URTEKO HAMABOSGARREN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
( Profetak Jainkoaren ganik duen kargua )
Amoz profetaren liburutik 7, 12-15
12 Amaziaz, Beteleko apezak, Amozi erran zion:
“ Ikusle, zoaz hemendik, ihes egizu Judako lurralderat;
egin han profeta, eta han irabaz zure ogia.
13 Bainan hemen, Betelen, ez egin gehiago profeta;
hau errege-saindutegia da, erreinuko tenplua.”
14 Amozek ihardetsi zion Amaziazi:
“Ni ez naiz profeta, ez eta profeta-semea;
abeltzaina naiz, eta basapiku artatzailea.
15 Abeltzain nabilala, hartu ninduen Jaunak, eta erran zautan:
“ Zoaz, eta egizu profeta Izrael nere herriarentzat.”
« Betel » edo « Jainkoaren etxea », Betleem « Ogiaren etxea » den bezala, egitarau bat
daiteke. Abramek han zuen kanpatu eta Jainkoa agertu zitzaion : aldare bat altxatu zuen,
orroigarritzat. Jakoben orroitzapena ere han zen: bere anaia desjabetu ondoan, eta desohorez, ihes
zoala, Jainkoaren laguntzaren agintza aurkitu zuen. Bi aldiz, Jainkoa agertu zitzaion. Lehen aldian,
lo zagolarik, harri bat burupeko, amets bat egin zuen. Zurubi bat ikusi zuen lurra eta zerua lotzen
zituena, eta aingeruak hartan goiti eta beheiti zabiltzan. « Zeruko atea » deitu zuen. Eta bi aldietan,
Abrameri egin agintzak, Jainkoak erreberritu ziozkan : « Jauna naiz, zure arbaso Abrahamen eta
Isaaken Jainkoa. Etzanik zauden lurra zuri eta zure ondokoeri emanen dauzuet. Zure ondokoak
lurreko errautsa bezain ugari izanen dira… Zure eta zure ondokoen bitartez lurreko herri guziak
benedikatuko ditut. » (Has 28)… « Zuri eta zure ondokoeri emanen dauzuet Abrahami eta Isaaki
eman nioten lurraldea. » (Has 35)
Mende zenbaiten buruan, 931an, Iparraldeko eskualde ttikiaren errege Jeroboam Lehenak
bere erresumari saindutegi bat eman nahiz ibili zelarik, Beteleko leku hain famatua behar bezalakoa
iduritu zitzaion. Berrehun urte geroago, 750ean, Jeroboam Bigarrena erregearen denboran, Amozek
bere profeta lan laburra han egin zuen. Haren predikuak profeten lehen liburuan aurkitzen dira, eta
Amaziazek ixilarazi profetaren erranak han ditugu, liburua laburra izanagatik, sakon eta bixi-bixia .
Profeten predikuen ohiko solasak aurkitzen dira hemen ere: esperantzaz beteko hitzak, nekez
bizi direneri laguntzaren agintza, eta Elkargoa sobera aise ahanzten duteneri, zigor eta mehatxu.
Badu zer egitekorik hortan : denetan okerkeria, dirua nagusi, pobreen menperatzea, ustelkeria…
Jainkoaren partez, Betelen erran zezakeen: « Hastio eta higuin ditut zuen bestak, ez ditut atsegin
zuen kultu-batzarrak. Ekartzen
Apezek ez dute Amoz jasaiten ahal. Urrunt dadin, nahasletzat salatzen dute erregearen
aitzinean. Egungo irakurgaia. Arbuio horrek dauku Hego aldeko abeltzainaren bokazionea
erakusten. Ez zuen holakorik batere asmatzen. Bainan Jainkoak « hartu » du, berak dionez. Eta nola
gogor egin ? « Lehoinak orro egitean, nor ez beldur izan? Jauna mintzatzean, nork ez haren mezua
eman? » (Am 3,8)
Salmoa 84
Leloa : Erakuts guri zure betiko bihotz ona:
Salbamendua igor, Jauna!
Huna zerutik Jaun zerukoa guri mintzo:
Bake dugula, bake dio.
Jainkozalentzat salbamendua zoin hurbil den,
Haren ospea gutaratzen.
Amodioak eta Egiak, nola lehen,
Dute mundua bat eginen.
Egia zaio gure lurrari aterako,
Zuzentasuna zerutik so.
Ongi nasaia Jainkoak berak emanen du:
Jaunari esker lurrak fruitu.
Hak aitzinean zuzentasuna izanen du:
Doan bidean salbamendu.
Bigarren irakurgaia
( Jainkoak betidanik hautatu gaitu )
Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 1, 3-14
3 Benedikatua izan bedi Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita.
Izpirituaren benedizione guziez benedikatu gaitu
zeruetan Kristoren baitan.
4 Haren baitan hautatu gintuen, mundua izan baino lehen,
haren aitzinean saindu eta hobengabe izan gaitezen maitasunean.
5 Aitzinetik hautatu gintuen
bere seme izaiteko Jesu Kristoren bitartez;
horra haren bihotz onaren nahia,
6 goretsia izan dadin haren aintza,
eta bere Seme maitearen baitan nasaiki eman daukun grazia.
7 Seme horrek bere odolaz ardietsi dauku erospena,
gure bekatuen barkamendua.
Neurrigabekoa da haren grazia,
8 haren bidez bete baigaitu Jainkoak zuhurtziaz eta jakitatez.
9 Bere nahiaren mixterioa ezagutarazi dauku,
aitzinetik asmatua zuena Kristoren baitan,
denborak beteak izanen zireneko;
Bere onginahian,
10 erabakia zuen izadi osoa, zeruko eta lurreko gauza guziak
bilduko zituela Kristoren baitan eta hura buru.
11 Haren baitan, Jainkoak aitzinetik hautatu gaitu haren herri izaiteko;
zeren , gauza guziak berak nahi bezala egiten dituen Jainkoak
12 bazuen xedea, gu izan gaitezen
aitzinetik Kristo baitan esperantza dutenak,
haren aintzaren goresmenerako.
13 Kristo baitan, zuek ere,
egiaren hitza, salbamenduaren berri ona entzun duzue;
haren baitan, sinesdun eginik,
Izpiritu Sainduaren seinalea hartu duzue.
14 Eta Jainkoak hitzeman Izpiritua da,
askapen osoaren egunean ukanen dugun ondoriotasunaren bermea,
haren aintzaren goresmenerako.
Huna menturaz girixtinoen historian den predikurik ederrena! Jondoni Pauloren
alaitasunezko kantua deitzen ahal liteke. Jainkoaren xede nagusia du Paulok eskaintzen, eta
xoratzera gomitatzen gaitu : gizadi osoa biltzea, Jesu Kristo baitan, kreazione guziaren aitzinean
ezarriz: « Bere onginahian, erabakia zuen izadi osoa, zeruko eta lurreko gauza guziak bilduko
zituela Kristoren baitan eta hura buru » (9-10)
Lehen berri ona: Jainkoak xede bat badu gure alde eta kreazione osoaren alde. Gizadiaren
historiak badu beraz bere sentsua, norabidea. Fededunentzat, urteak ez dira denak berdinak, gure
historia bere betera doa: « denborak beteak izanen zireneko », Paulok dion bezala (9). Ez ginuke
xede hori guhauren baitarik asmatuko, mixterioa hain haundia izanik. Horrengatik dauku Jainkoak
ezagutarazten: « Haren bidez bete baigaitu Jainkoak zuhurtziaz eta jakitatez, bere nahiaren
mixterioa ezagutarazi dauku. » (8,9) Paulorentzat misterioa ez da Jainkoak bere baitan atxiki nahi
duen segeretu bat; alderantziz, bere barnetasunerat nahi gaitu gomitatu. Bertze zuhurtzia eta jakitate
bat erakusten dauku : « Haren bidez bete baigaitu Jainkoak zuhurtziaz eta jakitatez » (8), erran
nahi baita bere zuhurtziaz eta bere jakitateaz.
Bigarren berri ona: Jainkoaren nahia maitasun da. « Benedizione, maitasun, grazia,
onginahia… » hitz horiek nun nahi dauzkagu testo huntan. «Goretsia, goresmenerako » hitzak lelo
iduri erabiliak dira, Jainkoa « graziaren Jainkoa » bezala izan dadin ezagutua. Jeremi profetak zion:
« Gogoan dut zuen alde erabakia dutan xedea: zuen zoriona eta ez zuen zorigaitza. » (Jr 29,11)
Jesu Kristo etorri denetik, zoin den Jainkoaren nahia, hobeki ezagutzen dugu. Maitasun hutsa den
Jainkoak bere barnetasunerat nahi gaitu sarrarazi. Hunek erran nahi du, nun nahi eta nola nahi izan
gaiten, Jainkoaren nahia egin dadin gutizia dezakegula, beti ona baita.
Hirugarren berri ona: Kristoren bitartez da Jainkoaren xedea gauzatzen. Lerro ainitzetan da
aipatua: « Haren baitan, haren bitartez, haren bidez… » Liturgiak emaiten duen bezala: « Aitzinetik
hautatu gintuen bere seme izaiteko Jesu Kristoren bitartez. »(5) Munduaren bihotza, gizadiaren
historiaren barnea, Jesu Kristo. Hura da, « Seme maitea » eta harek « nasaiki eman dauku grazia. »
Harek « bere nahiaren mixterioa ezagutarazi dauku… zeruko eta lurreko gauza guziak bilduko
zituela », Haren baitan dugu « salbamenduaren berri ona entzun » bai eta « Izpiritu Sainduaren
seinalea hartu». Argi eta garbi da Kristoren lehentasun hori betitik asmatua zagola « mundua izan
baino lehen». «Bere nahiaren mixterioa ezagutarazi dauku, aitzinetik asmatua zuena Kristoren
baitan, denborak beteak izanen zireneko… erabakia zuen izadi osoa biltzea… » (9) Paulo
« erospenaz » mintzo da, bainan lehenik eta betitik Jainkoak bere seme-alaba nahi gaitu eta gure
hutsen gatik gira salbamendu beharretan.
Igande huntako irakurgaiak 84. salmoa kantarazten dauku, Pauloren oihartzun hoberena
baita : «Huna zerutik Jaun zerukoa guri mintzo: bake dugula, bake dio. Jainkozalentzat
salbamendua zoin hurbil den, haren ospea gutaratzen.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Mundu guzirat zabaldua da zure Hitza,
Lurraren azken mugetaraino Berri Ona.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 6, 7-13
7 Jesusek Hamabiak deitu zituen eta birazka heien igortzen hasi zen.
Izpiritu gaixtoen haizatzeko ahala eman zioten.
8 Eta bideko deusik ez hartzeko manatu zioten, makila baizik:
ez ogirik, ez zakurik, ez eta gerrikoan dirurik;
9 oinetan espartinak, eta aldatzeko soinekorik ez.
10 Erran zioten ere:
“ Etxe batean sartuko zireztenean,
zaudezte han, herri hartarik atera arte.
11 Nonbait onartzen ez bazaituztete, ez eta entzuten,
handik joaitean, zuen oinetako errautsa inarrosazue,
heien kontrako seinaletzat.”
12 Joan ziren beraz, eta bihozberritu behar zela predikatu.
13 Debru ainitz haizatzen zuten eta eri ainitz sendatzen,
olioz gantzutuz.
Huna hamabiak beren misionest lanaren hastean, Jesusek hartu xedearen arabera.
Hirugarren kapituluan, Jondoni Markek aipatzen du : «Gero, mendirat igan zen, eta berak nahi
zitueneri dei egin zioten; eta heiek etorri zitzaizkion. Hamabi izendatu zituen, berekin izaiteko eta
berrionaren oihukatzera igortzeko, debruen haizatzeko ahala emanik… » (3,16…) Geroztik denetan
segitu dute eta haren erakaspena ukan. haren ahalen lekuko izan dira : bere lehen kapituluetan
Markek zernahi mirakuilu aipatzen du.
Huna nun igortzen dituen, debruak haizatzeko ahala emanik: « Jesusek hamabiak deitu
zituen eta binazka heien igortzen hasi zen. Izpiritu gaixtoen haizatzeko ahala eman zioten. Hiru
manu emaiten diozkate: binazka ibili, behar-beharrezkoa bakarrik hartu, arbuiatua izanik ere ez
lotsa.
Lehenik, binazka ibili: ohi den gauza Jesusekin. Markek etsenplu batzu emaiten dizkigu
ondotik, adibidez Jerusalemerat sartzeko: « Jerusalemerat hurbildu zirenean, Oliamendi inguruko
Betfage eta Betania alderat, bere dizipuluetarik biga igorri zituen Jesusek, erranez: « zoazte
aitzinean duzuen herri hortarat… astokume bat estekan aurkituko duzue.. » (11,1-2) Bazko
antolatzeko berdin: « bere dizipuluetarik biga igorri zituen erranez: « zoazte hirirat; pegar bat ur
deraman gizon bat etorriko zaizue biderat… » (14,13) Juduen ohidura bat daukagu hemen,
menturaz: lekukotasunik ez daiteke izan, bi lekukoena baizik. « Bi edo hiru lekukoren aitorpenaz
bakarrik erabakiko da auzia .» (Dt 19,15) Ebanjelioa mezutzea lekukotasuna da, bederazkakoa ez
daiteke izan. Ondotik, apostoluek hola eginen dute: Petri eta Joanes elgarrekin Jerusalemgo
tenploan, Paul eta Barnabe elgarrekin Sirian eta Asian.
Bigarrenekorik: behar-beharrezkoa bakarrik hartu. « Bideko deusik ez hartzeko manatu
zioten, makila baizik: ez ogirik, ez zakurik, ez eta gerrikoan dirurik. Oinetan espartinak, eta
aldatzeko soinekorik ez. » Berri onaren mezutzeko behar dena bakarrik. Manu hau entzutean, beren
arbasoen fedezko ibilaldia (Egiptotik ateratzeko gau hartan) zaukaten apostoluek gogoan « uhala
gerrian, oinetakoak soinean eta makila eskuan ». (Jal 12,11) Elizaren, Jainkoaren populuaren
ibilaldi luzea hemen hasten da. Mugikortasuna, gogoko askatasuna galdatzen du.
Hirugarren manua, Jesusek emana : arbuiatua izanik ere ez lotsa. Marken testoaren arabera,
apostoluek ikusi dute Jesusek Nazareten huts egin duela. Jesusen predikatzearen hastapenetik,
farisauen eta idazleen jazargoa haunditzen ikusi dute. Profeten eta predikatzaileen kontrako
jazarpen hori betikoa dela iduri du: Amoz nola kanporatua izan zen, lehen irakurgaiak erakutsi
dauku. Zertako betiko pertsekuzione hori? Jesusek berak zion Nazareten: « Profeta bat non nahi
ohoratua da, salbu bere herrian. » Berrionaren mezutzeak Jainkoaren maitasuna eta barkamena
oihukatzen baditu, zertako hoinbertze kontrako ? Gure buru gogorraren gatik, Moisek zion bezala:
bertzelako Jainkoa dugu gure gogoan; gure bihotza gogortua delakotz. Alta, Jainkoa maitasun eta
barkamen bada, bere idurikoak izan gaitezen dauku galdetuko. Arrazoi gaixto horientzat izan da
Jesus kurutzefikatua eta haren ondotik ainitz oinazeztatuak.
Ezaren aitzinean, Jesusek ez du ez indarkeria, ez mespretxua galdetzen, bainan iraupena,
lasaitasuna. « Nonbait onartzen ez bazaituztete, ez eta entzuten, handik joaitean, zuen oinetako
errautsa inarrosazue, heien kontrako seinaletzat. » Holako egintza, lekukotasun bat izan behar
duena, nola ulertu ? Erran nahi luke: « Zuen askatasuna errespetatzen dugu; ez gira zuen ikusterat
etorri zueri bihotz kontraz zerbait hartzeko, izan dadin errautsa ere ».
Bainan apostoluek ez dute bihotz gogor eta etsaitasuna bakarrik aurkitzen. Kristoren
piztearen ondotik haunditu diren girixtino taldeak lekuko dira. Apostoluen Egintzek, ebanjelioaren
mezularieri ateak ideki diozkaten jende ainitzen izenak emaiten dituzte.