URTEKO 14. ig C (2016-07-03)

SARRERA

Senideok. Paulo VI.a aita santuak idatzi zuen 1963an: «liturgia santua da lehen iturburua Jainkoarekin harremanak izateko; harreman horietan Jainkoaren bizia bera komunikatzen zaigu». Senideok, Paulo VI.ak bi elementu aipatzen ditu.
Batetik, Jainkoarekin harremanak. Hain zuzen, liturgia Jainkoari entzutea da, Jainkoari hitz egitea da; Jainkoarekin erlazioak izatea da. Kafetegi baten aurrean, toldopean eseri, eta lagun batekin berriketan jardun ohi zaren bezala. Antzeko zerbait egiten dugu guk elizan, eseri eta dela Jainkoarekin hizketa egiten dugunean, dela Jainkoaz hitz egiten dugunean, dela Jainkoari entzuten, hitz egiten diogunean. Jainkoarekin egiten dugun harremanak bizitzea da.
Bestetik, liturgiako harreman horietan, Jainkoak bere burua agertzen digu. Bere maitasuna, bere samurtasuna. Sorkari guztientzat duen bere maitasuna agertzen digu. Batzuetan, kexu fin bat agertzen digu, berarentzat zein fintasun koxkorra izan dugun agertzen digu; berarentzat eta, ni neu bezala, berak biziki maite duen lagun hurkoarentzat. Beste batzuetan, pozik goratzen gaitu, bai egin diogun eskaintzagatik, bai eman diogun erantzunagatik, bai berari eta, beraren izenean, lagun hurkoari geure burua eskaini diogulako.
Jainkoarekin bizi izandako harreman horietan, poztu egingo da gure bihotza. Eta gai bihurtuko gara geure poza pertsona maiteei eta mundu osoari agertzeko.
Gaur, bestalde, mundu osoan zabaldurik dagoen Elizaz gogoratuko gara modu berezian. Eliza osoaren beharrak izango ditugu gogoan, bai otoitz egitean, bai ahal dugun laguntza eskaintzean.

LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (66,10-14c)

Hau esaten digu Isaiasek: Jainkoa bakearen Jainkoa da. Munduan parte hartzen ari da bere sorkarien bidez. Beti, bake-eramaile da. Salbazio-aldia bakearen bila ibiltzearen aldia da. Jainkoak kreatu dituen guztien ongizatea da bakea. Ezinezkoa da pertsona bakarraren bakea. Antzekoen edo parekoen arteko harremana da bakea. Adiskidetasun-erlazioa da, elkar ulertzearen, elkarren arteko solidaritatearen, zuzentasunaren, bat egitearen erlazioa da bakea.
Isaias, zehazki, berekin zuzentasuna, gozamena, poza, kontsolamendua dituen bakeaz mintzo zaigu.
Bakea, senideok, etengabeko ahaleginaren fruitua da, etengabe erne egotearen, etengabe gogoeta egitearen eta etengabe azterketa egitearen fruitua; hain zuzen ere, pertsonen edo erakundeen arteko harreman sozialen eta Jaunarekiko harreman erlijiosoen kontrako jarrera guztiei bideak ixteko.

BIGARREN IRAKURGAIA Galaziarrei egindako Gutunetik (6,14-18)

Aurreko igandeetan esana denez, Galaziarrei egindako gutun honen muina askatasuna da. Partikularki, antzinako errituen aurrean, kristau egindako juduek kristau egin ziren paganoei ezarri nahi zizkieten errituen aurrean.
Gaur,Gutunaren azken zatia entzungo dugu. Paulok bere burua hildakotzat ematen du «munduarentzat»; mundua esatean, Kristo onartzen ez dutenak esan nahi du.
Hilda egote honek guztiz libre bihurtu du Paulo Jainkoaren egitasmoan sartzen ez diren gauza guztien aurrean.
Askatasun hori bera desiratzen du pertsona guztientzat. Eta bukatzeko, desio edo egiaztapen hau agertu digu: «Jesu Kristo gure Jaunaren grazia zuen espirituarekin dago / egon bedi.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (10,1-12)

Pertsona askoz baliatu da Jesus bere egitekoa aurrera eramateko. Hau da haren egitekoa: gizadiari Jainkoaren maitasuna agertzea. Gizadiari Berri Ona ematea.
Izan ere, Jesusek agertu digun Jainkoa oso desberdina da Itun Zaharrak eta gainerako erlijioek agertu diguten Jainkoagandik. Are gehiago, pertsona guztiek beren bihotzean sumatzen duten Jainkoa ez bezalakoa da Jesusek agertu digun Jainkoa.
Jainkoaren Semeak bakarrik ikusi du Jainkoa esan digu San Joanen Ebanjelioak. Eta Jainkoaren Semea da Jesus, gizon egin den Semea. Eta Jainkoaren berri emateko etorri da gure artera. Misio edo egiteko hori apostoluen eta gainerako ikasleen esku utzi du Jesusek, bera zerura joatean.
Jesusen Berri Ona zabaltzen ari direnen aurrean, gaitza atzeraka ari da, indarra galtzen ari da, oso pixkanaka bada ere.
Lan hori nola egin esateko, Jesusek ikasleei ematen dizkien aholkuen artetik hau azpimarratuko dugu gaur: ez poztu lortzen dituzuen arrakasten aurrean; poztu zaitezte Jainkoaren egitasmoa betetzen ari zaretelako.

HERRIAREN OTOITZA

1.- Eliza osoaren alde: Eliza hori osatzen dugun guztiok eliz zentzua, eliz sena bizi dezagun.. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Jesusen berri ona zabaltzera joan diren guztien alde: Jesusengan eta Jesusen Espirituagan konfiantza osoa izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Euskal Herrian lanean ari direla, istripuz hainbat jende hiltzen edo zauritzen dela benetan kontuan har dezagun, eta istripu horiek saihestu edo ekidin daitezkeen gertaerak direla gogoan izan dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Lurralde musulmanen alde: irits dezatela beren bizitza sozial, ekonomiko eta kulturala antolatzea, arrazoiaren eta zuzentasunaren bidetik. Eska diezaiogun Jaunari.