Sinesgabetasunaren misterioa (Markos 6,1-6)
Urteko 14. Igandea B 2021-07-04
Joan den igandean bi fede-etsenplu adierazi zizkigun Markosen ebanjelioak: odol-jarioa zuen emakumearena eta Jairorena. Gaur nazaretarren Jesusen kontrako jarrera agertzen digu: beren fede-faltaz harridura eragin diote Jesusi. Profeta bat bereen artean onartua izatea ez da albiste berri bat. Gertatu zitzaien hori antzinako profetei. Kasurik mingarriena Ezekielena da. Jainkoak adierazi dio dei egin dionean, beraren ekintza porretarako egina dagoela.
Ezekielen porrota (Ez 2,2-5)
Ezekielen bokazio-kontaera profeta-bokazio guztietan luzeena da: kasik hiru kapitulu gaur egungo zenbakitzean (Ez 1,1–3,15). Liturgiak pasarte labur bat hartu du, ebanjelioarekin duen erlazioagatik.
Testua interesgarria bezain nahasgarria da. Israel herriaren iragan guztia bihotz bihurri eta gogo baten historian biltzen du, eta seme-alabak ez dira gurasoak baino hobeak. Zein jarrera izango du Jainkoak? Haietaz axolagabetzea, basamortuan Moisesi proposatu zion bezala? Herri bekatari hau suntsitu eta beste bat hautatu? Erabakia hitz egiten jarraitzea da, bere ahotsa entzunaraztea. Mezuaren edukia da gutxiena inporta duena; gainera ez da zehaztu une horretan. Funtsezkoa Jainkoak hitz egin izana da eta hitz egiten jarraitzea, formula honek azaltzen duenez: «Hau dio Jaunak». Ezekiel, Jesus bezala, Jainkoak hitz egiten duenaren lekuko da. Baita Jainkoaren porrotaren lekuko ere.
Zergatik da hau horrenbeste inporta duena? Ororen errua ez leporatzeko Jainkoaren isiltasunari. Nazien kontzentrazio-eremuetako esperientziak hau idaztera eraman zuen judu-idazle bat: «Auschwitzen ondoren ezin hitz egin da Jainkoaz». Ezekielek erantzuten dio: «Jerusalem suntsitu eta jendea Babiloniara erbesteratu ondoren jarrai daiteke Jainkoaz hitz egiten, berak hitz egiten jarraitzen duelako».
Jesusen porrota (Mk 6,1-6)
Interesgarria da konparatzea Nazareten gertatua Markosen ebanjelioaren hasieran gertatutakoarekin: larunbat batean hau ere, Kafarnaumen, Jesusek parte hartu du sinagogan eta jendeak galdezka dihardu, zur eta lur: «Zer esan nahi du honek guztiak? Irakaspen berria da, aginpidez emana. Espiritu likitsei berei agintzen die eta horiek obeditu egiten diote». Irakaspenak eta mirariek Jesusekiko mirespena eta konfiantza eragiten dute, arratsalde horretan berean mirari ugari egin baitu (Mk 1,21-34).
Beste larunbat batean, Nazareteko sinagogan, orobat harritu da jendea. Baina, oraingoan, Jesusen irakaspenak eta mirariek ez dute federik sortu, baizik eta sinesgabetasuna. Kristau-apologetikak askotan hartu izan ditu mirariak Jesusen jainkotasunaren frogatzat. Gaurko ebanjelioko gertakizun honek argi jarri du mirariak ez direla ezertako jendeak sinesteari uko egiten dionean. Aitzitik, sinesgabetasunera eraman du.
Jesusen mirariak enigma gertatu izan dira garaiko agintari teologoentzat, lege-maisuentzat, eta konklusio hau atera izan dute hauek: «Beelzebu du Jesusek bere barnean eta deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu deabruak» (Markos 3,22).
Nazaretarrak ez dira iritsi horretaraino. Jarrera bitxi bat hartu dute; gaur egun ez genuke jakingo nola kalifikatu: ez dituzte ukatzen Jesusen jakinduria eta mirariak; baina, Jesus txiki-txikitatik ezagutzen dutenez eta beraren familia ere ezagutzen dutenez, ez diete ikusten argibiderik, eta eskandalugarri gertatu zaie.
Jesus, eskandalu-bide
Grekoz, «eskandalu» hitzak tranpa, segada, harrapagailu esan nahi du, animaliak harrapatzeko jarria. Metaforaz, ebanjelioan Jesusi jarraitzea oztopatzen duenari aplikatzen zaio batzuetan, errotik desegin beharreko denari («zeure eskuak, zeure oinak, zeure begiak, eskandalizatzen bazaitu… moztu, atera ezazu»).
Gauza kuriosa gaurko ebanjelio honetan: Jesusi jarraitzeko oztopo dena Jesus bera izatea da, ez egiten duenagatik, baizik beraren jatorriagatik. Norbaitek Jesus ezagutzen duela uste duenean, «nondik datorren», beraren familia zein den dakiela uste duenean; hori guztia giza era hutsean interpretatu nahi duenean, Jesus oztopo gertatzen zaio federako. Markosen ikuspuntuaren arabera, nazaretarrak logikoagoak dira Jesusengan sinesten dutela esan baina edozein profeta bezalakotzat hartzen dutenak baino.
Jesusen txundidura eta ezina
Markosi Jesus Jainkoaren Seme bezala aurkeztea gustatzen zaio, baina beraren gizatasuna oso argi utziz. Horregatik, ezin ezkutatu ditu Jesusen txundidura eta Nazareten mirari handiak egiteko ezina, herritarren fede-faltagatik. Errepara diezaiogun formulazioen diferentziari: Markosek «ezin egin izan zuen inolako miraririk» eta Mateok «Beraien sinesgabetasunagatik, ez zuen egin han mirari askorik».
Nazaret sinbolo gisa
Hiru ebanjelio sinoptikoek garrantzi handia ematen diote Nazareteko pasadizoari, Jesusen porrota azpimarratuz (bertsiorik gogorrena Lukasena da; honetan nazaretarrek pendizean behera amilarazi nahi izan dute Jesus). Zergatik garrantzi hori? Nazaretekoa israeldar gehienekin gertatuko denaren sinbolotzat eman nahi izan dutelako: «Soilik bere aberrian, bere ahaideen artean eta bere etxean mespretxatzen dute profeta».
Porrotak ez dio etsiarazi Jesusi
Jesusek porrot egin du Nazareten, baina horrek ez dio eragin etsipenik, ezta bere jarduera etetera ere. Ezekielek bezala (1. irakurgaia: Ez 2,2-5), aditu ala ez, aitorpen argia utziko du: israeldarren artean profeta bat ari dela.
Gogoeta
Sarritan entzun izan dut esaten: «Hobeak bagina, Eliza Jesusek nahi zuena bezalako balitz, Jesusek bezala jokatu bagenu, jendeak onartuko luke ebanjelioaren mezua eta ez litzateke egongo horrenbeste sinesgabetasun». Gaurko irakurgaiek agertzen digute ezen uste hau xaloegia dela. Ez gara izango inoiz ere Jesus bera baino hobeak, eta Jesusek ere porrot egin zuen. Ez Nazareten bakarrik, baita Korozainen, Betsaidan, Kafarnaumen, Jerusalem… Halere, ez zion utzi inoiz ere Aitak gomendatu zion misioa betetzeari. Hauxe da gaur ebanjelioan eman digun etsenplu handia.
José Luis Sicre