JAINKOAREN BAKEA (Lukas 10,1-12.17-20)
Urteko 14. igandea C 2019-07-07
Hitz gutxiz abusatu izan da« bake» hitzaz adina. Denok mintzo gara «bakeaz», baina hitz honen esangura aldatuz joan da, sakon, bere esangura biblikotik gero eta gehiago urrunduz. Era probetxugarrian erabiltzearen erabiltzeaz, termino anbiguo eta problematiko bilakatu da. Gaur egun, kasik beti, bake-mezuak errezelotsu izaten dira eta ez dute lortzen sinesgarritasunik.
Lehen kristau-elkarteetan bakeaz mintzo direnean, ez dute izaten gogoan, lehenik eta behin, bizitza lasai bat eta korapilo gutxiagoko bat, aurrerapen eta ongizate handiagoko bideetan barna ordenu bati jarraituz gauzatuko litzatekeen bat. Hori baino lehen eta bake indibidual nahiz sozial ororen aurretik, konbentzimendu hau bizi ohi dute: guztiok onartzen gaituela Jainkoak geure errore, kontraesan eta guzti, guztiok bizi gaitezkeela adiskideturik eta beraren adiskide. Hau dute lehen gauza eta erabakitzailea: «Jainkoarekin bakean gaude» (Erromatarrei 5,1).
Bake hau ez da gatazkarik ez izate hutsa, baizik eta bizi betea da, Jainkoagan dugun konfiantzatik jaioa, eta pertsonaren erdimuinari dagokiona da. Bake hau ez dago kanpoko gorabeheren baitan bakarrik. Bihotzean erne ohi den bakea da, pixkana pertsona osoa hartuz doana, eta horrela zabaltzen da gainerakoengana.
Jainkoaren erregalua da bake hau, baina, halaber, norberaren lanaren fruitu da, bizi osoa har dezakeen lan ez txiki baten fruitua. Jainkoaren bakea onartzeak, bihotzean leial gordetzeak, tirabiren artean berari eusteak, gainerakoei kutsatzeak ahalegin suharra eskatzen du, baina bizitza Jainkoagan erraz bateratu eta errotu dezakeena da.
Bake hau ez da ordainbide edo konpentsazio psikologiko bat gizartean falta den bakerako; ez da ihes egite pragmatiko bat, problemetatik eta liskarretatik urruntzeko; ez da aterpe eroso bat pertsona ustegaldu eta eszeptikoentzat kasik «ezinezkoa» litzatekeen bake sozial baten aurrean. Jainkoaren benetako bakea baldin bada, estimulurik hoberena izango da lan eginez bizitzeko, guztien bakezko bizikidetasunerako eta guztien onerako.
Jesusek eskatu die ikasleei ezen, Jainkoaren erreinua hots egitean, lehenengo mezua guztiei bakea eskaintzea izan dezatela: «Esazue lehenik: bakea etxe honetan». Bakeari harrera ona egiten badiote, zabalduz joango da Galileako herrixketan. Bestela, ikasleengana «itzuliko da», baina ez da sekula suntsitu behar bihotzean; izan ere, Jainkoaren erregalua da bakea.
Jose Antonio Pagola