URTEKO 14. IGANDEA (2015-07-05)

SARRERA

Joan den igandean, fedeak duen indarraz hitz egin ziguten irakurgaiek: emakume odol-jariodunaren eta Jairoren fedearen indarraz. Gaurkoak, berriz, sinesteak dituen zailtasunez mintzo zaizkigu, eta halakoen aurrean gizakiak izan ohi duen jarreraz.
Sinesteko zailtasunak. Fedeak beti eta nonahi izan ditu eta izaten ditu zailtasunak. Zein dira, ordea, gaur eguneko zailtasunak?
Batzuk aipatuko ditugu. Batetik, axolarik eza dago: mementokoak ez diren arazoen aurrean, bost axola niri beste arazoak. Oraingo eta hemengo ez diren arazoen aurrean, beste alde batera begiratzen dugu. Unean uneko gauzak zaizkigu axola. Beste bat, arrazoi zientifikoan konfiantza handiegia jartzea: zientziak hau dio eta kito; zientzia baino harago ezer ez, nonbait. Beste bat, erlatibismoa; honen arabera, Jainkoa beste bat gehiago da munduko gauza eta arazoen artean. Ez dezagun ahaztu beste hau ere: erosotasuna. Gaurko ebanjelioak beste bat agertzen digu: profeta ez da onartua, ez bere herrian, ez bere etxean, ez bere familiartean.
Kontuan har dezagun: Profeta ez da gauzak asmatzen edo aurreikusten dituen pertsona; Jainkoaren izenean hitz egiten duena da.
Hau guztia, geure buruari astindu bat emateko aukeratzat hartu beharko genuke, eta galderak egiteko: zer izan da eta zer da Jesus niretzat? Soilik, gizon bat, besteak bezalakoa? Ala, kontuan hartua izatea merezi duen profeta, gure betiko bizitzari dagokionez?
Jesus onartu ahal izateko baldintzak kontuak hartu beharrekoak dira: isiltasuna berarekin hitz egiteko, apaltasuna beraren izenean hitz egin digutenei entzuteko, natura kontenplatzea, munduko gertaerak sakon samar aztertzea, hitz egiten dutenei entzutea; gauza guztietan, bereizmena eginez: zein ari da Jainkoaren izenean eta zein beste zerbaiten izenean, zer ari zait eta zer ez Jainkoaz hitz egiten munduan.
Betiere Jesusen Espirituari bihotza irekirik bizitzea. Apal izatea. Beharrezkoak dira. Beterik bagaude edo hala sentitzen bagara, inoren eta ezeren beharrik ez dugu sentituko.

LEHENENGO IRAKURGAIA Ezekiel profetaren liburutik (2,2-5)

Israeldarrek, Ezekiel Profetaren garaian, duda handiak dituzte Jainkoaren leialtasunaz. Izan ere, uste dute bertan behera utzi dituela Jainkoak Babiloniako erbestean. Egoera horren aurrean, Jainkoaren kontra altxatu dira, eta bihotza gogortu egin dute Jainkoaren gauzen aurrean.
Izan ere, Kristo aurreko seigarren mendeko israeldar horiek sakon harritu ziren, eta izugarritako drama bihurtu zitzaien Jerusalem hiria konkistaturik ikustea, eta jende asko babiloniarrek erbestera eraman zutela ikustea. Non da Yahveren leialtasuna, egin zituen promesei dagokienez? Non dago Yahveren beso indartsua? Ez ote da babiloniarren Marduk jainkoa, Yahve baino indartsuagoa? Yahvek bertan behera utzi gaitu, diote israeldar horiek. Sekulako eskandalua!
Alabaina, profetak, jendeak kasu egin ala ez, Yahveren fideltasuna hots egiten jarraitu behar du; horretarako, berekin izango du Jaunaren indarra. Eginkizun hori leporatu dio Ezekieli Jainkoak, modu berezian.
Senideok, guztiok gara profeta izatera deituak. Guztiok dugu Jauna geure bidelagun. Guztioi dagokigu munduan beste ikuspegi bat ezartzea: Jainkoari buruz, norberari buruz, lagun hurkoari buruz, naturari buruz…

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako bigarren gutunetik (12,7-12)

Paulok ere izan ditu bere zailtasunak fedeaz. Aitortzen du hirugarren zerura «jasoa» izan dela, hau da, Jainkoaren esperientzia bizi eta handia izan duela. Halere, esperientzia horrek ez dio kendu «haragiaren» akuiluaren ziztada. Zer da, ordea, ziztada hori: gaixotasun bat?, bere misiorako hain makal sentitzea?, Jainkoaren aurrean hain eskas dela sentitzea?, gaztetako bekatuaren handitasuna sentitzea? Ez dakigu. Baina Pauloren galdera da: nola da posible hau?, zergatik ez nau libratzen Jainkoak tortura honetatik? Bai. Paulok bere zailtasunak izan zituen fedearekiko. Jaunak, orduan, bihotz barruan kontsolatu zuen, esanez: Paulo, aski duzu nire grazia, nire onginahia: indarra ahuldadean gauzatzen da.
Eta Paulo biziki kontentu gelditu da erantzun horrekin! Senideok, geure zailtasunetan izan dezagun gogoan: Jainkoa Aita eta Ama da.

EBANJELIOA san Markosen liburutik (6,1-6)

Nazareteko jendeak ere izan ditu zailtasunak fedearen inguruan. Ondo ezagutzen dute, ustez, Jesusen familia, herriko beste familien antzekoa. Haurtzarotik ezagutu dute, ustez, Jesus; ezin sinetsi dute orain entzuten eta ikusten ari direna: nondik datorkio Jesusi sinagogan irakasten ari dena?, hitz egitean nabari zaion jakinduria?, egiten dituen Erreinuko seinaleak? Hori guztia ez dator bat berek ezagutzen dutenarekin. Hortxe dago arazoa: «berek ezagutzen dutena».
Ez dira konturatu, Jainkoaren berritasuna, berek ezagutzen dutena baino harago doala beti; jakin uste dutena baino harago doala. Jainkoak beti guretzat ezusteko handiak ditu. Beti ere gizakiaren historia bere betera eraman nahiz.
Ez ote zaigu gauza bera gertatzen guri ere, askotan? Uste genuena ez bezalako zerbait esaten digutenean? Inoiz ikusi genuena ez bezalako zerbait ikusten dugunean? Eskandalizatu ordez, errezeloak zabaltzen aritu ordez, arazoaz taberna-giroan komentarioak egiten aritu ordez, zergatik ez ginateke jarriko Jaunaren aurrean, Bibliaren aurrean, egiaz lagundu diezagukeen norbaiten aurrean? Ez dugu nahikoa txikitan ikasi genuen doktrinarekin. Nola ageri da gaur egun Jesusen Ebanjelioa. ERRONKA handia da hori.
Jesus sinesteak ahalegin handia eskatzen du, bila ibili beharra, gauza berrien aurrean sakondu beharra. Sinesten dut, Jauna; handitu eta sakondu nire fedea.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduko eliztar guztion alde: ebanjelioaren mezua hots egiten dugunean, hitzez esaten duguna, bizi bihurtzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduko herri guztien alde: guztiek bat egin dezaten justizia, askatasuna, giza eskubideak defendatzeko. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaztetan, mundu hobe baten alde, borrokalari sutsu eta utopikoak izan, eta orain erosotasunari eta etsipenari emanak bizi diren guztien alde: Jainkoak astindu bat eman diezaien, bihotzean gorde duten su-txingarra piztu araziz. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gure garai honetako profeta guztien alde, gure gizarteko injustizia, gezurra eta giro baztertzailea salatzen duten guztien alde: halakoen mezua eta oihua entzuna eta gogoan hartua izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.