Urteko 15. igandea A 2020-07-12
Anai-arrebok!
Gaurko lehen irakurgaiak eta gaurko ebanjelioak, lotura handia dute elkarrekin. Hau da mezu nagusia bietan: batetik, Jainkoaren hitzak indar handia du, ez da geldituko fruiturik gabe, aitzitik fruitu handia emango du; bestetik –hau ebanjelioari dagokio era ageriagan− hitz hori ez da mugatuko jende-multzo batera, baizik era guztientzat hitz egin du, egiten du eta egingo du Jainkoak. Azken batean, arrakasta handia iragartzen digu ebanjelioak, batez ere, eta esperantzarako mezu handia da.
Parabola handi eta garrantzizko bat entzun dugu. Nola definituko genuke parabola hau? Zein titulu emango genioke? Ereilearen parabola? Haziaren parabola? Hartzaileen parabola?
Honek parabolan hiru zati bereiztera garamatza. Batetik, parabola bera (13,1-9); bestetik, parabolen esanahia edo egitekoa (13,10-17); hirugarren, parabolaren argibidea (13,18-23).
Lehenik, esan behar da, askotan jendeak hitzari egiten dion harreraz mintzatu izan garela: zeinek eta nola onartzen du jendeak Jainkoaren hitza? Baina Jesus ez da mugatzen bizitzeko arau edo agindu batzuk ematera. Ez da mugatzen gizakiak egiten duenera. Gauza sakonago bat agertu nahi du Jesusek. Parabola honetan aipatzen ez bada ere, Jainkoaren erreinua du Jesusek buruan. Jainkoak gizakiaren alde zer egiten duen adierazi nahi du Jesusek.
Jainkoak ez du zapuztu gizadia. Maitasunez kreatu du gizakia, eta maitasunez jarraitzen du gizakiaz arduratzen. Hitz eginez, bere Semea bidaliz etab.
Batetik, gizon-emakume guztiei hitz egiten die. Begira. Ereileak hazia edozein lekutan erein du. Hau gauza harrigarria gertatzen zaigu guri; ez, ordea, Jesusen garaikoei: lurra landu aurretik ereiten zuten, eta normala izaten zuen ereileak landuko ez zen lekuan ereitea. Beste hau izan zen Jesusen denborakoei harrigarri gertatu zitzaiena: Jainkoak gizon-emakume guztiei hitz egiten diela, eta ez israeldarrei bakarrik.
Bestetik, haziak ez du aitzakiarik. Ona da. Hartu gogoan Isaias profetak lehen irakurgaian esan diguna: euria zerutik jaitsi eta ez da zerura igotzen lurrean bizia erne gabe. Jainkoaren hitza ez da alferrik galtzen.
Hirugarren, Jesusen garaikoak harriarazi zituena, haziak emandako fruitu ugaria izan zen. Normala zen israeldarrentzat gari-aleak bateko zazpi ematea. Baina Jesusek bateko ehun, bateko hirurogei, bateko hogeita hamar aipatzen du. Hasieran esan duguna adierazi nahi du Jesusek: Jainkoaren erreinua handitzen joango dela; Jainkoaren hitza ez dela galduko, baizik eta arrakasta handia izango duela.
Eta parabolaren bigarren zatiari gagozkiola, ZERGATIK HITZ EGITEN DU PARABOLEZ?
Kontuan hartu behar da, gaurko pasartearen aurrekoetan Jesusi uko egin diotela. Hori dela eta, beste aukera bat eman nahi dio Jesusek jendeari. Ikasleen galderari erantzutean, gogor gertatzen zaigun esaldi bat jaulki du Jesusek: «daukanari emango zaio eta ez daukanari duentxoa ere kenduko zaio». Esaldi horrek ekonomian orduan eta gaur gertatzen den fenomeno batekin du zerikusia: daukanak handi dezake bere ondarea; baina gutxi daukanak dena galtzen du azkenean. Jesusek esapide hau Jainkoaren erreinuari egiten diogun harrerari aplikatu dio: erreinua edo hitza konfiantzaz onartu dutenek gero eta sakonago sartuko dira misterioan; hitza arin samar onartu dutenek, berriz, edozein gorabehera dela-eta, galdu egingo dute hasierako apurtxo hura.
Beraz, Jesusek parabolaz hitz egiten badie, Jainkoaren misterioa irisgarriago egiteko da. Beste aukera bat gehiago eskaintzeko.
Senideok, pozgarria eta esperantzagarria da gaurko parabola. Jainkoa benetan arduratzen da gutaz. Aukera ugari eta berriak ematen dizkigu Jainkoaren maitasun-misterio horretan murgiltzeko. Gaur egun asko hitz egiten da kristau-bizitzako graduazio edo mailaketaz; adierazi nahi da, gizakia pixkana-pixkana doala gizon edo emakume egiten. Gauza bera kristautasunari dagokionez ere. Hori, ordea, beste hitz batzuekin, aspaldi adierazi zuen Jesusek: konfiantza duenari gero eta aukera gehiago emango dio Jainkoak konfiantza hori handitzeko.
Emazkiogun eskerrak Jainkoari; miretsi eta adoratu dezagun Jainkoaren borondate eta bihotz handi hori. Zaindu dezagun geure barnea, gizonago, emakumeago, kristauago egiteko aukera ez galtzeko.
Dionisio Amundarain