URTEKO 14. ig C (2019-07-07)
SARRERA
Senideok. Paulo VI.a aita santuak idatzi zuen 1963an: «liturgia santua da lehen iturburua Jainkoarekin harremanak izateko; harreman horietan Jainkoaren bizia bera komunikatzen zaigu». Senideok, Paulo VI.ak bi elementu aipatzen ditu.
Batetik, Jainkoarekin harremanak. Hain zuzen, liturgia Jainkoari entzutea da, eta Jainkoari hitz egitea; Jainkoarekin harremanak izatea da: bihotzetik bihotzera, pertsonatik pertsonara . Kafetegi baten aurrean, toldopean eseri, eta lagun batekin berriketan jardun ohi zaren bezala..
Bestetik, liturgiako harreman horietan, Jainkoak bere burua agertzen digu. Bere maitasuna, bere samurtasuna. Sorkari guztientzat duen bere maitasuna agertzen digu. Batzuetan, kexu fin bat agertzen digu, berarentzat zein fintasun eta zein sentiberatasun koxkorra izan dugun agertzen digu; berarentzat eta, ni neu bezala, berak biziki maite duen lagun hurkoarentzat. Beste batzuetan, pozik goratzen gaitu, bai egin diogun eskaintzagatik, bai eman diogun erantzunagatik, bai berari eta bai, beraren izenean, lagun hurkoari.
Ez dezagun alferrik galdu horrelako aukera bat.
LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (66,10-14c)
Isaiasek esana dugu: Jainkoa bakearen Jainkoa da. Munduan parte hartzen ari da bera, eta bizi-bizi. bere sorkarien bidez. Beti, bake-emaile da. Jainkoak kreatu dituen guztien ongizatea da bakea. Ezinezkoa da pertsona bakarraren bakea. Antzekoen edo parekoen arteko harremana da bakea. Adiskidetasun-harremana da, elkar ulertzearen, elkarren arteko solidaritatearen, zuzentasunaren, bat egitearen harremana da bakea.
Isaias, zehazki, berekin zuzentasuna, gozamena, poza, kontsolamendua dituen bakeaz mintzo zaigu.
Bakea, senideok, etengabeko ahaleginaren fruitua da, etengabe erne egotearen, etengabe gogoeta egitearen eta etengabe azterketa egitearen fruitua; ez da betiko egiten den zerbait. Beti xede edo helburu da, beti muga. Bila eta bila ibiltzean eskatzen du.
BIGARREN IRAKURGAIA Galaziarrei egindako Gutunetik (6,14-18)
Aurreko igandeetan esana denez, Galaziarrei egindako gutun honen muina askatasuna da. Partikularki, antzinako errituen aurrean, kristau egindako juduek kristau egin ziren paganoei ezarri nahi zizkieten errituen aurrean.
Gaur, Gutunaren azken zatia entzungo dugu. Paulok bere burua hildakotzat eman du «munduarentzat»; mundua esatean, Kristo onartzen ez dutenak esan nahi du.
Hilda egote honek guztiz libre bihurtu du Paulo Jainkoaren egitasmoan sartzen ez diren gauza guztien aurrean.
Askatasun hori bera desiratzen du pertsona guztientzat. Eta bukatzeko, desio edo egiaztapen hau agertu digu: «Jesu Kristo gure Jaunaren grazia zuen espirituarekin dago / egon bedi.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (10,1-12)
Pertsona askoz baliatu da Jesus bere egitekoa aurrera eramateko. Hau da haren egitekoa: gizadiari Jainkoaren maitasuna agertzea. Gizadiari Berri Ona ematea. Askotan entzun izan dugu, Jesusek bere 12 ikasleak bidaltzen zituela misiolari. Gaurkoa, 12 ez baizik hirurogeita hamabi (72) dira. Zenbaki horren, Hasiera liburuan (Has 10), munduko herri guztiak adierazten ditu. Hemen adierazten dugu, Jesusen bere zeregina mundu osora zabaldu nahi duela
Jesusek agertu digun Jainkoa oso desberdina da Itun Zaharrak eta gainerako erlijioek agertu diguten Jainkoagandik
Esana du, San Joanen ebanjelioan, Jainkoaren Semeak bakarrik ikusi du Jainkoa. Halere, ez dugu ahaztu behar, pertsona bakoitzak, fededun ala fede gabe, erlijio honetako ala beste hartako, suma dezakeela Jainko hori. Nola eta zenbaterainoko ezagutza da kontua. Hor du tokia misioa, Jesusen Hitzaren berri emateak
HERRIAREN OTOITZA
1.- Eliza osoaren alde: Eliza hori osatzen dugun guztiok eliz zentzua, eliz sena bizi dezagun.. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Jesusen Berri Ona modu berezian zabaltzera joan diren guztien alde: Jesusengan eta Jesusen Espirituagan konfiantza osoa izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Euskal Herrian lanean ari direla, istripuz hainbat jende hiltzen edo zauritzen dela, benetan kontuan har dezagun, eta istripu horiek neurri handiak saihestu edo ekidin daitezkeen gertaerak direla gogoan izan dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Lurralde musulmanen alde: irits dezatela beren bizitza sozial, ekonomiko eta kulturala antolatzera, arrazoiaren eta zuzentasunaren bidetik. Eska diezaiogun Jaunari.