusek bezala. Urteren buruan, bereziki Jesusen heriotzaren eta piztueraren ondoren, apostoluen mezua aberastuz joan zen Jesusek egin eta esan zuenarekin, baita Jesus guretzat izan zenaren gainean garatutako lanketa teologikoarekin ere.
Efesoarrei egindako gutunaren sarrera azken puntu honen adibide bikaina dugu. Baina idazkera hain trinkoa, barrokoa eta gain-apaindua izateak mezara etorrientzat ezin ulertua bihur dezake testua. Pena da!, izan ere ideiak bikainak ditu.
Errepara dezagun, testuak oro har «gu» erabiltzen duela («bedeinkatu gaitu», «aukeratu gintuen», «destinatu gaitu», «lortu digu», «ondarez hartu dugu», «guk, jada Kristoren zain geundenok»). Baina «zuek» esanez bukatuko du («eta zuek ere bai». «entzun duzue», «sinetsi duzue», «markatuak izan zarete»). Gauza logikoa ematen du, «gu» hori judu-jatorriko kristauei aplikatzea; «zuek» hori, berriz, efesoarrei, jatorri paganokoei.
Jesusen beraren eta haren egintzaren aurrean, lehenengoen (judu-jatorrikoen) erreakzioak Jainkoa bedeinkatzea izan behar du Kristoren bidez eman dizkigun mesede guztiengatik, bost puntu hauetan laburbilduak: aukeratu gintuen; bere seme-alaba izatera destinatu gintuen; bere odolaren bidez, bekatuak barkatu zizkigun; bere egitasmoa ezagutzera eman zigun: gauza guztiak Kristogan biltzeko egitasmoa, alegia; bere oinordeko bihurtu gintuen.
Eta efesoarrak? Eta gu geu? Gutunak beste norabide bat hartu du. Ez da hasi, Jainkoak gugatik zer egin duen hitz eginez, baizik eta guk zer egin dugun salbatuak izan garen berri ikusgarria entzutean: «sinetsi duzue». Eta orduan, Kristok Espiritu Santuaz markatu gaitu: «gure ondarearen bermea». Oso hitz gutxi, «gu» delakoaz esandako paragrafoen aldean, baina Kristoren jardueraren berritasuna eta Espirituaren dohaina aipatzen ditu.
Nolanahi den, Jainkoak gauza guztiak Kristogan biltzean, esaten den guztia guztientzat da balioko. Guk ere aldarrika dezakegu eta behar dugu: «Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita, Kristo beragan bedeinkatu gaituena mota guztietako ondasun espiritual eta zerutarrez».
José Luis Sicre