URTEKO HAMABOSGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Jainkoaren Hitzak fruitu emanarazten lurrari )

Izai profetaren liburutik 55,10-11

Hau dio Jaunak:
10 Euria eta elurra zerutik jausten dira,
eta ez dira berriz harat itzultzen
lurra ureztatu eta ondu gabe, hazia hozitu gabe,
ereileari hazia eman diezon, eta jaleari ogia.
11 Hala izanen da ene ahotik ateratzen den Hitza:
ez da nereganat hutsik itzuliko
nik nahi dutana egin gabe, bere egitekoa bete gabe.

Iduzkialdean, lehen euriaren ondotik berehala loratzen den euskaldean, Izairen lerroak
ohargarriak dira. « Euria eta elurra zerutik jausten dira, eta ez dira berriz harat itzultzen lurra
ureztatu eta ondu gabe, hazia hozitu gabe, ereileari hazia eman diezon eta jaleari ogia. » Irudi
hau, Profetak Jainkoaren Hitzari lotzen dio. Testamendu Zaharrean, eta bereziki Izairen bigarren
liburuan, Jainkoaren Hitzaren ondorioa edo egintza, gai nagusia da. Egungo irakurgaiaren azken
hitza da. Gure Jainkoa, mintzo den Jainko bat da, eta Haren Hitza eragile da: « Jainkoak erran zuen,
eta hala izan zen. » (Has 1), « Hala nago ni ere erne neure hitzaren betetzeko. » (Jr 1,12)
Salomonek bere herria benedikatu zuen erranez: « Benedikatua Jauna, hitzeman bezala bere herri
Izraeli pausua eman diolakotz! Ez du bete gabe utzi bere zerbitzari Moisen bitartez emanikako hitz
on bat ere. » ( 1 Erg 8,56)
Jainkoaren Hitzaren eragina ez da Izraelen fedearen berezitasuna. Egipton, Mesopotamian,
munduaren sortzea Jainkoaren hitzaren ondorioa zela sinesten zen. Bainan Izraelen berezitasuna,
Jaunaren hitzak «onak » direlakoa da, Salomonek dion bezala: Gure Jainkoa, mintzo den Jainkoa
da, eta bere burua ezagutarazten du bere haurreri bizia eta zoriona emaiteko. Gure Jainkoa ez da
idolo mutu bat, deusik balio ez duena gure laguntzeko « ahoa bai , eta ez dira mintzatzen » (Sal
115,5) « Oihu egiten badiote ere (idoloak) ez du ihardesten, ez du nehor bere hesturatik
salbatzen. » (Is 46,7) Ez da ere hitza ahantzi eta gibelerat egiten duten jendeak bezala. « Jainkoa
ez da jendea, gezurra erraiteko, ez da erabakiaz damutzen, jendeak bezala. Mintzatzen ote da eta
errana ez egiten?Hitza emaiten ote, eta egin gabe uzten? » (Zen 23,18-19) « Gizaki oro belarraren
pareko da, haren iraupena landako lorearena: ihartzen da belarra, zimeltzen lorea,…gure
Jainkoaren hitzak, ordea, betiko dirau. » (Is 40,6-8). Jainkoaren Hitza bihozbera delako segurtamen
hori Israelen itxaropenaren iturria da: « Beraz ez duzue lurralde hori jabegoan hartuko zuzenak edo
bihotz zintzokoak zireztelakotz, …baizik Jaunak zuen Jainkoak zin eginez hitzemanari leial egon
nahi duelakotz. » (Dt 9,5)
Ondorioz, gizakiak adi-adi egon behar du, Jainkoa mintzo baita eta gure zorionaz mintzo;
entzutea balio du, gure askatasuna errespetatua baita. « Entzun nezazue eta biziko zirezte .» (Is 55,3)
Hitza eraginkorra da, bainan lur ona aurkitzekotan. Horra egungo irakurgaiaren mezua.
Gorago Izairen liburuan (Is 55,6-9), Jainko Hitzaren berezitasuna barkamenduzko hitza da :
« Bila zazue Jauna, aurki dezakezueno; dei egiozue, hurbil duzueno. Utz beza gaixtoak bere bidea,
gaizkileak bere asmo tzarrak. Itzul dadila Jaunarenganat, urrikalduko baitzaio, gure
Jainkoarenganat, guziz barkakorra baita. Nere gogoetak ez dira zuenak bezalakoak… » (Is 55,6-9)
Hemen aipu den mezua, kitorik den barkamendua da, eta gizadi osoaren adiskidantza Jainkoarekin.
Edo bertzela erran, Jainkoak gizadia berekin baketuko du goiz edo berant, zeren « jende guziak
salbatu eta egiaren ezagutzera hel daitezen nahi baitu » (1Tm 2, 4), hortarako bere semea igorri
behar badu ere.
Dizipuluak barkatzaile izaiteko igorriak dira : « Hau guzia Jainkoarenganik dator; Kristoren
bitartez berekin baketu gaitu eta beste ainitz harekin baketzea gure gain utzi du. » (2 Ko 5,18).
Hebrearreri igorri gutunak dio: « Ainitz aldiz eta ainitz gisetarat hitz egin zioten, lehen, Jainkoak
gure arbasoeri profeten bidez; azkenak diren egun hauetan, berriz, bere Semearen bidez hitz egin
dauku. Haren esku utzi ditu gauza guziak, eta haren bidez ere egin zuen mundua. Semeak
Jainkoaren aintza distiratzen du, haren izaitearen irudia da; gauza guziak haren hitz ahaltsuaz
diraute.. » (He 1,1-3) Semea « ez da nereganat hutsik itzuliko.. bere egitekoa bete gabe. »

Salmoa 64

Leloa: Lur onean da hazia sartu:
Ekarriko du nasaiki fruitu.

Zu, Jauna, jausten baitzitzaio, Lurrak ur, bizi, bozkario.
Jaunak emanik, zer ibaia: Lurren ontzeko ur nasaia.
Zuhauk ditutzu lurrak ontzen Eta ildoak ihinztatzen.
Lur idorrari zuhauk euri Eta sort-indar haziari.
Zure aurtengo urteari Eman diozu on-iturri.
Non baitzare zu ibilia, Bada nasaiki hor bizia.
Mortuko lurrek iturburu, Mendiek lore, gainek soinu.
Zelaiek ogi, gainek ardi, Denek irrintzin, kantu jauzi.

Jerusalemgo tenploko ospakizunak gogoratuz hasten da egungo salmoa :“Oi Sionen zauden
Jainkoa, hartze duzu gorespena”. Botu edo agintza bat egin ondoren, fededunak harat joaiten dira
eskerren bihurtzera : “zuretzat dira botuak betetzen, otoitza baituzu entzuten”. Han ere da
barkamendua galdetzen : “Zuregana dator jende oro. Gu baino indartsuago dira gure hutsak,
bainan zuk barkatzen gure hobenak.”
Jainkoak eman fagorearengatik, herri hautetsiak eskerrak bihurtzen ditu. Bertze herrien
artean duen maila, apezak bertze leinuen artean dutenaren heinekoa da: « Dohatsu zuk hautatu eta
gomitatzen duzuna zeure saindutegian bizitzera. Aseko gira zure etxeko ontasunez, zure tenpluko
dohain sainduez. » Bainan hautu horrek ez du sekulan ahantzarazten Jainkoaren xedea gizadi
osoaren salbatzea dela eta jadanik jakina da herri guziek salbamenduan onartuak izanen direla.
Salmo hunen egiazko lema eskerren bihurtzea da bekatorosa barkatua delakotz. Israelgo
herriaren behakoa ez da sekulan gauzen axalean gelditzen, biziki ederrak izanik ere. Gehiago dena,
Jainkoak izadian nasaiki eman dohainek arras ongi erakusten dute dohain miragarria den
barkamena. « Gu baino indartsuago dira gure hutsak, bainan zuk barkatzen gure hobenak
… Salbamen-egintza harrigarriz ihardesten daukuzu, Jainko gure salbatzailea, zu.» Aski argi da
Jainkoaren jujamendua salbamenduzko jujamendua dela.
Molde berean, Izairen bertsoak lehen irakurgaian, euri eta elurrez mintzo dira, beharbeharrezkoa denaren aipatzeko, Jainkoaren Hitzaren eraginkortasuna : « Euria eta elurra zerutik
jautsi eta ez dira berriz harat itzultzen lurra urez ase gabe, emankor bilakatu eta ernaldu gabe,
ereiteko hazia eta jateko ogia sor ditzan; berdin nere ahotik atera hitza ere: ez da nereganat
itzultzen eraginik ukan gabe: nahi dutana egiten du eta nik ezarri helburua betetzen. » (Is 55,10-11)
Eta ikusi dugu Jainkoaren Hitz hori, barkamenduzko hitza dela.
Eta barkamena, fededunarentzat, egiazko kreazione berri dat da: kreazionea hortakotz da
hainbertze aipatua. Izadiaren gauza ikusgarrien aipatzea, mundu berri baten adiarazteko baizik ez
da: « Hara zeru berria eta lur berria kreatuko ditut. Lehengoaz nehor ez da oroituko, nehori ez zaio
gogoratuko. Azkenik bakezko bozkarioa eta alaitasuna kreatuko ditut, bozkario-hiri bilakatuko
baitut Jerusalem, alaitasun-herri hango jendea… Nere mendi saindu osoan nehork ez du kalterik ez
hondamenik eginen. Jaunak erran du» (Is 65,17…25) Bai, egiaz, « Sionen zauden Jainkoa, hartze
duzu gorespena », egun ospetsu hura igurikatuz, Jainkoak baizik ezagutzen ez duen eguna, nun bere
herri guziak Jerusalemen bilduko baititu eta bere etxera deituko « otoitz-kleku herri guzientzat. »

Bigarren irakurgaia

( Izaite guziak salbamenduan partzuer )

Jondoni Paulok Erromanoeri 8,18-23

Haurrideak,
18 daukat deus guti direla oraiko hersturak
gure baitan agertu beharra den aintzaren aldean.
19 Kreazionea xifriturik beha dago,
Jainkoak noiz agertuko duen zer den haren seme-alaba izaitea.
20 Kreazionea ezdeusaren meneko jarria izan da,
ez bere nahiz, bainan hortara behartu duenaren nahiz.
Halere, badu esperantza
21 esklabutzatik, eta hondamenetik libratua izanen dela,
Jainkoaren haurren libertatean eta ospean parte hartzeko.
22 Bai, badakigu izadi osoa erdiminetan intzirika dagola orai arte.
23 Eta ez hura bakarrik, gu ere bai,
Izpiritua lehen dohain bezala hartu dugunak,
intzirika gaude gure barnean, igurikatzen dugula
Jainkoak noiz libratuko duen gure gorputza,
eta noiz eginen gaituen bere seme-alaba.

Jainkoaren xedea ederlan baten sortzeari konpara daiteke : Jondoni Paulo erdiminetaz
mintzo da. Izadia ez da lehengo gertakari bat: bizi den xedea da. Oraikotz, Jainkoak baizik du obra
deskribitzen ahal. Nor da obraren bururatzen ari ? Gutarik bakotxa, gure parte ahulean, bainan oroz
gainetik Izpiritua, mundua ufatzen baitu Jainkoari buruz ezartzeko. « Izpiritua lehen dohain bezala
hartu dugunak, intzirika gaude gure barnean, igurikatzen dugula Jainkak noiz libratuko duen gure
gorputza eta noiz eginen gaituen bere seme-alaba. » Ongi konpreni dezagun: ez dugu gure
gorputzaren libratzea igurikatzen; oraino estekatua, bekatuari oraino lotua den izaite osoa da
libratua izanen, Jainkoaren seme-alaba libre bizitzeko.
Jondoni Paulo ez da gutaz mintzo bakarrik, iduriz, bainan kreazione osoaz, izadi osoaz.
Usaiako leloa Bibliako jendentzat. Adibidez, Adamen hautu txarrak, baratze osoa, edo kreazione
osoa nahas-mahas ezartzen du: « Madarikatua lurra zure gatik. » (Has 3,17). Aitzitik, zuzentasuna
lurrean biziko delarik, ez bakarrik jendeak bainan kabalak ere bakean izanen dira. Horra zergatik
idazten duen Izaik: « Orduan otsoa eta bildotsa elkarrekin egonen dira, lehoinabarra eta pittika
elkarrekin biziko, aratxea eta lehoinkumea elkarrekin haziko, eta haurtxo batek ditu zainduko.
Behia eta hartz emea elkarrekin dira alhatuko eta heien umeak elkarrekin etzanen. Lehoinak, idiak
bezala, lastoa janen du. Bularreko haurra suge-ziloaren gainean jostatuko da, eta haur sortuberriak sugegorriaren kafian sartuko du eskua. Nere mendi saindu guzian ez du nehork kalterik ez
hondamendirik eginen, Jaunaren ezagutzak beteko baitu lurralde osoa, urak itsasoa bezala. » (Is
11,6-9) Adamen haurren pizteak gauza guzien berritzea ekarriko du: « Kreazionea xifriturik beha
dago, Jainkoak noiz agertuko duen zer den haren seme-alaba izaitea… Halere badu esperantza
esklabutzatik eta hondamenetik libratua izanen dela, Jainkoaren haurren libertatean eta ospean
parte hartzeko. »

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Atera da Ereilea, Berri Onaren ereitera
Dohatsu, hazia harturik, fruitu emanarazten diona

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 13,1-23

1 Egun hartan, Jesus etxetik atera zen, eta itsas bazterrean jarri.
2 Jendalde handia bildu baizitzaion ondorat,
txalupa baterat igan zen, eta han jarri;
jende guzia ur-hegian zagon.
3 Gauza ainitz erran zioten parabolaka:
“ Ereilea atera zen ereitera.
4 Ereitean, hazi batzu bide bazterrerat erori ziren;
xoriek etorri eta jan zituzten.
5 Beste batzu, lur guti zen toki harritsu baterat erori ziren;
berehala sortu ziren, ez baitzuten lurra lodi;
6 Bainan iguzkiak jo orduko, erre ziren,
eta errorik ez zutelakotz, eihartu.
7 Beste batzu lapar-arterat erori ziren,
eta laparrek handitzean ito zituzten.
8 Beste batzu lur onerat erori ziren, eta fruitua eman zuten,
bihi bakotxeko ehun edo hiruetan hogoi, edo hogoita hamar.
9 Beharririk baduenak entzun beza!”
10 Dizipuluek hurbildu eta galde hau egin zioten Jesusi:
“ Zergatik mintzo zitzaizkiote parabolaka?”
11 Harek ihardetsi:
“ Zueri emana zaitzue zeruetako Erreinuaren mixterioak ezagutzea;
horieri, aldiz, ez zaiote emana.
12 Duenari emanen zaio, eta gaindika izanen du;
bainan ez duenari, duen hura ere kenduko zaio.
13 Horra zergatik mintzo nitzaioten parabolaka:
behaturik ere ez baitute ikusten,
entzunik ere ez baitute aditzen, ez eta konprenitzen.
14 Horietan , Izai profetak errana betetzen da:
Entzunen duzue bai, bainan ez konprenituko.
Behatuko duzue bai, bainan ez ikusiko.
15 Herri hunen bihotza gogortu da,
beharriak elkortu, begiak hetsi dituzte,
ez dezaten beren begiez ikus, ez beharriez entzun
ez eta bihotzez konpreni, nere ganat itzul ez daitezen,
nik sendatuko bainituen.
16 Dohatsu, aldiz, zuen begiak, ikusten baitute
eta zuen beharriak, entzuten baitute!
17 Egiaz diozuet:
Profeta eta justu ainitzek ikusi nahi izan dute zuek ikusten duzuena,
eta ez dute ikusi,
entzun zuek entzuten duzuena, eta ez dute entzun.
18 Zuek, beraz, entzun ereilearen parabolak zer erran nahi duen.
19 Erreinuaren hitza entzun eta konprenitzen duenari
Gaixtoa heldu zaio eta bihotzean ereina kentzen dio:
hori da bide bazterrean ereina.
20 Lur harritsuan ereina, Hitza entzuten duena da,
eta berehala pozik hartzen duena.
21 Bainan errorik ez du bere baitan, ez eta iraupenik ere.
Hitzarengatik herstura eta pertsekuzionea etorri orduko,
erortzen da berehala.
22 Lapar-artean ereina, Hitza entzuten duena da,
bainan munduko griñek eta aberastasunaren lillurek
Hitza itotzen dute, eta ez du fruiturik emaiten.
23 Lur onean ereina, aldiz,
Hitza entzun eta konprenitzen duena da:
hunek fruitua emaiten du:
bihi bakotxeko ehun, edo hiruetan hogoi, edo hogoita hamar.”

Parabola, Juduen ohiduretako idazki mota bat da, gure ipuinak bezalatsukoa. Irakasbide da,
entzuleak bere ikus-moldea alda dezan! Xehetasun bakotxak ez du erran-nahi berezirik ; orokorki
hartu behar da parabola; muina atera behar zaio.
Zergatik da Jesus parabolaka mintzo? Dizipuluen galdea da eta Jesusen erantzunak bi
entzule mota bereixten ditu: « Zueri emana zaitzue zeruetako Erreinuaren mixterioak ezagutzea;
horieri, aldiz, ez zaiote emana. Duenari emanen zaio, eta gaindika izanen du; bainan ez duenari,
duen hura ere kenduko zaio. Horra zergatik mintzo nitzaioten parabolaka: behaturik ere ez baitute
ikusten, entzunik ere ez baitute aditzen, ez eta konprenitzen. » Berezitasun hau argitzeko, Jesusen
erakaspena bere testuinguruan ezarri behar da. Jondoni Matiuren edo Jondoni Marken ebanjelioan,
erakaspen hau farisau eta hauen segitzaileen eztabaiden ondotik heldu da. Hauetaz mintzo da, Izai
aipatuz, diolarik: « Herri hunen bihotza gogortu da, beharriak elkortu, begiak hetsi dituzte, ez
dezaten beren begiez ikus, ez beharriez entzun, ez eta bihotzez konpreni, nere ganat itzul ez
daitezen, nik sendatuko bainituen ». Entzuleak beren segurtamenetan hetsiago, eta Jainkoaren
Hitzari elkorrago dira.
« Duenari emanen zaio, eta gaindika izanen du; bainan ez duenari, duen hura ere kenduko
zaio »: bihotzaren trenpua hain da garrantzitsua parabolak konprenitzeko! Testamendu Zaharrak bi
bidetako gai hori maiz erabiltzen du ; egungo errankizuna frango zorrotza da. Jenden bizitza, bide
haundirat ateratzen den bidexka bateri konpara daiteke: zer aldetarat joan? Ezker ala eskuin?
Norabide ona hartzen badugu, (bide ona), urrats bakotxak helbururat hurbiltzen gaitu. « Zuhurrari
aholku eman eta zuhurrago bilakatuko da, zintzoari irakatsi eta gehiago ikasiko du. » (Er 9,9)
Zorigaitzez norabide txarra hartzen badugu, urrats bakotxak helburutik urruntzen gaitu.
Hautua aski argia da: edo entzun, beharriak ideki, Hitza sar dadin eta irakas gaitzan, pittaka
pittaka gure aldatzeko; edo ez entzun, entzutea errefusatu, gero eta gehiago elkor bilakatzeko
arriskuarekin: « Herri hunen bihotza gogortu da, beharriak elkortu zaizkio. » eta bizkitartean
Jainkoaren, gutizia heien sendatzea zen: «… nik sendatuko bainituen. »
Ereilearen parabolak eta Jesusek eman xehetasunek, ebanjelioaren predikatzeak aurkitzen
dituen trabak argi eta garbi erakusten dituzte. Jainkoaren Hitza, Jesus, jenden arterat etorri da;
Aitaren Hitza baizik ez du erraiten. « Entzuten dautazuen mezua ez da nerea, igorri nauen Aitarena
da. » (Jn 14,24) Bainan haren hitzak lur ona, hazia emanen duen lurra aurkitzeko, badu aski lan.
Erakaspen hunetan dizipuluak ere behaztopatu dira. Ogi biziaren predikuaren ondotik, heien
gogoetak errepikatzen dauzkigu Joanik : « Jesus hola mintzo entzun eta haren dizipuluetarik
ainitzek egin zuten: « Gogorregiak erran ditu. Nork onar dezazke ? »…Ordutik, haren
dizipuluetarik ainitzek gibelerat egin zuten, eta harekin ibiltzea utzi. Orduan Jesusek Hamabieri
erran zioten: « Eta zuek ez duzue joan nahi? Simon Petrik ihardetsi zion : Jauna, norenganat joan
gintezke? Zuk dituzu betiereko bizia emaiten duten hitzak. » (Jn 6,60..68)
Uzta izanen dela (bihi batek ehun, hirurogei, edo hogeita-hamar) parabolak aitzinetik
erraiten du: segur da, bainan zer preziotan ? Jainkoaren Erreinua huts ainitzen tartetik etorriko da,
Erreinuaren adimenean sartzea, Jainkoaren dohain hutsa baita: « Zueri emana zaitzue zeruetako
Erreinuaren mixterioak ezagutzea..Dohatsu aldiz zuen begiak, ikusten baitute eta zuen beharriak
entzuten baitute!.. Lur onean ereina, aldiz, Hitza entzun eta konprenitzen duena da. » Prest den
bihotza galdetzen du, Jainkoaren ganik heldu den argia hartzeko prest dena: eta prest izaite hori
bera, opari bezala hartu behar da. Farisauak eta jendeak ez ziren oraino prest.