Urteko 15. Igandea B 201-07-11
HOMILIA

Anai-arrebok!

Bi hitz hauekin laburbildu genitzake gaurko irakurgaiak: hautatuak eta bidaliak. Guztiok hautatu eta bidali gaitu Jesusek. Batzuk eta besteak eginkizun berezi baterako. Denak apaiz?, denak guraso?, denak politiko?, denak nekazari? Ez. Baina denak hautatuak eta bidaliak. Lanbide batean edo bestean jarduteko, mundu hobe bat egiten.

Adibide onak ditugu lehen irakurgaikoa eta ebanjeliokoak.

Lehen irakurgaian, Amos profeta ageri da. Kristo aurreko VIII. mendekoa da. David erregeak eratu zuen erreinua bitan banatu zuten Daviden semearen, Salomonen, ondoren: Iparraldean Israel eta Hegoaldean Juda. Amos, Hegoaldekoa izanik ere, Iparraldean hasi zen profeta-lanean. Baina Iparraldeko profetak ez zeuden konforme Amosen predikuarekin. Eta Hegoaldera joateko eskatu zion Amasias apaizak. Amosek garbi erantzun zion: ni ez naiz errege-profeta bat, zuen artekoak bezala. Ogibidez, artzaina eta piku-biltzailea naiz, baina Jaunak esan dit: «Zoaz eta egizu profeta-lana Israel nire herrian», Iparraldean, alegia.

Senideok, Amosek bezain argi al dugu Jaunak eman digun eginkizuna? Garbi al daukagu Jainkoak gu jaio aurretik guretzat pentsatua zuen eginkizuna egiten ari garela?

Ebanjelioan, Jesus, beste behin, bihotz handiko ageri zaigu. Gaur zortzi, Nazaret bere herrian egundoko porrota izan zuela, entzun genuen. Porrota eta guzti, Jainkoaren erreinua hots egiten jarraitu zuen. Eta berak predikatzen jarraitzeaz gain, gaurko ebanjelioak diosku, bere ikasleak ere predikatzera bidali dituela. Ez al da harrigarria Jesusek agertu digun animo eta adore hori? Geure bizitzarako ez al genuke eskatu behar bihotz- berotasun horretatik zerbait?

Baina gauza bat da Jesusek ikasleak predikatzera bidali izana. Miresgarriagoa, nola bidali dituen da. Zein tresna edo baliabidez bidali dituen.

Alde batetik, aginpidea eman die espiritu gaiztoen gain. Bestetik, guztiz pobre joateko esan die. Aginpidea. Askotan nahasten ditugu aginpidea eta boterea. Guk aginpide esaten dugun hori, latinez auctoritas esaten da. Auctoritas hori augere aditzetik dator, eta hazarazi esan nahi du; handi egiten lagundu. Aginpidea botereari kontrajartzen zaio. Botereak indarra eta bortxakeria du berekin. Jesus gizon askea da, eta askatasunez jokatu du, eta askatasunera deitu ditu gizon-emakumeak. Ikasleei ere baliabide hori eman die Jesusek: aginpidea. Hitzaren indarra. Gainera, pobre joan behar dute. Konfiantza izan behar dute jendeagan. Aginpidez jokatzen badute, begirunez, egiaz, zintzo, zuzen jokatzen badute, jendeak izango die konfiantzarik, izango die begirunerik.

Eta zein jarduera izan behar dute Jesusen ikasleek? «Bihotz-berritzea hots egitera irten ziren, deabruak botatzen zituzten, olioz gantzutzen zituzten gaixoak eta sendatzen zituzten». Jesusek berak egiten zuen gauza bera.

Senideok, askotan beldur-lantuak entzuten dira: laster Mezarik ez dugu izango hemen edo han. Noiz entzuten da lantu edo kexurik, «gure inguruan gaixoak ez dira zaintzen» esanez? Edota gure arteko zuzengabekeria ez da salatzen esanez? Edota langile bat gehiago hil da, nagusi edo ugazaben axolagabekeriaz, eta badoaz hainbat eta hainbat urtean? Edota nork salatzen du milaka eta milaka haur abortuz hiltzea?

Senideok, agian, injustizia jakin eta zehatz horiek aireratzea baino gehiago, edo inportanteagoa, genuke, mundu horren azpian dagoena begi-bistan jartzea. Jesusek bere ikasleak guztiz pobre bidali ditu bere egitekoa betetzera. Pobre materialki, aberats espiritualki. Askatasun-zentzuz beterik, gizakienganako errespetuz horniturik. Agian, hau dugu falta zaiguna hondo-hondoan. Espiritua, Bihotza. Sena. Aginpidea. Jesusek aginpidez horniturik bidali ditu ikasleak. Gu gara gaur egun Jesusen ikasle. Gu gaitu gaur egun aginpidez horniturik bidaltzen.

Har dezagun gogoan, Jesusek hautatuak eta bidaliak garela. Har dezagun laguntzat Karmengo Andre Maria. Har dezagun argitzat Jesusen Espiritua.

Dionisio Amundarain