BEREEN ARTEAN UKATUA (Markos 6,1-6)
Urteko 14. Igandea B 2021-07-04
Jesus ez da Tenpluko apaiz bat, erlijioa zaintzera eta sustatzera emana. Ez du hartzen inork Lege-maisutzat ere, Moisesen Tora defenditzera emandakotzat. Galileako baserri-jendeak, haren keinu sendatzaileetan eta haren suzko hitzetan, Jainkoaren Espirituak eragina den profeta baten jarduera ikusten du.
Jesusek badaki bizitza zaila eta gatazkatsua izango duela. Erlijio-buruzagiek aurre egin diote. Profeta ororen zoria da. Ez du barruntatzen artean, hain xuxen bereek egingo diotela uko, haurtzarotik hobekien ezagutzen dutenek.
Esan daiteke, Nazareteko herrian Jesusi egin zioten ukoa oso komentatua izan zela lehen kristauen artean. Hiru ebanjelarik xeheki jaso dute pasadizoa. Markosen arabera, ikasle-talde bat lagun duela iritsi da Jesus Nazaretera, eta profeta sendatzaile baten fama duela. Jesusen auzotarrek ez dakite zer pentsatu.
Larunbata iristean, herriko sinagoga txikira doa Jesus. Eta «irakasten hasi da». Auzokoek eta familiartekoek doi-doi entzuten diote. Galdera-mota asko dituzte beren artean. Haurtzarotik dute ezaguna Jesus: auzotar bat gehiago da. Non ikasi du mezu harrigarri hori Jainkoaren erreinuaz? Nondik datorkio sendatzeko ahalmen hori? Markosek dio, «guztiz nahasirik zeuzkala». Zergatik?
Landa-jende hark uste du dena dakiela Jesusez. Haurtzarotik moldatu dute hartaz beren ideia. Beren aurrean agertu zaien bezala onartu ordez, hartaz duten irudiak blokeatu egin ditu. Irudi horrek ez die utzi Jesusen baitan den misterioari bihotza irekitzen. Gogor egin diote harengan Jainkoaren hurbiltasun salbatzailea ikusteari.
Bada besterik ere. Profetatzat onartzeak, Jainkoaren izenean agertu dien mezua entzuteko prest egotea eskatuko lieke. Eta horrek arazoak ekartzen ahal lizkieke. Beren sinagoga dute, beren liburu sakratuak eta beren tradizioak. Bakean bizi dute beren erlijioa. Jesusen presentzia profetikoak herrixkako bakea hausten ahal du.
Kristauek irudi aski desberdinak ditugu Jesusez. Denak ez datoz bat hurbiletik ezagutu eta jarraitu ziotenen irudiarekin. Nork bere irudia dugu Jesusez. Irudi honek baldintzatzen du fedea bizitzeko era. Jesusez dugun irudia pobrea, erdizkakoa edo desitxuratua bada, pobrea, erdizkakoa edo desitxuratua izango da gure fedea.
Zergatik saiatzen gara hain gutxi Jesus ezagutzen? Zergatik eskandalizatzen gaitu haren giza ezaugarriak gogoratzeak? Zergatik egiten diogu gogor Jainkoa Profeta batengan haragitu dela aitortzeari? Haren bizitza profetikoak geure elkarteak eta gu geu sakon eraldatzera behartuko gintuzkeela barruntatzen dugulako ote?
Jose Antonio Pagola