URTEKO HAMALAUGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Profeta, jende bihurriari igorria )

Ezekiel profetaren liburutik 2, 2-5

2 Izpiritua sartu zitzaitan barnera, xutik ezarri ninduen,
eta entzun nuen Jauna neri mintzo, erranez:
3 “ Gizaseme, Izraelen semeenganat igortzen zaitut,
nere kontra altxatu jende bihurri horrenganat.
Horiek eta horien arbasoak nere kontra altxatu dira gaurdaino,
eta semeek aurpegi zakarra dute eta bihotz gogorra.
4 Horienganat igortzen zaitut, eta erranen diozute:
Hunela mintzo da Jainko Jauna.
5 Orduan, heiek, entzun ala ez entzun, – herri bihurria baitira –
jakinen dute profeta bat badutela beren artean. ”

Ezekielek testu hau idatzi zuenean, juduak Babilonian ziren, desterruan, 597az geroz. Beren
aberri eta tenplotik urrun beraz. Ezekielek ikuskari harrigarri bat ukan zuen, ezin erranezkoa, hain
zituen gauza ederrak ikusi profetak. Jainkoaren tronutik jalgi suak hartu zuen eta emana izan
zitzaion eginkizunari buruz indarrean ezarri.
Alabainan Jainkoak Ezekieli galdatzen zioena ez zen zerbait errex. Testu huntan senditzen
da bertze populuen sinesteetarat lerratzerat ekarriak zitezkeela izraeldarrak. Hitzak dorpeak dira :
“…Igortzen zaitut nere kontra altxatu jende bihurri horrenganat…horiek eta horien arbasoak nere
kontra altxatu dira gaurdaino, eta semeek aurpegi zakarra dute eta bihotz gogorra…Orduan, heiek,
entzun ala ez entzun- herri bihurria baitira… » Lehenago ere Mois bera populu hortaz pleinitu zen .
“Ez ahantz, Jauna, zuen Jainkoa basamortuan sumindu zinutela, Egiptotik atera eta hunat heldu
arte bihurriak izan zirezte Jaunaren kontra. Jaunak zuen suntsitzea ere erabaki baitzuen… » (Dt
9,7-8)
Bainan profeta ez da bakarrik. Jainkoa berekin du : “Izpiritua sartu zitzaitan barnera, xutik
ezarri ninduen.„ Beraz zabaltzen duen mezua ez du berea, Jainkoaren mezua da. Eta Goikoak
kuraia emaiten dio : “Zu, gizon, ez horien beldur izan; erraiten dutena erran, ez beldur izan, nahiz
eta horiek zure kontra lahar eta elorri izanen diren, ezkorpionen gainean jarririk bazina bezala;
horiek erranaren beldur ez izan, ez ikara horien aitzinean, herri bihurria baita…“ (Ez 2,6)
Bai herri bihurria da Izrael herria, bainan Jainkoak ez du bere batasuna hausten. Beti leial
dago.“ Heiek entzun ala ez entzun- herri bihurria baitira- jakinen dute profeta bat badutela beren
artean.“ Erran nahi baita Jainkoa beti mintzo zaiotela, aitzina deitzen dituela.

Salmoa 122

Leloa: Zerurat nago, dena begi:
Jauna guri so, eman argi!

Zerurat nago, dena begi,
Han baitzare zu, han egoki.
Mutil begiak berdin ari
Beren nausien eskueri.
Neskato soak berdin ari
Etxekanderen eskueri.
Gure begiak Jainkoari:
Noiz gaituzken noiz urrikari.
Urrikal, Jauna, otoi, guri:
Gutaz hain dire trufaz ari..
Jasan-gaitzegi zaiku hori:
Ez utz hantuen irringarri.

Beilaz Jerusalemerateko bidean izraeldarrek salmo hau kantatzen zuten. Babiloniatik
gibelerat itzuli zirenean, nahi izan zuten berriz tenploa eraiki. Bainan gauzak ez ziren nahi bezala
iragan eta eraikitze hori gelditu behar izan zuten.
Egun haiek egun nahasiak ziren eta orduan zen salmo hau moldatua izan. Geroan ere, otoitz
hau ongi ulertzen zuen jendeak, salbu urte bakar batzuez, 142-63 Kristo aitzineko urteetan,
izraeldarrak ez baitziren beren gain bizi ahal izan. Mesias etorri arte oihu eginen dute Jainkoari :
“ Urrikal, Jauna, otoi, guri…“ Otoitz hunek oroitarazten du 121. salmoa : “Begiak mendietarat
ditut altxatzen, nundik etorriko zaitan laguntza…“ edo : “Begien aitzinean dut beti zure maitasuna
eta leial jokatu dut zure alderat…“ (26. salmoa). Eta ere :“ Erreak ditut begiak zure
salbamenduaren beha, zuk hitzeman juztiziaren beha…“ (119. salmoa)
„Mutil begiak berdin ari Beren nausien eskueri…neskato soak berdin ari etxekanderen
eskueri…“ „Eskua“ hitzak Jainkoaren geriza oroitarazten du : “ Ni, Jauna, zuen Jainkoa, eskutik
lotzen nitzaizu eta erraiten: ez beldur izan, nik laguntzen zaitut.“ (Is 41,13) Eta ere :“ Buztina
eltzegilearen eskuetan bezala zirezte zuek nere eskuetan. Hala diot nik, Jaunak…“ (Jer 18, 6)
„Jaunaren eskua ez da , ez, laburregia zuen salbatzeko …zuen hobenek ezarri dute hesia zuen eta
Jainkoaren artean…odola baduzue eskuetan eta gaixtakeria erietan…Gezurra darizue
ezpainetarik…“ (Is 59, 1-3)
Hobeki konprenitzen da hitz horiek irakurri eta zergatik salmoak Jainkoaren urrikalmendua
eskatzen duen. Ahantzi gabe ahatik „ Jaunaren eskua ez dela laburregi heien salbatzeko.“

Bigarren irakurgaia

( Bere ahulezian dauka apostoluak bere indarra )

Jondoni Paulok Korintiarreri 12, 7-10

Haurrideak,
7 hain dira ohi ez bezalakoak ukan ditudan agerpenak,
non, nere burua den baino handiagotzat har ez dezadan,
haragian badut ezten bat,
jo eta jo ari zaitan Satanen ordezkari bat, urgulutan sar ez nadin.
8 Hiru aldiz eskatu diot Jaunari, ken dezan hori nereganik.
9 Bainan erran daut:
“ Aski duzu nere grazia,
nere indarrak ahulezian baitu bere betea emaiten.”
Gogotik, beraz, harro izanen naiz nere ahuleziez,
Kristoren indarra bizi dadin nere baitan.
10 Horrengatik pozik nabil, Kristorengatik jasaiten ditudan
ahulezia, laido, beharraldi, pertsegitze eta hersturetan.
Ahul naizenean, orduan bainaiz indartsu.

Paulok, Ezekielek bezala, ohi ez bezalako agerpen bat ukan du. Bertze munduko zerbait
ikusi du eta harek emanen dio behar duen indarra bere eginbeharraren betetzeko. Holako fagore bat
zerutik ukan ondoan, nolaz ez urgulutan sar ? Bainan “ neure burua, den baino handiagotzat har ez
dezadan, haragian badut ezten bat“ Zer ote zen ezten hura ? Berak ez du sekulan xehetasunik
eman. Eritasuna ? „ Badakizue, eri nintzen batez mezutu nauzuen berriona lehen aldikotz, bainan
osagarri-ezarengatik nekagarri izan banintzaizuen ere, zuek ez zinautaten mespretxurik ez
okaztarik erakutsi.“ ( Gal 4, 13-15)
Bertze oinaze iturri bat izan zitaiken : bere anaiek, juduek, ez zutela Jesus Jainkotzat hartu,
ez eta ere, Izraelek igurikatzen zuen Mesias-tzat.
„Ahul naizenean, orduan bainaiz indartsu.“ Eta orduan da agertzen Jainkoaren aintza eta
Kristo piztuaren indarra. Paulok, Kristok bere agonia orduan bezala, hiruetan otoiztu du Jainkoa
galdatuz ken dezon bere haragian duen ezten hori. „Nere grazia aski duzu!“ Horra ukan duen
erantzuna : Nere indarra, bere betean, ahulezian da agertzen. Ez dugu beraz nehoiz etsitu behar.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jaunak igorri du Jesus bere zerbitzaria,
Behartsueri ekartzera salbamenduaren Berri Ona.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 6, 1-6

1 Jesus badoa bere herrirat, bere dizipuluak jarraikitzen zaizkiola.
2 Larunbatkari zinagogan irakasten hasi zen.
Harrituak, entzule ainitzek erraiten zuten:
“ Nondik du hori? Zer da emana zaion zuhurtzia hori?
Eta horren eskuz gertatzen diren mirakuilu horiek?
3 Ez ote da hau zurgina, Mariaren semea,
Jakobe, Jose, Judas eta Zimunen anaia?
Horren arrebak ere ez ote dira hemen gure artean bizi?”
Eta erorbide zen heientzat.
4 Jesusek erran zioten:
“ Profeta ez da mespretxatua, bere herrian baizik,
bere ahaideen artean eta etxean baizik.”
5 Eta ezin izan zuen han mirakuilurik egin.
Halere eri batzu sendatu zituen , gainean eskuak ezarriz.
6 Harriturik zagon heien sinesgogorkeriaz.
Gero, inguruko herrietan zabilan, irakasten.

Marken ebanjelioaren arabera, Jesusek bere herria utzi zuen Jondoni Batistaganat joaiteko
Jordan ibaiaren bazterrerat, bataiatua izaiteko.
Galilean barna hasiko da predikatzen. Hor bere apostoluak hautatuko ditu. Bere familiako
batzuek burua galdua duela diote laster. Farisauak ez dira Jesusekin akort. Batzuek erabakia ere
dute Jesusen hiltzea. Hunen bekatua, besteak beste : eriak sendatzea eta hori berdin larunbatez.
Egungo ebanjelioak Jesusen bere herrirat berriz itzultzea kondatzen dauku. Herriko seme
horren fama hedatua zen. Alabainan :“ Harrituak, entzule ainitzek erraiten zuten : nondik du hori ?
Zer da emana zaion zuhurtzia hori ? Eta horren eskuz gertatzen diren mirakulu horiek ?“
„ Jesus badoa bere herrirat , bere dizipuluak jarraikitzen zaizkiola“ Beraz dizipuluak ere
hor ditu, bainan ixilik daude. Eta ikusten dute bereri ere zer gertatuko zaien askotan. Jesusek, orai
artean ere, kontrakoak entzunak eta ikusiak ditu. Bainan hemen gehiagokoa jasan behar du.
Mirakulurik ez zuen egin ahal izan han, senditzen baitzuen, ez bakarrik ez zutela haren baitan
sinesten, bainan ere mesprexu eta herraz beteak zirela haren alderat.
Zer gertatzen da ba hor ? Jendeak badaki, edo uste du badakiela, nor den Jesus : zurgina,
Mariaren semea, heien auzo bat, heien iduriko bat. Bizkitartean gizon horren ahotik ateratzen diren
hitzak eta egiten dituen mirakuluak ez dira bertzeak bezalako gizon batenak. Nundik du indar edo
ahal hori ? Profeta bat izan balitz jakinen ginuen, ez ? Denbora hartako jendeentzat Jainkoa sobera
handia da, holako familia xume batetarik atera gizon bati bere fagoreak emaiteko. Jainkoaz duten
itxurak ez ditu utziko ikusterat nor duten beren artean ! Harrigarria! Eta bi gogoeten egiterat
bakotxa gomitatzen duena. Guretzat ere nolakoa da Jainkoa, nor da Jainkoa ? Eta gure ingurukoak
beren egian ezagutzen ote ditugu ?
Azpimarratzekoa da ere etxekoak eta herritarrak direla gutienik ekarriak Jesusen baitan
sinesterat : “Profeta ez da mespretxatua, bere herrian baizik, bere ahaideen artean eta etxean
baizik.“ Ezekiel profetak bazakien horren berri : “Zure herritarrak zutaz ari dira harresi
ondoan…entzuten dituzte, bai, zure hitzak; ez betetzen, ordea.“ (Ez 33, 30-32)
„Harriturik zagon heien sinesgogorkeriaz.“ Horrek erran nahi du Jesus ez zela denak
aitzinetik zazkien norbeit, gizon bat zela bere gizon muga guziekin eta ez zela aitzinetik egina haren
bizia, Jesusek libertate osoz gauzatu behar zuela bere bizia.
Azkenik ohargarri dena hau da : „Eta ezin izan zuen han mirakulurik egin…“ Eta hori
federik ez zuelakotz bere inguruan sendi. Mirakulua eta fedea elgarrekin doazi. Marken ebanjelioak
ongi erakusten du hori.