URTEKO 14. IGANDEA (2021-07-04)
SARRERA
Joan den igandean, fedeak duen indarraz hitz egin ziguten irakurgaiek: emakume odol-jariodunaren eta Jairoren fedearen indarraz. Gaurkoak, berriz, sinesteak dituen zailtasunez mintzo zaizkigu, eta halakoen aurrean gizakiak izan ohi duen jarreraz.
Sinesteko zailtasunak. Fedeak beti eta nonahi izan ditu eta izaten ditu zailtasunak. Zein dira, ordea, gaur eguneko zailtasunak?
Batzuk aipatuko ditugu. Batetik, axolarik eza dago: unean uneko ez diren arazoen aurrean, bost axola niri beste arazoak. Oraingo eta hemengo ez diren arazoen aurrean, beste alde batera begiratzen dugu. Unean uneko gauzak zaizkigu axola. Beste bat, bigarrena, arrazoi zientifikoan konfiantza handiegia jartzea: zientziak hau dio eta kito; zientzia baino harago ezer ez legoke, nonbait. Beste bat, hirugarrena, erlatibismoa; honen arabera, Jainkoa beste bat gehiago izango litzateke munduko gauza eta arazoen artean. Azkenik, beste hau: erosotasuna. Gaurko ebanjelioak beste bat agertzen digu: profeta ez da onartua, ez bere herrian, ez bere etxean, ez bere familiartean.
Kontuan har dezagun: Profeta ez da gauzak asmatzen edo aurreikusten dituen pertsona; Jainkoaren izenean hitz egiten duena da.
Hau guztia, geure buruari astindu bat emateko aukeratzat hartu beharko genuke, eta galderak egiteko: zer izan da eta zer da Jesus niretzat?
LEHENENGO IRAKURGAIA Ezekiel profetaren liburutik (2,2-5)
Israeldarrek, Ezekiel Profetaren garaian, duda handiak dituzte Jainkoaren leialtasunaz. Izan ere, uste dute bertan behera utzi dituela Jainkoak Babiloniako erbestean. Egoera horren aurrean, Jainkoaren kontra altxatu dira, eta bihotza gogortu egin dute Jainkoaren gauzen aurrean.
Izan ere, Kristo aurreko seigarren mendeko israeldar horiek sakon harritu ziren, eta izugarritako drama bihurtu zitzaien Jerusalem hiria konkistaturik ikustea, eta jende asko babiloniarrek erbestera eraman zutela ikustea. Non da Yahveren leialtasuna, egin zituen promesei dagokienez? Non dago Yahveren beso indartsua?
Alabaina, profetak, jendeak kasu egin ala ez, Yahveren fideltasuna hots egiten jarraitu behar du; horretarako, berekin izango du Jaunaren indarra. Eginkizun hori leporatu dio Ezekieli Jainkoak, modu berezian.
Senideok, guztiok gara profeta izatera deituak. Guztiok dugu Jauna geure bidelagun.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako bigarren gutunetik (12,7-12)
Paulok ere izan ditu bere zailtasunak fedeaz. Aitortzen du hirugarren zerura «jasoa» izan dela, hau da, Jainkoaren esperientzia bizi eta handia izan duela. Halere, esperientzia horrek ez dio kendu «haragiaren» akuiluaren ziztada. Zer da, ordea, ziztada hori: gaixotasun bat?, bere misiorako hain makal sentitzea?, Jainkoaren aurrean hain eskas dela sentitzea?, gaztetako bekatuaren handitasuna sentitzea? Ez dakigu. Baina Pauloren galdera da: nola da posible hau?, zergatik ez nau libratzen Jainkoak tortura honetatik? Bai. Paulok bere zailtasunak izan zituen fedearekiko. Jaunak, orduan, bihotz barruan kontsolatu zuen, esanez: Paulo, aski duzu nire grazia, nire onginahia: indarra ahuldadean gauzatzen da.
EBANJELIOA san Markosen liburutik (6,1-6)
Nazareteko jendeak ere izan ditu zailtasunak fedearen inguruan. Ondo ezagutzen dute, ustez, Jesusen familia, herriko beste familien antzekoa. Haurtzarotik ezagutu dute, ustez, Jesus ere; ezin sinetsi dute orain entzuten eta ikusten ari direna: nondik datorkio Jesusi sinagogan irakasten ari dena?, hitz egitean nabari zaion jakinduria?, egiten dituen Erreinuko seinaleak? Hori guztia ez dator bat berek ezagutzen dutenarekin. Hortxe dago arazoa: «berek ezagutzen dutena».
Ez dira konturatu, Jainkoaren berritasuna, berek ezagutzen dutena baino harago doala beti; jakin uste dutena baino harago doala. Jainkoak beti guretzat ezusteko handiak ditu. Beti ere gizakiaren historia bere betera eraman nahiz. Ez ote zaigu gauza bera gertatzen guri ere, askotan?
Jesus sinesteak ahalegin handia eskatzen du, bila ibili beharra, gauza berrien aurrean sakondu beharra. Sinesten dut, Jauna; handitu eta sakondu nire fedea.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Munduko eliztar guztion alde: ebanjelioaren mezua hots egiten dugunean, hitzez esaten duguna, bizi bihurtzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduko herri guztien alde: guztiek bat egin dezaten justizia, askatasuna, giza eskubideak defendatzeko. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaztetan, mundu hobe baten alde, borrokalari sutsu eta utopikoak izan, eta orain erosotasunari eta etsipenari emanak bizi diren guztien alde: Jainkoak astindu bat eman diezaien, bihotzean gorde duten su-txingarra piztu araziz. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gure garai honetako profeta guztien alde, gure gizarteko injustizia, gezurra eta giro baztertzailea salatzen duten guztien alde: halakoen mezua eta oihua entzuna eta gogoan hartua izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.