Omenaldia apostolu anonimoei (Lukas 10,1-12.17-20)
Urteko 14. igandea C 2019-07-07
Misiolari bidali dituenean, Jesusek ikasleei emandako argibideak, Mateoren ebanjelioan, Hamabiei emanak dira; Lukasenean, berriz, hirurogeita hamabiei. Lukasen ikuspegian, misioa ez da pertsona hautatu bakar batzuen talde koxkor baten lana; ebanjelioaren mezua Erromatar inperioan zabaldu bazen, pertsona anonimo askori esker izan zen, gaur egun gertatzen ari den bezala.
Hiru oharpen aldez aurretik ebanjelioaz
1) Hirurogeita hamabiak bidaltzearen eta itzultzearen artean, Jesusen beste hitz batzuk tartekatu ditu Lukasek (Korozaini eta Betsaidari dagozkienak etab.), liturgiak alde batera utziak.
2) Jesusen hitzaldian hitz gogorrak datoz ikasleak onartzen ez dituzten herrien aurka; gure garai honetan, politikoki hain adeitsuan, eskandalagarri gerta daitezke zenbait jenderentzat.
3) Ondorioz, bi irakurgairen ahalbidea eskaintzen du liturgiak: luzea nahiz laburra (nolanahi den, inola ere ez Lukas 1-20 osoa). Laburraz ariko naiz.
Irakurgai politikoki adeitsua (Lukas 10,1-12)
Gauza bitxia, hirurogeita hamabiek lehenik eta behin egin behar dutena, otoitz egitea da, Jaunak uztara langileak bidal ditzan. Gaia joan den igandekoarekin loturik dator, hiru bokazio-kasuei zegokienez. Jesus hain gogor mintzo zen, non ematen baitzuen ez zuela nahi jarraitzailerik. Gaurkoan, ordea, agerian gelditu da ezinbestean dira beharrezko eta uzta jabeari eskatu egin behar zaiola bidal ditzan. Uzta-jabea ez da Jainko Aita, baizik eta Jesus bera, bideari ekiteko agindu diena. Oharpen batekin eta zenbait agindurekin.
Oharpena: eginkizuna ez da izango erraza, ezta gozoa ere. Bildotsak otso artera bezala doaz. Mateok, esaldi hau hartu duenean, Jesusen beste hitz batzuk gehitu ditu: «izan zuhur sugea bezala eta xume usoa bezala». Saiatu otsoak jan ez zaitzaten. Lukasek beste arrisku bat ikusi du otsoagan eta berari aurre egiteko beste era bat. Arriskua ez da heriotza dakarren haren hortz artean erortzea, baizik eta ebanjelioaren mezua narrasten eta lurrera botatzen duena. Gaur egun bizitza ateratzeko erlijioaz baliatzen diren askoren antzeko taldez eta predikariz beterik zegoen Erromatar inperioa. Horregatik, otsoaren horzkadak saihesteko erarik hobena pobre eta soil bizitzea da: «Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik». Poltsak dirua adierazten du, zakutoak janaria, oinetakoek jantzia.
Ondoren, Lukasen ebanjelioan bakarrik diren hitzak datoz: «eta ez gelditu bidean inori agur egiten». Horixe bera esan zion Eliseo profetak Guejazi bere morroiari, premiazko eginkizun batera bidali zuen egun batean (xunemdarraren semea sendatzea). Lukasi ─Itun Zaharra buruz zekien─ otu zitzaion aukera ederra zela Jesusen ezpainetan hitz horiek berak ipintzeko. Premiazkoa da ikasleen egitekoa, ezin galdu dute denborarik bide erdian hizketan.
Zer egin herri edo herrixka batera iristean? Funtsezko garrantzia ematen dio Jesusek ostatuari, eta etxez aldatzen ez ibiltzeko esan die. Agian, bere esperientzia propioa azaldu du Jesusek hitz hauekin, eta lehen misiolariena Lukasek. Etxez aldatzeak jelosia eta tirandura asko eragin ditzake.
Segidako hitz hauek arraro gertatzen dira leku honetan: «Herriren batean sartu eta ongi hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Gainean duzue Jainkoaren erregetza”». Ikasleak iritsiak ziren herri batera eta harrera ona egin zien familia batek, eta jaten eman zien. Lukasek ordenagailuz idatzi izan balu, agian zati bat hautatu, ebaki eta erantsi egingo zuen, esaldien ordena aldatuz. Edota agian ez, zeren eta ordena ilogiko honek azkenerako uzten du, garrantzi handiagoa emanez, ikasleen zeregina: gaixoak sendatu eta Jainkoaren erreinua hurbil dela hots egin.
Lehen irakurgaia Isaiasen liburutik (66,10-14c)
Testuak, oso poetikoa da, nahastarazi lezake gaur egungo irakurlea. Horregatik, bi argibide eman nahi izan ditut:
1) Judu batentzat, Jerusalemek katoliko batentzat Erromak edo Vatikanoak baino mila bider gehiago irudikatzen du. K.a. VI mendetik Jesusen garaira ─Judaren historiaren menderik gogorrenak izan ziren (bata bestearen segidan, babiloniarren, pertsiarren, greziarren eta erromatarren dominioak)─ esperantzarik handiena Jerusalem hiriaren aintzan eta distiran jarria zuten. Profeten eta Salmoetako testu askotan ageri da gai hau.
2) Jerusalem hiri bezala eta ama bezala irudikatua zuten. Hiri zenez, suntsiturik geratu zen, babiloniarrek K.a. 586an konkistatu ondoren. Ama zenez, seme-alabarik gelditu zen, erbesteratu zituztelako. Eta seme-alabak, berriz, janaririk gabe eta amaren txerarik gabe.
Testuinguru honetan, bere mezu utopikoa aldarrikatu du profetak, ardaztzat seme-alabak beren amagana itzultzea hartuz: pozik handiena Jerusalementzat eta kontsolamendurik handiena erbestetuentzat. Orobat mintzo da, tartean, hiria blaituko duten bakeaz eta aberastasunaz. Mundu mirarizko bat, poz, kontsolamendu, bake eta distiraz.
Nola lortuko hori da, ordea? Zer egin behar dute juduek? Poema honen arabera, ezer ez. Jainkoak dagi den-dena. Berak erakarriko ditu Jerusalemerantz bakea eta nazioen aberastasuna; berak du kontsolatuko hiria. Berak die azaltzen bere zerbitzariei bere ahalmena (bere eskua), poemako azken esaldiak dioenez.
Bi utopia-molde: Isaiasen eta ebanjelioaren arteko kontrastea
Isaiasen mundu utopikoa inolako ahaleginek gabe gauzatuko da, Jainkoaren egintza hutsez. Aitzitik, Jesusek eta ikasleek hots egiten duten mundu utopikoak berekin ditu sakrifizioa eta ahalegina. Gainera, ukatua izan daitekeen mezua da; halaxe gertatu zitzaion Jesusi berari Korozainen eta Betsaidaren kasuan. Alabaina, garaipena eta esperantza dira azken hitza: Satanas, ebanjelioaren aurkako sinboloa, tximista bezala erori da zerutik; ikasleak, berriz, garaile irten dira espiritu likitsen aurka eta, batez ere, beren izenak zeruak idatziak dituzte (ebanjelioaren bertsio luzean).
Gainera, eta hau da Lukasen ekarpen handia, misiolari bidaliak izan diren ikasle horiek ez dira super-hautatuen talde bat. Denok ezagutu izan dugu giza eta kristau-ikuspegitik on handia egin izan digun jenderik, Jainkoaren erreinua hots egin digunik. Horrenbestez, geuk ere aurrera egin dugu lan honetan eta gehiago egin behar dugu, batzuetan gogor gertatuko bazaigu ere, sarritan porrot egin izan sentituko badugu ere. Hau, ordea, ez da arrazoi utopiaren garaipenean esperantzarik galtzeko.
José Luis Sicre