EBANJELIZAZIO ARO BERRIA (Markos 6,7-13)
Urteko 15. Igandea 15 B 2021-07-11
Frantzisko aita santua, «Jesusen pozaren ukituko ebanjelizazio-aro berri» baterako deika ari zaigu. Zer izan daiteke, ordea, hori? Zein izan daiteke berorren berritasuna? Zer behar dugu aldatu? Zein izan zen egiaz Jesusen asmoa, ikasleak bere eginkizun ebanjelizatzailea luzatzera bidali zituenean?
Markosen kontakizunak argi uzten du, Jesus bakarrik dela beraren jarraitzaileen egintza ebanjelizatzailearen iturria, inspiratzailea eta eredua. Ez dute ezer egingo beren izenean. Jesusen «bida-liak» dira. Ez dira izango beren buruaren predikari: Jesusen Ebanjelioa hots egingo dute, soilik. Ez dute izango beste interesik: soilik, Jainkoaren erreinuari bideak urratzeari emanak biziko dira.
«Jesusen pozaren ukituko ebanjelizazio-aro berri» bat eragiteko era bakarra, Jesusekiko lotura hau garbitu eta indartzea izango da. Ez da izango ebanjelizazio berririk, ez badago ebanjelizatzaile berririk, eta ez da izango ebanjelizatzaile berririk, ez badago Jesusekin harreman biziagorik, argiagorik eta suharragorik. Hura gabe, munduan haren Espiritua sartu ez beste edozer gauza egingo dugu.
Bidali dituenean, Jesusek ez ditu utzi ikasleak beren indarraren baitan. «Bere aginpidea» eman die; ez da, ordea, gainerakoak kontrolatzeko, gobernatzeko edo dominatzeko boterea, baizik eta «espiritu lohiak bota» ahal izateko beraren indarra da, jendea askatzen duena pertsona eta gizartea esklabotzen, estutzen eta gizatasuna kentzen duen orotatik.
Ikasleek oso ondo dakite zer dien Jesusek gomendatu. Ez dute ikusi hura sekula inor mendean hartzen. Beti ikusi izan dute hura zaurituak sendatzen, sufrimendua arintzen, bizitza eraberritzen, beldurretik liberatzen, Jainkoaganako konfiantza kutsatzen. «Sendatu» eta «liberatu» dira lehenengo egitekoak Jesusen jardueran. Horrek guztiak errotik aldatuko luke gure ebanjelizazioaren aurpegiera.
Biderako premiazkoa berekin dutela bidali ditu. Markosen arabera, «makila, sandaliak eta tunika bat» eramango dute soilik. Ez dute beste ezeren beharrik funtsezkoaren lekuko izateko. Aske eta loturarik gabe ikusi nahi ditu Jesusek; beti prest, ongizateari lotu gabe; Ebanjelioaren indarrean fidaturik.
Ebanjelio-jarrera hau berreskuratu ezean, ez da izango «ebanjelizazio-aro berririk». Garrantzizkoa ez da jarduera eta estrategia berriak abian jartzea, baizik eta alde batera uztea ohiturak, egiturak, mirabetzak, Ebanjelioaren funtsa egiaz eta xume kutsatzeko aske izatea eragozten diguten neurrian.
Elizan galdu egin dugu Jesusek iradokitzen duen bidari-estilo hau. Eta bidari nagi eta astun bihurtu da Eliza. Ez daki nola lagun egin gizadiari. Ez dugu zalutasunik jada, iragana den kultura batetik gaur egungora igarotzeko. Izan dugun botereari eutsi nahi diogu. Jainkoaren erreinuarekin zerikusirik ez duten gauzatan katramilatzen gara. Bihotz-berritu beharra dugu.
Jose Antonio Pagola