Urteko 14. igandea C 2016-07-03
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioan atentzio ematen du, partikularki, esaldi honek: bildotsak otso artera bezala bidaltzen zaituztet.
Jakina, Jesusen esaldi horrek ez du esan nahi, bere ikasleei oinazea eta heriotza opa dienik.
Hain juxtu, lehenengo irakurgaian, Jainkoa aita eta ama bezala aurkeztu digu. Ama batek bezala kontsolatuko gaitu. Gaurko pasartean ez bada ere, urrunago doaz profetak Jainkoaren maitasuna agertzeko orduan. Ama bat beste semeaz edo alabaz ahazten bada ere, ni ez. Azken batean, erditzearen irudia ageri da Biblian, gizakiaren zoria adierazteko: erditzean, ama haur-minetan izan ohi da; erdi ondoren, berriz, poz-pozik. Erditze hori esperantzaz bizitzeko aldia dugu.
Gaurko bigarren irakurgaian, berriz, Paulok oso gogoko dituen bi gai dakartza: batetik, salbazioa ez duzu lortuko legeari itsatsirik, baizik Jesusen Espirituaren arabera bizirik; bestetik, gizakia sorkari berri bihurtzen da Kristori itsatsirik; horixe da garrantzizkoa: sorkari berri bihurtzea: pentsaera berria, sentiera berria, ikusmolde berria, eta jokamolde berria. FUNTSEZKOA DA PENTSAERA BERRIA, JESUSEN ARABERAKOA, IZATEA, JOKALMOLDE BERRIA IZATEKO.

EBANJELIOA.
Jesusek 72 ikasle bidali ditu. Zenbaki horrek Hasiera liburuan (10) aipatzen diren munduko 72 herriei egiten die erreferentzia. Aldez aurretik argibide batzuk eman dizkie. Jesusen misio-eredua ondorengo guztien misio-eredu izango da. Hona argibideak:
• Uzta ugaria da; eskatu uzta-jabeari langileak bidal ditzan. Otoitza ezinbestekoa da.
• Misioa ez da izango gauza erraza. Jesusek ez ditu engainatu nahi misiora doazenak. Bildotsa otso artera bezala bidali ditu
• Nola joan. Ez gelditu bidean mila gauzatan galdurik. Premia handikoa da Jainkoaren berri ona zabaltzea.
• Ez behartu inor.
• Ez poztu arrakasta handia izan duzuelako. Hau da pozteko arrazoia: gaitzaren indarra garaitzen hasi izana; munduan ontasuna handitzen hasi izana. Poztu, zure izena zeruan idatzia izan delako. Poztu Jainkoa jende apalari mintzo zaiolako.

Senideok, Jesusek eskatu digun lana ez da batere erraza. Halere, badu bere alde erakargarria ere. Nola ez?
Honela bizitzera gonbidatu gaitu: jendeak ikus dezala gure jokamoldean munduan badela alde onik, badela ontasunik, badela onberatasunik; munduak baduela alde onik.
Ezin izan da dena ilun. Ezin izan da dena beti muturka ibiltzea. Biziak baduela gozotasunik, eta pertsonak baduela errespetu-jarrerarik, maitasun-jarrerarik. Gizakiak ez duela zertan izan gizakiarentzat otso. Gizakia gizakoi izan daitekeela.

Egia esan, gure kulturak gizatasun-beharra du. Ondradutasun beharra. Horren guztiaren hondoan beharrezkoa dugu otoitza. Besteak beste, hau izan daiteke gure otoitza: Jauna, munduan oker handiak eragin ditut; jasaten jakin behar dut, besteak diren bezalako izatea; jasaten jakin behar dut, ni neu naizen bezalako izatea; emadazu laguntza, nire bidez mundua zerbait hobeago egin eta izan dadin.

Eskerrik asko, Jauna.

Dionisio Amundarain